Pilota. Buruz buruko finala

Zer jan, hura izan

«Mina kendu dit nutrizionistak», aitortu du Joseba Ezkurdiak. Itziar Gonzalez de Arribari buruz da. Haren iritziz, «osasuntsu jateak indartsuago egiten zaitu, eta Joseba da horren adibide argia».

Itziar Gonzalez de Arriba, bere kontsultan, Irunen. ITZIAR GONZALEZ DE ARRIBA.
Julen Etxeberria.
2022ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
«Urdaiazpiko bat dugu jokoan». Halaxe zoriondu zuen Itziar Gonzalez de Arribak (Irun, Gipuzkoa, 1978) Joseba Ezkurdia Buruz Buruko Txapelketako finalerako sailkatzeagatik. Txantxetan idatzitako mezua izan zen, baina esanahi handikoa. Fisioterapeuta, osteopata eta nutrizionista terapeutikoa da Gonzalez de Arriba, eta haren pazientea Ezkurdia.

Baten kirol arrakasta bestearen poza da. «Izugarri eskertuta nago Itziarri. Sekulako aldea nabaritu dut harekin lan eginda; mina kendu dit», aitortu du Ezkurdiak. Hunkitu egin da Gonzalez de Arriba hori entzunda. «Asko pozten naiz Josebarengatik, eta sekulako ilusioa egiten dit halako une politetan nirekin gogoratu izanak. Ordu asko sartzen ditut dietak egiten, eta izugarri eskertzen ditut halako esker oneko hitzak».

Makina bat lagun pasatzen dira Gonzalez de Arribak Irunen duen kontsultatik. Askotariko pazienteak ditu, arruntak zein goi mailako kirolariak; tartean, lau pilotari profesional: Jokin Altuna, Iñaki Artola, Peio Etxeberria eta Ezkurdia. Haren zeregin nagusia neurrira egindako dietak prestatzea da. Helburua kirolaria sendatzea eta haren gaitasun fisikoa bete-betean jartzea da, haren osasunari kalte egin gabe. Ez ditu bi dieta berdin egiten, baina arroza, barazkiak, fruta, arraina eta arrautzak oso presente daude. Lelo bat du: osasuntsu jateak indartsu egiten zaitu.

Lotsarik ez du aitortzeko duela gutxi arte ez zekiela «ezertxo ere» pilotaz. «Ez nekien ezta pilotari profesionalak zeudenik ere. Jokinek berak [Altuna] azaldu behar izan zidan pilotaz bizi dela».

Azaldu duenez, Ezkurdia «nagikerietan» ibili zen berarengana joateko: «Haren arreba ere fisioterapeuta da, baita nire aspaldiko pazientea ere. Denbora zeraman anaiari matraka emanez, nigana etortzeko, baina Josebak ez zuen nahi. Jokinek [Altuna], ordea, denbora zeraman nirekin lanean, eta gustura zebilen. Beraz, pentsatzen dut arrebaren eta Jokinen artean konbentzitu zutela. Iazko udan etorri zen lehen aldiz».

«Oso gaizki zegoen»

«Zur eta lur» geratu zen lehen aldiz Ezkurdia atetik sartzen ikusi zuenean. «'A zer armairua!', pentsatu nuen. Ez nuen uste halako gorpuzkera handia duen norbaitek pilotan joka zezakeenik. Josebak berak azaldu zidan baietz, joka dezakeela, ondo jokatu ere».

Aurkezpenak eginda, zer asmorekin etorri zen galdetu zion. Ez zuen erantzun zehatzik jaso. «'Horren handia izanda, azkarrago mugitu nahiko duzu, ezta?', galdetu nion nik. Baietz esan zidan, baina ez oso konbentzituta». Jarraian, aztertu egin zuen; beti egiten du. «Nigana etortzen diren kirolariek errendimendua hobetu nahi dute, baina, lehenbizi, ondo egon behar dute. Eta bakar bat ere ez dago erabat ondo. Hori dela eta, bete-betean jarrita, besteengandik nabarmendu egiten dira».

Ezkurdia, adibidez, «oso gaizki» zegoen. «Bizkarreko, sorbaldako eta belauneko mina zuen, eta pauso bakoitzeko mina sentitzen zuen. Oinez mina bazuen, zer esanik ez jokatzen. 'Horrela ezin duzu jokatu', esan nion, eta erantzun zidan baietz, ahal zuela, eta ez zitzaiola batere gaizki ematen. Hauxe bota nion: 'Bada, ondo zaudenean, flipatu egingo duzu'».

Erraietatik zetozen lesioak zirela ondorioztatu zuten, eta dieta zehatza jarri zion. Berehalakoa izan zen emaitza; «bizpahiru» asteren buruan joan zitzaion mina. «Ezin zuen sinetsi nola horren denbora gutxian desager zitekeen mina. Urte pila bat zeraman minez jokatzen, eta berehala desagertu zitzaion. Gainera, bospasei kilo galdu zituen. Esaten zidan askoz azkarrago egiten zuela korri, eta nik erantzuten nion ezetz, ez zuela azkarrago korrika egiten dieta egiten zuelako, baizik eta lehen gutxi egiten zuela korri, puztuta zegoelako eta mina zuelako».

Ordutik, gorabeherak gorabehera, eta horren zorrotz ez bada ere, eutsi egiten dio agindutakoari. Emaitzak agerikoak dira. «Zabaletaren aurkakoa ikusi nuen, eta, argi geratu zen hark baino sasoi hobea zuela». Erik Jaka baino askoz gehiago ere izan zen.

Kapritxoak, adostutakoak

Gonzalez de Arribaren arabera, «borondate kontua» da dena. «Ez dago beste sekreturik. Nigana etortzen direnek konbentzituta egon behar dute aldaketa bat egin behar dutela. Badakite ez dela lan samurra izango. Badakite gutxiago edo gehiago baina gauza batzuei uko egin behar dietela: alkohola edateari, janari gorria eta hestebeteak jateari... Sakrifizioa eskatzen du horrek, eta batzuk ez daude horretarako prest. Bakoitzaren araberakoa da, bakoitzak bere lanari ematen dion garrantziaren araberakoa».

Ez du onartzen denbora falta jartzea aitzakia gisa; ez, behintzat, goi mailako futbolari eta pilotarien kasuan. «Futbolari askok sukaldariak dituzte, eta haiek prestatzen diete dena. Pilotariek, berriz, beste kirolari batzuek baino eguneroko samurragoa dute. Badute denbora kozinatzeko».

Hala ere, zenbaitekin tratua egina du noiz edo noiz salbuespenak egiteko. Ezkurdia da horietako bat. Hasieratik egin zuten tratua, eta eutsi egiten diote: «Noizbehinka otordu on bat egin dezakeela adostu genuen; otordu horietan haragi gorria jan eta ardoa edan dezake. Baldintza bakarra jarri nion: hurrengo egunean ez entrenatzeko, minez bukatzen baitu».

Eta igandean, zer? Baimena du nahi duena jan eta edateko? «Bakarrik irabazten badu; orduan, jan eta edan dezala nahi duena. Baina galtzen badu, afal dezala purea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.