Santiago Garaio. URSSAko zuzendaria

«Gure esku dagoen guztia egingo dugu aurrera jarraitu ahal izateko»

xabier martin
2021eko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Ez du ezkutatu zuzentzen duen enpresa muturreko egoeran dagoela, baina zuzendaritzak lanean jarraituko duela esan duURSSAko zuzendari kudeatzaile Santiago Garaiok, betiere enpresari eusteko.

Nola atera nahi duzue URSSA orain dagoen zulotik?

Bi oinarri dituen irtenbidea dago: lehena da zorraren berregituraketa lortzea, eta bigarrena, eskaera berriak eskuratzea. Krisi sakona dugu sektorean aspaldian, eta, iazko maiatzean, konkurtsoaren aurrekora joan ginen. Bankuekin ituna egin genuen, betiere eskaera jakin batzuk lortzera loturik, eta eskaera horiek ez ditugu lortu, azpiegitura proiektu handien inbertsioa bertan behera geratu delako bai Espainian eta bai Frantzian, gure merkatu handietan.

Zer gertatuko da langileekin?

Ehun bat kooperatibista gaude, eta jendea Mondragoneko beste kooperatiba batzuetan ari da lanpostua lortzen.

Mondragonen diru laguntzak jaso dituzue?

Bai, jaso ditugu krisian dauden kooperatibentzat finkaturik dauden elkartasun laguntza batzuk.

Eta orain, zer?

Bezero berriak lortzea da bide bakarra, kontratu berriak. Gaiak erosteko finantzaketa emango baligute, izango lirateke aukera batzuk, zorra berregituratzeko bidea zabalduko litzatekeelako, agian.

Zenbateko zorra du URSSAk?

Ez gara esaten ari. Badakit zerbait kaleratu dela, eta ez dut berretsiko kopururik, baina, edonola ere, zor handia da, konkurtsora eraman baikaitu.

Ez du ematen soluzio erraza dagoenik.

Baina kooperatibari eusten saiatu behar dugu; egoera oso zaila da, zalantzarik gabe, gure sektorearen beherakadari COVID-19aren krisi orokorra gehitu zaiolako, eta inbertsio publiko eta pribatua eten egin delako. Gure merkatuak gelditu egin dira, baina ez dugu etsi oraindik. Gure esku dagoen guztia egingo dugu aurrera jarraitu ahal izateko. Ez dugu baztertzen formularik enpresari eusteko.

Zenbat soldatapeko aritu dira orain arte URSSAn?

Hogei bat langile ditugu, eta akordio bat egin dugu haiekin, erregulazio baten bidez kontratua eteteko. Luze gabe gauzatuko da espediente hori, dagoeneko sinaturik baitago dena. Uste dugu alde guztientzat izan dela akordio ona. Langileen ordezkaritzak eta zuzendaritzak egin dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.