Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Kamioilariak errepidean

2020ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Bederatzi urte dira Txalaparta argitaletxeak Telezailak liburua argitaratu zuenetik. Katixa Agirre, Irati Jimenez, Goizalde Landabaso, Harkaitz Cano eta Xabier Mendiguren Elizegik telesailei buruz idatzitako testuak biltzen ditu liburuak, Mikel Sotoren hitzaurre batekin. Liburua argitaratu zenerako, telesailak hasiak ziren ordura arte zinemarenak ziren lurraldeak konkistatzen, eta harrezkero horretan jarraitu dute etengabe.

Telesailen gorakada eta birkokatze horren aurretik, telesailen atal bakoitzak istorio independentea kontatu ohi zuen, hasi eta buka, nahiz eta pertsonaiak berberak edo bertsuak izan atal guztietan. Orain, telesailak hainbat ataletan zatitutako film luzeak dira kasu askotan, istorio nagusi bakarrekoak. Horrez gain, inbertsioan, anbizioan, kalitatean, promozioan eta ospean gora egin dute telesailek azken urteotan.

Baina 1960ko hamarkadan jaiotakook nekez ahaztuko ditugun telesail eder askoak ikusteko aukera izan genuen 1970eko hamarkadan. Alderdi askotan oso oso antzekoak ziren bi dauzkat bereziki gogoan: Los camioneros (TVE, 1973-74) eta Movin'on(AEBetan, NBC, 1974-1976; Espainian eta Hego Euskal Herrian, En ruta, TVE, 1974-1976).

Merezi du oraindik ere tarteka-marteka telesail horien atal bat edo beste berrikustea Interneten (Los camioneros doan, Movin'on ordainduta). Batari begira, Francoren azken urteetako Espainian zehar —Hego Euskal Herria barne— bidaiatzen du ikusleak, besteari begira garai bereko AEBak zeharkatzen ditu, Pegaso baten eta Kenworth baten leihatilatik hurrenez hurren, kamioi baten kabinaren alturatik eta patxadatik. Bereziki gomendagarria da Los camioneros telesailaren La izquierda de un campeón solitario, garai hartako Bilbo grisaren eta euritsuaren erretratu fidela.

Gaur egun baino askoz gutxiago bidaiatzen zuen jendeak 1970eko hamarkadan, eta kamioilariek inbidia eta mirespena sortzen zuten hara eta hona zebiltzalako etengabe. Ez litzateke harritzekoa izango orain, pandemiaren ondorioz geure oilo-lurretik ezin irtenda gaudela, berriro ere inbidia eta mirespena sortzea. Mirespena inbidia baino gehiago, gaur egungo kamioilarien bizimodua ez baita, aurrerapen teknologikoei esker hala behar bazuen ere, duela 40 edo 45 urtekoena baino askoz erosoagoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.