Hilketa matxista bat gertatu zen atzo arratsaldean Angelun (Lapurdi). Emakume bat tiroz hil zuten, eta bere senarrak bere buruaz beste egin zuen. Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak jakinarazi duenez, «oraindik informazio gutxi bada ere», ikerketako lehen elementuen arabera «nahita egindako homizidio bat eta suzidio bat» gertatu dira. Indarkeria matxistaren eraginez 106 emakume eta 11 adingabe hil dituzte Euskal Herrian, 2003tik. Aurten hil duten laugarren emakumea da; bigarren, konfinamendu aldian
Baionako prokuradoreak azaldu duenez, suhiltzaileek telefono dei bat jaso zuten atzo arratsaldean, 14:00ak aldera; gizonezko batek ohartarazi zien bi gorpu topatuko zituztela Angeluko apartamentu batean. Larrialdi zerbitzuak bertara joan zirenerako, emazte baten eta gizon baten gorpuak aurkitu zituzten, biak suzko arma berak hilak. 83 urte zituen andreak, eta 89 gizonezkoak.
Frantziako Poliziak ikerketa bat abiatu du zer gertatu denargitzeko. Bourrier prokuradoreak jakinarazi duenez, lehen ondorioen arabera, gizonezkoak hil zuen emaztea, eta, ondoren, suzko arma berarekin bere buruaz beste egin zuen. Uste dute 89 urteko gizonak berak hots egin ziela suhiltzaileei, bere buruaz beste egin aurretik.
Indarkeria matxistaren eraginez beste hiru emakume hil dituzte aurten. Martxoaren 11n, bikotekidea eta alaba hil zituen gizonezko batek Abanton (Bizkaia). Miren Uranga eta Paola Mendez ziren ama-alabak. Bi emakumeen hilketak Sanfuentes auzoan gertatu ziren, goizean, eta arratsaldean atxilotu zuten gizonezkoa.
Martxoaren 16an, berriz, Soraluzen (Gipuzkoa), Ertzaintzak hilik topatu zuen 73 urteko emakume bat bere etxean, buruan kolpe handia zuela. Haren 33 urteko semea atxilotu zuten ertzainek.
Salaketak, %10 gora
Koronabirusari aurre egiteko konfinamendua hasi denetik, indarkeria matxista kasuak azkarki emendatzen ari direla abisatu dute azken asteetan. Herve Jonathan Baionako suprefetak jakinarazi du Frantziako Poliziak jasotako deiak %60 emendatu direla Ipar Euskal Herrian. Salaketak ere %10 emendatu dira.
Salaketa jartzeko zailtasunez ohartarazi dute talde feministek. «Pentsatzen dut egingarritasunarekin lotua dela: zailagoa da etxetik ateratzea. Gordeka irtetea are zailagoa da konfinamendurengatik», ohartarazi zuen Andrea Pebet Ipar Euskal Herriko Elkartasun Sareko kideak egunkari honetan.
Egoera ikusita, erakunde publikoak ezohiko neurriak hartzen ari dira. Hala, protokolo bat sortu dute indarkeria matxistaren biktima direnek farmazietan laguntza eska dezaten, eta Angeluko (Lapurdi) BAB2 merkataritza gunean informazio eta harrera gune bat ireki dute konfinamendu garaian, besteak beste.
Emakume bat hil dute, eta senarrak bere buruaz beste egin du
Angelun gertatu da. 83 urte zituen andreak, eta 89 gizonak. 2003tik 106 emakume hil ditu indarkeria matxistak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu