Foro Sozial Iraunkorrak «kezka handiz» jaso du joan den astean Etxerat elkarteak Espainiako Estatuko lau kartzelatako komunikazio murrizketen inguruan kaleratutako alerta. Horren arabera, COVID-19aren agerraldien ondorioz, espetxeetan «neurri murriztaileak» hartzen ari dira: aurrez aurreko bisitak debekatu dituzte zenbait kartzelatan, eta berrogeialdia ezarri diete bisitak eduki dituzten presoei.
Hori ikusita, «beharrezkotzat» jo du Eusko Jaurlaritzak presoak gerturatzeko egindako proposamena gauzatzea, «preso bakoitzaren familia ingurunetik hurbilen dauden espetxeetara hurbiltzeko». Alegia, Jaurlaritzari dagokion lurraldean, Martutenera (Gipuzkoa), Basaurira (Bizkaia) eta Zaballara (Araba). Horrez gain, Nafarroako Gobernuari berriro eskatu dio antzeko plan bat proposa dezala, Nafarroako preso guztiak Iruñeko kartzelara ekartzeko, «jatorria, ohiko bizilekua edo familia ingurunea Nafarroan duten» presoen kasuan.
Foroak azpimarratu du proposamenak Eusko Legebiltzarrean «aurreko legealdian baino adostasun politiko handiagoa biltzen» duela: «Egun, ganberaren %90,6k babesten dute; XI. legegintzaldian, berriz, %88k». EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosek babesten dute proposamena, eta, gainera, «erabat erantzuten dio Europako Kontseiluak oraintsu eguneratutako gomendioei». Gomendio horien arabera, presoak berak aukera dezake nora lekualdatu nahi duen. Foroak adierazi duenez, «komenigarria» litzateke Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak senideekiko «enpatia keinuak» egitea. Datozen hilabeteetan «bideratze lanetan sakontzeko konpromisoa» hartu du foroak, «presoen auzia espetxe politika normalizatu baten aplikazioaren baitan konpon dadin, birgizarteratze ibilbide baten bidez». Bakegileek, berriz, irailaren 19ko mobilizaziorako laguntzaileak galdegin dituzte.
Bi lekualdaketa
Beste bi mugimenduren berri eman du Etxerat elkarteak: Itxaso Zaldua Soto del Realetik (Madril, Espainia) Topaseko espetxera eraman dute (Salamanca, Espainia); eta Raul Fuentes, berriz, Villenatik (Valentzia, Herrialde Katalanak) Soto del Realera.
Presoak gerturatzeko proposamena gauzatzeko eskatu du Foro Sozialak
COVID-19ak kartzeletan berriki eragindako agerraldiak ikusirik, «premiazkotzat» jo du euskal presoak urruntzeko politika amaitzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu