Su-etena sinatu eta ia bi urtera, berpizten hasi da Ukraina ekialdeko gatazka. Donetsk eta Luhansk eskualdeen mugako frontean hainbat liskar izan dira azken hilabeteotan Ukrainako armadaren eta ekialdeko ekintzaile errusiarzaleen artean, eta joan den asteburuaz geroztik nabarmen larritu dira, batez ere Avdiivka herri industrialean. Atzo, beste bi zibil hil ziren gutxienez.
Ukrainako Gobernuak kontrolatzen duen lurraldearen eta ekialdeko errusiera hiztunek aldarrikatutako «errepublika autonomoen» arteko gune grisean dago Avdiivka. Akordioaren arabera, neutrala da lurralde hori, baina bi aldeek sarri egotzi diote elkarri muga igarotzea. Urtarrilaren amaieraz geroztik, granada eta mortero erasoak salatu dituzte alde ukrainarretik. Armadako bozeramaile baten arabera, astebetean 32 pertsona baino gehiago hil dira; zibil batzuek Donetsk hiriburura jo dute babes bila, eta herria bera argindarrik gabe geratu da Ukrainako negu gorrian. Han bertan jarraitzen duten kazetari urrien arabera, 2015az geroztiko eraso larrienak dira oraingoak.
Trupmen hitzen zain
Ukrainako gerra duela ia hiru urte hasi zen, Viktor Janukovitx orduko presidentea —errusiera hiztuna eta ekialdeko eskualdeen autonomiaren defendatzailea— agintetik egotzi zutenean. Hura merkataritza askeko ituna sinatzear zen Europako Batasunarekin, baina, horretarako, Errusiaren baliabide batzuei uko egin beharko ziela ohartuta, atzera egin zuen azken unean. Gatazka gerra bihurtu zen, batez ere ekialde errusiar hiztunean. Krimea Errusiaren menpe egotera igaro zenean, Donetsk eta Luhansk eskualdeko miliziek ere autonomia aldarrikatu zuten; Mendebaldetik, ordea, berehala ukatu zuten, Moskuk armak ematen zizkiela argudiatuz.
Kieveko gobernuak eta ekialdeko eskualdeetako ordezkariek 2015eko otsailean sinatu zuten hala moduzko bake akordioa Minsken. Harrezkero, izoztuta egon da gatazka oro har, baina egunotan berpiztu da, inork zehazki ez dakien arrazoiren bategatik: aldeek elkarri egozten diote errua.
Kiev nazioartera begira dago batez ere. Donald Trump AEBetako presidente berriak kezka sortu du han: Ukrainako Gobernuak erabateko babesa jaso izan du orain arte Washingtondik, baina Trumpek Errusiarekin ongi moldatzeko asmoa agertu du. AEBetak NBEn daukaten enbaxadore Nikki Haileyk uxatu ditu Kieven izuak: «Errusiaren erasoak» gaitzetsi eta Krimea «itzuli» ezean, AEBek Moskuren aurkako zigorrei eutsiko dietela iragarri zuen. Akaso horrek ere adoretuko zituen mendebaldeko ukrainarrak, baita Petro Poroxenko presidentea ere: hark NATOn sartzeari buruzko erreferendum bat iragarri du. Liskarren goraldiari are su gehiago eman diezaioke horrek, Errusiarentzat marra gorria baita, eta NATOk berak ere ez baitu desio.
Gerra ahaztua berriz piztua
Ukraina ekialdeko frontean liskar handiak izan dira azken egunotan. Igandetik, 32 lagun hil dira, eta gune batzuk argindarrik gabe daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu