Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

Segurtasuna vs konfiantza

2020ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Sekula ez dinat kaferik hartu erditze baten osteko kirofanoko ohatilaren gainean, baina halako zerbait sentituko din ni bezalako hipokondriako batek konfinamendu luzearen ondoren terraza batean esertzean: nor egon dun aulki honetan nire aurretik? Ondo garbitu ote diten kikara? Zerbitzaria ez ote zunan lanera sukarrarekin etorriko?

Entzun dinat koronabirusa lana lortzeko abantaila bihurtu dela: gaitza gainditzea gutxi ez eta hasi omen ditun agertzen curriculum vitae berriak, hautagaiaren gaitasun profesionalak ez ezik, ahalmen immunologikoak ere jasotzen dituztenak. Konfinamendua berrogeialdian pasatu diten zenbait langabetuk, osasun krisia igarota eta krisi ekonomikoaren lehen sintomak sentiturik, erabaki diten, Estatu Batuetan Vietnamgo soldadu beteranoei ematen zaizkien onurekin oroituta (eta ziurrenik gobernuen hiztegi belikoarekin mozkorturik), eurek ere merezi dutela gaitza garaitzeagatiko zilarrezko dominatxoa, eta biografia profesionalean gehitu diten koronabirusa gainditua lerrotxoa, egiaztagiri medikoaren data eta guzti, gaitza First-a edo gidabaimena balitz bezala. Zorionekoak enpresariak, bi hitz horiekin bi informazio ezin baliozkoago eman zaizkielako: batetik, langile horiek suntsiezinak direla, hautsiezinak eta ezin hondatuzkoak, ez dela egongo ez birusik ez minbizirik ez iktusik lantokitik aterako dituenik; bestetik, eta are baliozkoago, langile horiek ez dutela balio etikorik, ezagutza eta gaitasun profesionalen lehian euren burua gutxietsirik, joko-arauak hautsi nahi dituztela eta prest daudela edozein marra gorri igarotzeko, txanpon baten truke. Koronabirusa gainditua eta guraso izateko asmorik gabekoa izan liteken hurrengo pausoa. Aresti parafraseatuz, jainkoak ez dezala nahi maite dudan inor, ezta neure burua ere, ataka horretan ikustera iristea!

Jakin dinat etorkizun hurbileko kirol eta kultur ekitaldi handiak egiteko ez dela aski izango musukoak eta eskularruak janztea. Ez zagon estadioak edo areto handiak zabaltzerik aforoaren erdiarekin! Zelan lortu San Mames Barriko jarleku guztiak betetzea berriz, kutsatzeko arriskurik gabe? Atetik sartzean tenperatura neurtuz gero futbolzale guztioi, asko murriztu liteken arriskua, baina ez behar adina, sukarra ez baitun sintoma erabakigarria. Behin herritarren datu pertsonalak miatzen hasita, zergatik mugatu merkurioaren dilatazioa jakitera, egungo teknologiari esker, klik bat eginda parekoaren azken analitikako leukozito tasa jakin dezakegunean? Galdera hori, edo okerragoren bat, egingo zionan bere buruari ekitaldi masiboetan ikus-entzuleen datu medikoak eskatzea proposatu duen korrontearen sortzaileak. Azken batean, zertarako hartuko ditinat gainkostu nabarmenak eragingo dizkidaten hainbat osasun neurri, heure medikuak eta hik heuk ziurtatu ahal badidazue osasuntsu hagoela? Eta ez badun ekitaldira etorri nahi ez dunalako hire daturik laga nahi, ez hadi etorri, baina utz iezagun osasuntsu eta bizirik gaudenei lehengo mundu inperfektura inperfekzio berdin samarrekin itzultzen! Gainera, ez badun etorri nahi, izango dun zerbait ezkutatzen dunalako, eta, beraz, hobe etxean gelditzea; atzamarrik altxa gabe seinalatuko haugu.

2001eko irailaren 11ko atentatuen ondorioz, egun batetik bestera hegazkin batera igotzeko x izpiak eta likido murrizketak onartzera pasatu gintunan. Auskalo zer ekarriko duen osasun publikoaren aurkako atentatu honek. Susmoa dinat beldurrak konfiantza segurtasunarekin ordezkatzera eramango gaituela, arrisku oro ekidin nahian. Tamalez, etorkizunak eta ezezagunak beti eskatuko diten besteenganako konfiantza, erabateko segurtasuna existitu izan balitz, ez baigintunan gauden tokian egongo.

Lehen ere ez ninan terraza batean eseri eta ez kutsatzeko segurtasunik, baina konfiantzak ateratzen nindinan kalera. Beraz, aspaldiko partez, banian terraza batean kafe bat hartzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.