Ainhoa Urien. Idazlea

«Sormenak ere asko izan dezake zaintzatik»

'Poesia zaurietan ukendu. Xabier Leteren arrastoan' saiakera estiloko bidaia baten kronika ondu du Urienek. Leteren poetikak sormenaren ahal terapeutikoaz pentsarazi dio, baita gorputzak gaurko gizartean duen leku faltaz ere.

JON URBE / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2021eko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Azalera ere eraman du haren bisaia, baina Ainhoa Urienek (Abadiño, Bizkaia, 1995) dio ez dela Xabier Leteren inguruan preseski idatzitako liburu bat berea. Haren aitzakian, haren akuiluan edo, izenburuan datorren moduan, haren arrastoan hainbat konturi buruz pentsatzeko baliatu du lehen lana, Pamielarekin emana: Poesia zaurietan ukendu. Xabier Leteren arrastoan.

Zenbateraino da Leteri buruzko liburu bat orduan?

Lanak bi izenburu ditu, eta islatzen du barrukoa. Horixe dela Leteren inguruko liburu bat, baina aitzakia bat izan da nire hausnarketa batzuk sostengatzeko. Horrek eman dit haren ingurua ezagutu eta bidaia bat egiteko aukera, eta hori kontatu dut. Baina ideia nagusia sormen prozesuek duten funtzio erdi terapeutikoa da, eta horrek gorputzari eta gaitzei buruz pentsatzea dakar.

Harritu da jendea 25 urteko gazte bat Leteren atzetik ikustean?

Bai. Oso erreakzio ohikoa izan da, baina ez dut txarrera hartu. Ez dut sentitu pudorerik. Emozioz egin dut, eta oso kontzienteki biluzi naiz, nahi izan dudalako. Askatasunaren praktika bat egin dudala sentitzen dut orain liburuarekin.

Egunsentiaren esku izoztuak-ek 14 urterekin sortu liluragatik hasi zinen. Badakizu zergatik?

Dena janda emateko joera dago, baina umeak liluratzen direnean asko ikasten dute, ulertu ez arren. Eta uste dut hori gertatu zitzaidala. Egundik iruditzen zait Lete oso poeta ona dela, irudi ederrak eraiki eta irakurlea identifikatuta sentiarazten duelako, eta hori ere ikusiko nuen. Gerora beti izan da soltatu nahi ez nuen liburu bat.

Ordutik «hamar urteko ibilbide liluratu baten kronika liluratua» egin duzula dio Joxerra Gartziak.

Hala izan da. Unibertsitateko gradu amaierako lana egiteko hasi nintzenean gaia lantzen, poesia zaurietan ukendu zen nire maxima. Sorkuntzaren gaitasuna txarto gaudenean arnasa emateko. Ordurako nik baneukan Leteren poemen lilura barruan, eta agerikoa zen bi bideak batuko zirela. Letek izan dituelako aberriarekin une ekaiztsuak, duda existentzialak... baina, batez ere, gaixo egon den pertsona bat izan da.

Horrek eraman zaitu gorputzaz pentsatzera?

Asko lagundu dit ospitalera joateak. Han kolpean ohartzen zara zure bizitza gorputz batean sostengatzen dela. Horren kontzientzia handia hartu dut liburua idaztean. Gizarte honetan gelditzen garen une bakarrenetakoak izaten dira gaixoaldikoak. Orduan aldentzen gara abiaduratik eta efimerotasunetik. Gainontzean, materialtasuna sartzen ez den lekuetan bizi gara, sakelakoen barruetan, esnatu eta lehen gauza Twitterra begira, hilerokoarekin ibuprofenoa... beti gorputzetik iheska. Baina hor dago beti: errealitate ukaezina da gorputza.

Hor topatuko zenuen talka bat batu zaren jendeak (Jose Angel Irigarai, Arantxa Lete, Gartzia...) deskribatu dizun garaiaren eta oraingoaren artean.

Bai. Nagusiagoak diren horiekin edo besterik gabe gauzak bestela bizi dituztenekin elkartzean ohartzen zara ze esajeratua den gaurko bizi abiadura, nola bizitza kontenplatiboago batek eraman ahal zaituen zu zeu eta ingurua hobeto zaintzera. Ohartzen zarenean gorputzean zarela, beste tempo batean bizi zara. Liburuan ere esaten dut: ez dago heriotzaren kontzientzia hartzea bezalakorik bizitza gehiago baloratzeko.

Eta nolatan poesiaren alde sendatzailea arakatzeko gogoa?

Unibertsitate garaian poema pila bat idazten nituen, ia bat eguneko. Ohartu nintzen asko une tristeetan idatzitakoak zirela eta pentsatzen nuen ez ote nuen idazten horietatik nolabait salbatzeko. Uste dut sorkuntzarako joera bat izan dugun guztiok pasatu garela hortik. Nik urte askotan izan dut iluntasuneranzko joera handia. Eta egin dut prozesu bat neure burua maitatzeko eta askeago izateko; ikusten da liburuan. Bide horretan atera ditudan ondorioetako bat izan da zauriak ez direla beti soilik gauza mingarriak, horiek gainditzeak eta hitzetan jartzeak ere eragiten duela aringarri bat.

Filosofiatik gaira hurbiltzeak izan du eraginik?

Klasean estetika-eta lantzen genituenean, askotan ateratzen ziren gaixo egondako artistak, erotzat hartutakoak... eta esaten zuten sorkuntza izan zitzaiela barrua lasaitzeko bidea. Hor ikusten nuen nire tesia konfirmatua.

Leteren figurak sortu izan ditu iritzi kontrajarriak, aurten agian hainbeste aipatu ez badira ere. Hortik libre sentitu zara?

Bai. Gai asko daude horren atzean: ETArekiko kritika, desleialtasunarena, plagioarena...baina ni ez naiz sartu betean haren figuran. Hortik aske sentitu naiz. Ez dakit pertsona eta obra nora arte bereiz daitezkeen, baina ni liluratu naute Xabier Leteren poemek, ez Xabier Letek. Haren obraren aldarrikapen bat izan da, ekarpen eztabaidaezin batena. Hura ezagutzeko bidea haren inguruko jendearekin egoten egin dut, eta hori niretzat opari bat izan da.

Luxuzko transmisio foroak?

Bai. Gaur komunikatzea ez da inola ere arazo bat, baina kalitatea bai. Mezu elektroniko batean kontatu ahal bada, zertarako gelditu? Baina dena ez da berdin. Garrantzia eman diot jendearekin egoteari, are, haiek Leterekin konpartitu zituzten espazioetan egoteari; Felix Zubiarekin ospitalean eta abar.

Ezustekorik izan da solasetan?

Gehien harritu nauena agian izan da Lete ezagutu duen jendeak baduela gogoa haren alderdi umoretsua ateratzeko.

Aberriari buruzkoek eman dizute zer pentsaturik?

Egia esan, ez askorik. Joxerrarekin aritu nintzen aberriminaz, berak nahi zuen aberria existitzen ez zelako minak ere nola eraman zuen Lete idaztera. Lehen liluraz aritu gara, eta gogoan dut 15 bat urterekin Ikasle Abertzaleetan militatzen eta nola entzuten nuen Aberri ilunaren poema. «Maite zaitut, Euskadi, eta alferrik da/ez zaitudala maite oihukatzen badut...». Nahiz eta ez nengoen erabat ados, gogoan dut gustatzen zitzaidala zalantzan jartzea guretzat zalantzaezina zena.

Aitortzen duzu Letek zeure poemetan izandako eragina. Ale bakarra erakutsi duzu, ordea.

Bai, ez neukan asmorik nire poemak sartzeko: beste erregistro bat eskatzen zidan testuak. Baina poema hori sartu dut jolas bat egiten duelako norbera leihora begira egon eta leihoak norbera begiratzearen artean. Motxilaren arabera datoz jarrerak, idazkera eta beste, eta nik gehien irakurri dudan poeta orain arte Lete izan da.

Gorputzaz jabetu zarenetik bizitzari «beste poetikotasun batez» begiratzen diozula berresten duzu azkenetan.

Bai. Eta pribilegio bat ere bada ia. Denek ez dute ordubete Antiguatik hona oinez etortzeko. Baina saiatzen naiz pausa bat jartzen bizitzan. Sormenaren balio terapeutikoa aldarrikatzea ere bada norbere buruaren zaintza aldarrikatzea. Sortzea ez da bakarrik batzuek artelan ederrak sortzeko duten gaitasuna. Sortu denok sor dezakegu, modu batean edo bestean, eta horrek asko izan dezake zaintzatik. Nahiz eta ez sortu, sor dezakezula sentitu. Eta horretarako, bizitzari adi egon behar da.

Hitzaren funtzioaren gogoetek zeharkatzen dute lana; Irigaraik dio hilkortasunetik une batez salbatzeko ere idazten dela.

Uste dut idazten dugula galdera unibertsalei erantzun bat ematen saiatzearren, eta, sinpleago, bizitza ederragotzeagatik ere bai. Baina eternizatzeko nahia ere hor dago. Idatzi duzunak irauten duen bitartean, zuk ere irauten duzu nolabait. Denok dugun gatazka bat da: badakigu hilko garela, baina badugu behar bat denboran irauteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.