EHUko ikerlari batek auzitara jo du euskarazko C1 maila eskatu diotelako

Langileak argudiatu du «bazterketa» pairatu duela, postuak berezko duen hizkuntza eskakizunagatik. EHUk denbora eskaini dio, ikasteko

EHUren Leioako campusa, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Ion Orzaiz.
2021eko ekainaren 25a
00:00
Entzun
EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlari batek salaketa aurkeztu du Donostiako administrazioarekiko auzietarako epaitegi batean, unibertsitateak euskara eskakizuna ezarria duelako haren lanposturako. Langile horrek hamabi urte daramatza EHUn lanean, kontratu «mugagabe ez-finko» batekin, baina, 2019. urtean onartutako lanpostu finkoen zerrendaren arabera, postu horri hirugarren mailako euskara eskakizuna dagokio (C1 maila).

Hizkuntza eskakizuna, baina, ez da berehalakoa: 2022ko abendutik aurrera sartuko da indarrean. Salaketa aurkeztu duen ikerlariaren arabera, unibertsitateak ez dio behar besteko baliabiderik eta denborarik eskaini euskara maila hori lortzeko. EHUko zuzendaritzak azaldu duenez, ordea, prozedura «ohikoa» izan da, postuak berezko dituen baldintzak eta betekizunak «ezagunak» ziren aspalditik, eta «baldintza malguak» eskaini dizkiote langileari, «euskara maila eskuratu eta bere postuari eusteko aukera izan dezan».

«Unibertsitatean, beste edozein entitate publikotan bezala, postuak lantalde finkoan sartzen direnean, hizkuntza eskakizun bat ezarri behar zaie, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailak ezarritakoaren arabera. Ohiko prozedura da hori», azaldu du Juncal Gutierrezek, EHUko Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordeak. «Kasu honetan, hirugarren mailako eskakizuna ezarri zitzaion lanpostuari, gainerako teknikari postuekin egiten den era berean».

Lanpostuen zerrenda eta eskakizun horiek «unibertsitate barruko batzordeetan eztabaidatu, adostu eta onartu» zirela gaineratu du Gutierrezek: «Sindikatuek, langileek eta unibertsitateko gobernu kontseiluak onartu zituzten baldintzak». Hortaz, errektoreordeak azpimarratu du auzitan dagoen hizkuntza eskakizuna «lanpostuari dagokiona» dela. «Horrela arautua zegoen hasieratik, eta langileak bazekien hori, ados egon ala ez».

Egunean bi ordu, ikasteko

Langileek euskara maila hori lortzen dutela bermatzeko, egunean bi edo bost orduko baimenak eskaintzen ditu EHUk. Salaketa aurkeztu duen langileari egunean bi orduko ikastaldia onartu zion unibertsitateak, postuaren lan karga handiarengatik. «Unibertsitatearen III. Euskara Planean ezarrita daude euskara gaitasuna lortzeko langileei eskainiko zaizkien erraztasunak», azaldu du Gutierrezek. «Zehazki, langileentzako euskara ikastaroak iragartzen ditugu urtero, eta hainbat aukera daude: egunean bi orduko liberazioak, bost ordukoak, ikastaro trinkoak...».

EHUren kontrako salaketa jarri duen irakasleak argudiatu du bi orduko baimena ez dela aski 2022ko abendurako euskarazko C1 maila lortzeko. Errektoreordearen ustez, baina, unibertsitateak «malgutasunez» jokatzen du halako kasuetan: «Zerbitzuaren betebeharrak oso handiak badira eta langileari ezin bazaio egunean bost orduko liberazio bat eskaini, bestelako aukerak aztertzen ditugu, baldintzak egokitu, epeak luzatu... Hori ere eskaini dugu kasu honetan».

Finean, EHUren apustua «langileak euskalduntzea» dela gaineratu du Gutierrezek: «Unibertsitate elebiduna gara, eta denon asmoa da langile guztiek aukera izan dezatela lanean segitzeko eta euren lanpostuari dagozkien euskara eskakizunak egiaztatzeko, pixka bat beranduago bada ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.