Lurralde desoreka areagotzen ari da Euskal Herrian. Udalbiltzak identifikatua du arazo hori, eta irtenbide bat bilatzea erabaki du. Horretarako, Hauspotu, herriak bizituz programa aurkeztu zuten atzo, Donostian. Han izan ziren Jabi Asurmendi Udalbiltzako lehendakaria, Gorka Julio Koop 57 taldearen ordezkaria, eta Leire Udabe OlatuKoop taldearen ordezkaria. Bi talde horien laguntzaz sustatuko ditu Udalbiltzak Ekonomia Sozial Eraldatzailean (ESE) oinarritzen diren proiektuak, behar gehiena duten eskualdeetan. Ziurtatu dute Udalbiltzaren proposamena dela «Euskal Herri mailako arazo larri horri Euskal Herri mailako erantzuna» ematea.
Egitasmoa «baldintza sozioekonomiko latzenak» dituzten eskualdeetan garatuko da; hau da, zerbitzuen irisgarritasun, despopulazio eta langabezia arazoak dituzten eremuetan. Egoera horretan dauden bost eremutan abiatuko dute proiektua: Pirinio Kontinentalean —Nafarroa Beherea eta Zuberoa—, Pirinio Penintsularrean —Auñamendi, Pirinioaurrea, Erronkari, Zaraitzu, Zangozaldea eta Irunberri—, Nafarroa Erdigunean —Tafallaldea, Estellerria eta Izarbeibar—, ArabanMendialdea, Trebiñu etaIbarrak— eta Enkarterrietan.
Proiektua bi ardatzetan banatu dute: babes ekonomikoa eta babes teknikoa. Bi laguntza mota horiek emango zaizkie proiektu berriei eta, dagoeneko martxan egon arren, aurrera egiteko babesa behar dutenei. Besteak beste, zaintza, etxebizitza, agroekologia eta proiektu komunitarioak eta kolektiboak sustatuko dituzte.
Babes teknikoari dagokionez, OlatuKoopek gidatutako sei formazio saio eskainiko dituzte, ESE ezagutzeko eta martxan dauden hainbat proiekturen berri izateko. Babes ekonomikoaren atalean, Koop57k gehienez 250.000 euroko maileguak emango dizkie ESEn oinarritzen diren proiektuei.
'Hauspotu, herriak bizituz' aurkeztu du Udalbiltzak, despopulazioaren kontra
Ekonomia sozial eraldatzailea oinarri duten proiektuak sustatuko dituzte langabezia, irisgarritasun eta despopulazio arazoak dituzten eremuetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu