Amaia Nausia Pimoulier.
ARKUPEAN

Ausardia

2018ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Astelehenean berriro ere berri txar bat jaso genuen: Laura Luelmo irakasle gaztearen gorputza bizirik gabe agertu zen Huelvako El Campillo herriaren inguruetan. Korrika egitera atera zen Laura, gustuko zuen kirola praktikatzera atera zen abenduaren 12ko arratsaldean desagerrarazi zutenean. Eraso egin zion gizona bere etxe aurrean bizi zen, kartzelatik atera berria lapurreta batengatik ia hiru urte barruan eman ondoren, eta kartzelan ere egondako beste emakume bat erailtzeagatik kriminala zen asasinoa. Munstro bat, esan dute askok; «infragizona», beste batzuek. Emakumeen kontrako bortxaketak eta erailketak ez dituzte munstroek egiten, gizon arruntek baizik.

Nire azkeneko artikuluan emakumeon haserreaz hitz egin nuen, horrek izan behar duelako mugiarazi behar gaituen sentimendua, eta ez beldurrak. Beldurgarria da, bai, Laurari gertatu zaiona, eta beldurgarria ere, BERRIAk jaso duen bezala, bere Zaurien Mapa-n 2003tik indarkeria matxistarengatik Euskal Herrian 98 emakume eta 11 haur erailak izan direla pentsatzea. Baina, hala eta guztiz ere, beldurrak ezin gaitu geldiarazi. Hori delako terrorismo matxistaren helburua: emakumeak kontrolatu, beldurrarekin menperatu eta isilaraztea.

Emakumeak diziplinatzeko garai guztietan patriarkatuak gehien erabili izan duen tresna beldurra izan da. Garai historiko guztietan errepikatu den mekanismoa izan da hau; sua euren jakinduria, ahalmena eta askatasuna praktikatzen zuten emakumeentzat, zigor fisikoa ezkontza sakramentutik kanpo euren sexualitatea garatzen zuten emakumeentzat, edo lotsa publikoa emakumeen idealarekin apurtzen zuten iraultzaileentzat. Azken helburua sistemarekin apurtzen ausartzen ez ziren emakumeak lortzea izan da beti, eta indarkeria sexuala helburu hori lortzeko beti izan da oso eraginkorra. Esanen nuke gaur egun emakumeon askatasuna mugarazten duen elementurik potenteena hori dela. Oso ongi funtzionatzen du, gainera, kanpo eta barne kontrola lortzen duelako; lehenengo gure guraso edo ingurukoen beldurrak gure jokabideak kontrolatzera eramaten ditu, «kontuz norekin ibiltzen zaren, ez etorri etxera bakarrik edo berandu, ez zaitez kaletik bakarrik ibili, kontuz norekin dituzun harreman sexualak», eta, ondoren, eta okerrena dena, gero guregan izugarrizko autokontrola lortzen du, «gaur etxean geldituko naiz lasai, ez naiz korrika egitera bakarrik aterako». Beldurrak gure askatasuna mugatzen du guztiz.

Bortxatuak izatearen beldurra oso indartsua da eta oso barneratua dugu, babesgabetasun puntuan kokatzen gaitu etengabe. Baina Feminismoak zertxobait erakutsi digu azken hamarkadetan ere: babesa ez dela kanpotik etorriko, autodefentsa feministak izan behar duela gure tresnarik indartsuena. Alderdi batzuk berehala atera dira esatera Laura Luelmoren kasua bezalako beste batzuk ekiditeko kartzela iraunkorra dela irtenbidea. Hau da, emakumeen kontrako errepresioa mozteko errepresioa areagotzea. Datuengatik jakin badakigun arren zigor gogorrenak dituzten herrietan, AEBetan esate baterako, kriminalitate tasak ere altuagoak direla. Bortxaketekin amaituko duen tresna ez da kartzela iraunkorraren zigorra izanen, ezta heriotza-zigorraren beldurra ere, beldurra totalitarismoaren tresna delako beti. Ez, emakumeen kontrako erasoekin bukatuko duen tresna bakarra Feminismoa izanen da. Guk geuk borrokatu beharko dugu gure askatasunarengatik, beldurrekin apurtzeko eta nahi dugunean korrika egitera bakarrik ateratzeko. Instituzioek, bere aldetik, berdintasunaren aldeko politikak areagotu beharko dituzte eta, azkenik,bortxatzen eta erailtzen gaituztenek hori egiteari utzi beharko diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.