EHU Euskal Herriko Unibertsitateko biokimikari eta Ikerbasqueko ikerlari Ugo Mayorrentzat (Donostia, 1975), txertoa onartu izana «albiste ona» da gizartearentzat, aukera emango baitu «egoerari buelta ematen hasteko», osasun krisia hasi zenetik hamar hilabetera.
Duela urtebete, beste garai bat: izurriaren aurreko azken asteak.
Gogoan dut nazioarteko kongresu bat prestatzen ari ginela Bizkaia aretoan, eta orduan izan nuela lehen aldiz koronabirus berriaren albiste. Antolaketa lanetan ari ginela heldu zitzaigun zurrumurrua, Bartzelonako World Mobile Congress bertan behera utziko zutela, birus baten eraginez. Jakina, gu ere galdezka hasi ginen berehala: aretoko arduradunei, administrazio publikoei... Ea gure kongresua ere bertan behera utzi beharko genukeen, arriskurik ote zegoen. Esan ziguten ezetz, lasai egoteko. Azken unean, Italiatik etortzekoa zen hizlari batek kale egin zigun; han hasiak ziren neurri murriztaileak ezartzen. Otsail bukaera aldera izan zen hori.
Handik gutxira, uholdea.
Hala da, bai. Are: otsailean jada, birusa hasia zen Euskal Herrian hedatzen. Hori gerora jakin genuen, noski, hasieran identifikatu gabeko kasu batzuk atzera aztertu eta COVID-19az kutsatu zirela ikusi genuenean. Uste genuen baino hurbilago zegoen gaitza.
Berandu erreakzionatu zuten erakundeek?
Zaila da hori neurtzea. Beste batzuetan, izurri baten arriskuaz ohartarazi izan digute, baina gure inguruan ez da ezer gertatu, edo oso eragin txikia izan dute. SARS, MERS eta horietaz ari naiz. Izan ere, halako arazo bat garaiz geldiarazten baduzu, pandemia bihurtu aurretik, ez da ezer gertatuko eta inoiz ez duzu jakingo zein zen arriskuaren benetako tamaina. Horregatik diot oso zaila zela SARS-CoV-2ak izango zuen bilakaera aldez aurretik neurtzea. Askoz errazagoa da gauzak aztertzea behin gertatu direnean, eta gero esatea zer egin behar zen.
Martxoan, PCRak egiteko eredu propioa aurkeztu zuen EHUk, baina Eusko Jaurlaritzak tiraderan gorde zuen. Zer gertatu zen?
Martxo erdialdean hasi ginen. Ikerlari talde baten ekimenez abiatu zen kontua, eta EHUk babes osoa eman zigun. Hasieran, bagenuen komunikazio bide bat zabalik Osakidetzarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin. Administrazioak gure proiektua ikusten zuen larrialdiko bide baten edoB plan baten gisara, baina oso ondo atera zen, eta auziak hedabideetara jauzi egin zuen. Argi gelditu zen bazegoela PCR horien beharra, eta proiektuak bazuela bideragarritasuna, ez erreserbako plan gisa, baizik eta une horretan aplikatzeko moduko estrategia gisa.
Zer atera zen gaizki?
Babes uholde bat sortu zen gure proiektuaren alde, norbaitek gure aldeko kanpaina egin zuen Change.org plataforman, eta susmoa dut horrek guztiak Jaurlaritza harrapatu zuela pausoa aldatuta. Urkullu lehendakaria bera etortzekoa zen gure egoitzara, proiektuari babesa adieraztera, baina, azkenean, ez zen etorri. Ez dakit presio mediatikoarengatik izan ote zen, baina orduan aldatu egin zen Jaurlaritzak proiektuarekiko zuen jarrera. Jasotako babesarengatik barkamen eske ibili behar genuela zirudien.
Azkenerako, baina, auzia onbideratu zen, ezta?
Bai, bueno, azkenean onartu zuten guk eginiko proiektuak balio zuela, eta [Espainiako] Karlos III.a institutuaren ikerlanerako erabili zen. Eginiko lan guztiari balio bat eman zion horrek. Erabilera bat.
Hala ere, ikerketa hutsaz harago, zuen PCRak balio zezakeen detekzioa hobetzeko...
Gure lantaldeak harreman zuzena zuen Osakidetzarekin, eta bagenekien stock arazo larria zutela PCR probekin, eta giza baliabideen aldetik ere gainezka zebiltzala. Gogoratu beharra dago apiril hasieran zerbitzua ez zegoela gaur bezala egituratua eta egunean 1.500 proba inguru egiten zituztela soilik [egunean 12.000tik gora egin izan dituzte azaroan]. Hortaz, gure proiektua oso lagungarri izan zitekeen, aukera ematen zuelako, PCR kit komertzialak erabili gabe, proba kopuru handia egiteko. Azkenean, baina, erabaki zuten gurea ikerkuntza hutserako erabiltzea, zirkuitu asistentzialetik aterata.
Zientzia alde batetik eta medikuntza bestetik, alegia.
Bai, eta hori da Europako beste herrialde batzuetan egiten ez duten akats bat. Alemanian, esate baterako, pandemia hasi zenetik oso argi izan dute zientziak eta medikuntzak besoz beso lan egin behar dutela. Uztartuta daude biak erabakiguneetan. Hemen, berriz, arazoa aspaldikoa da: bi adarrak ez dira behar bezala koordinatzen. Are: Jaurlaritzako sailen arteko elkarlanik ere ez dut sumatzen. Pandemiari aurre egiteko koordinazioa eta malgutasuna falta izan dira departamentuen artean. Hala izan zen hasieran; ez dakit azken hilabeteetan konpondu duten.
Kultura zientifikoa falta da?
Ez da hori bakarrik. Beste esparru batzuetan antzeman da malgutasun bat, nabaritu da ekimena proiektuak aurrera ateratzeko. Martxoan eta apirilean, adibidez, ehungintza enpresa txiki askok musukoak ekoitzi zituzten beren auzoetan zabaltzeko, beste batzuek plastikozko babes ekipamenduak egin zituzten ospitaleetara eramateko... Tamaina txikian, ekarpen interesgarri asko egin dira, eta sisteman integratu dira; esfera handietan, berriz, ez da halakorik ikusi. Gizarteko zenbait sektore prest zeuden laguntzeko, baina hori ez da makro-egituran islatu. Egiturak eta protokoloak zurrunegiak dira.
Adibide bat jartzerik?
Orain, SARS-CoV-2aren aldaera berriak agertu direla, hemen badugu gaitasuna eta baliabideak birusaren sekuentziazioak egiteko, baina ez gara hori egiten ari. Zergatik ez? Bada, unibertsitateetako eta zentro teknologikoetako detekzio baliabideak ez direlako zerbitzu asistentzialekin uztartu, eta, zerbitzu asistentzialak gainezka daudenez, badirudi ezin dela ezer egin.
Malgutasun faltaz gain, zer deritzozu administrazioak hartutako neurriez?
Birusaren atzetik ibili dira une oro. Eta ez naiz ari Eusko Jaurlaritzaz soilik: Espainiako Gobernuak ere ez du asmatu birusari aurrea hartzen. Alde batetik, ulergarria da, ez dagoelako halako egoera bati aurre egiteko eskarmenturik, baina erreakzioak bizkorragoa izan behar zuen. Alemania jarriko dut adibidetzat berriz: han agian hanka sartuko zuten beste kontu batzuetan, baina azkarrago hartu dituzte erabakiak, eta ez dirudi birusari segika ibili direnik, hari aurrea hartuta baizik.
Kritikoa izan zara beti erakundeen lanarekin.
Batzuetan, instituzioekiko kritika gogor moduan ulertu dena ez zen hori, baizik eta aukerak ematea eta bide bat erakutsi nahi izatea, unean uneko ebidentzien arabera. PCRen auziarekin, adibidez, uste genuen proba gehiago egin behar zirela eta gure proiektuak estrategia hobetu zezakeela. Hala adierazi genuen orduan, gauzak hobetzen hasteko bide bakarra delako arazoak agerian uztea. Nire asmoa ez da inoiz izan instituzioekin kritiko izatea, COVID-19aren aurkako estrategia hobetzea baizik. Badakit oso zaila dela honelako egoerak kudeatzea eta ezjakintasun handia dagoela, baina gauzak egiteko gaitasuna dagoenean, gure betebeharra da egin daitekeena eta egin beharko litzatekeena azaltzea. Zientzia gizartearen zerbitzura jartzea, alegia.
Beharrezkoa da erabakiak komunikatzea ere. Krisi honetan, argi azaldu dira gauzak?
Ez. Batzuetan ez dira ondo azaldu, ezta azaltzeko ahaleginik egin ere. Osakidetzari planteatu genionean gure PCR probak erabiltzeko aukera, eurek zeukaten ideia zen antigorputz testak lehenetsi behar zirela. Gu ez geunden horrekin ados, eta eztabaidan hasi ginen. Esan genien planteamendu hori azaldu beharra zegoela, eta erantzuna izan zen: «Jendeak ez du ulertuko». Tamalez, oinarrizko ideia horren babespean hartu dira erabaki asko: hau horrela egin behar da, eta kito. Ez da ahalegin txikiena ere egin jendeari erabaki teknikoak azaltzeko eta ulertarazteko.
Zer ondorio du horrek?
Gizartearen infantilizazioa oso kaltegarria izan daiteke: epe motzean, gainetik kentzen duzu azalpenak emateko ardura, baina luzera begira, jendea konturatuko da ez zaizkiola gauzak argi esan. Informazioa ondo ez azaltzeak mesfidantza sortzen du, eta horrek atea zabaltzen die ideia zoro eta konspirazio teoriei.
Azkenaldian, inoiz baino ozenago aditzen dira mezu negazionista horiek. Zergatik?
Nire sentsazioa da sektore hori ez dela nabarmen handitu izurriak aurrera egin ahala. Jende multzo bat hasieratik aritu da mezu arraroak eta frikiak zabaltzen: 5G, mikrotxipak txertoetan... Zentzurik ez duten ideiak dira, baina aspalditik daude hor. Zer gertatu da azken hilabeteetan? Bada, gainera etorri zaigun guztiaren eraginez, gizartea shock egoeran dagoela: konfinamendua, eskolen itxiera, etxeratze aginduak... Irrealtasun sentsazio batek hartu gaitu, eta, halako egoera batean, askoz errazago barneratzen dira azalpen sinpleak. Hau guztia konspirazio baten ondorio dela, adibidez. Hortaz, ideia horiek zabaltzen dituztenak ez dira lehen baino gehiago, baina mezuok onespen eta babes maila handiagoa izan dezakete.
Askatasunaren aldekotzat eta kritikotzat dute euren burua...
Askotan, mezu bitxienak azaltzen zaizkigu askatasun eta eskubide indibidualen defentsaz mozorrotuta: ez dut musukoa jantziko, ez naute etxean gelditzera derrigortuko, ez didate txertoa jarriko... Irtenbide erraz bat proposatzen dute unean uneko kezka guztietarako, eta ulergarria da halakoek oihartzun eta babes zabalagoa izatea krisi garaiotan. Horri aurre egiteko, oso garrantzitsuak dira eztabaida irekia, neurrien komunikazio argia eta gardentasuna. Azaldu zergatik egiten diren gauzak. Komeni da, bestalde, hartzen diren erabakiak koherenteak izatea, ez oso kontrajarriak: aste batean gauza bat esaten badizute, hurrengoan kontrakoa eta dena derrigor bete behar bada, neurriok zentzua galtzen dute. Komunitate zientifikoak lagundu dezake kontzeptuak argitzen eta erabakien atzean dauden arrazoiak azaltzen, denok argi izan dezagun neurri batzuk beharrezkoak direla onura publikoa ekarriko dutelako. Komunitate osoa babestuz bermatuko dira eskubide indibidualak, ez alderantziz.
Komunitatea babestea da txertoen helburua, adibidez, baina farmazia enpresen arteko lehiak mesfidantza sortu du...
Egia da, une batzuetan, zirku baten antza izan duela norgehiagoka horrek, baina, nire ustez, enpresen arteko lehiak mesede egin digu kasu honetan. Argi dago farmazia enpresen helburua dela dirua egitea, baina horri esker lortu dugu ahalik eta txertorik onena, ahalik eta denbora laburrenean. Farmazia enpresek patrikak beteko dituztela? Bada, bai, baina elkarri egin dioten presioak lagundu digu kalitatezko txerto bat lortzen, eta ez erdipurdiko bat. Segur aski, auzia hobeto planteatu zitekeen eta gauzak hobeto azaldu, baina lehia, bere horretan, ez dut gaizki ikusten. Beste kontu bat da osasunari lotutako kontuak merkatuen logikaren arabera antolatu beharko genituzkeen, baina hori beste eztabaida bat da.
Zergatik?
Egun indarrean den eredua delako, eta eztabaida orokorrago eta sakonago bat merezi duelako. Kritikatzeko modukoa da, noski, baina egunero erabiltzen ditugun botika eta sendagai askori aplikatzen ahal zaie kritika hori, ez soilik COVID-19aren aurkako txertoei.
Txertoarekin batera heldu dira mezu triunfalistak ere. Justifikatuta al daude?
Zalantza asko daude oraindik. Ez dakigu immunitatea epe luzean mantenduko den eta noiz hartu beharko den beste dosi bat, baina, behintzat, garrantzitsua da jakitea onartutako txertoa eraginkorra dela epe motzean eta aukera ematen duela hainbat talde zaurgarri babesteko. Denborak esango digu txerto egokiena hau den, ala aurrerago aterako den formula hobe bat.
Leziorik ikas daiteke izurri garaian bizitakoaz?
Badira gorde beharreko zenbait ikasgai, bai. Ez dakidana da ikasi behar dutenek ikasiko dituzten, eta ikasitako hori aplikatuko duten ala ez. Lehen olatuaren ostean ere zenbait gauza ikasi omen genituen, baina oso gutxi aplikatu ditugu bigarrenean.
Adibidez?
Aztarnarien auzian, berehala jakin genuen oso garrantzitsua dela transmisio kateak identifikatzea eta jakitea non kutsatu den jendea, halakoak ekiditeko. Ustez, denok argi genuen hori, baina kutsatze kopurua oso antzekoa izan da lehen eta bigarren olatuetan. Hortaz, argi dago ez dugula ezer ikasi. Bestalde, badira ongi egin ditugun gauzak, bigarrenean bada ere: esate baterako, ikasi dugu diagnostikoen bidez identifikatzen ahal dela non dagoen birusa, eta, horri esker, zenbait gunetako segurtasuna handitu, besteak beste adinekoen egoitzetako zaintzaile eta osasun langileei proba gehiago eginez. Mediku jardunean eta zaintzan, oro har, asko ikasi dugu olatu batetik bestera, eta hobeto kudeatu da.
Koronabirusa. Pandemiaren tolesturetan (IV) Ugo Mayor.
«Shock egoeran, irtenbide sinpleak errazago onartzen ditugu»
EHU Euskal Herriko Unibertsitateko eta Ikerbasqueko ikerlariaren ustez, «lezio asko» ikas daitezke iragan berri den urteari begira. Faltan sumatu du, besteak beste, «erakundeen arteko malgutasuna» eta neurriak «gardentasunez» komunikatzeko borondatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu