Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

Kito noka

2020ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Imajinatu hiru gelako etxe bat erosi dunala, baina hiruetako bat sekula ez erabiltzeko baldintzarekin; bada, euskara ikasten duten hiztun berrien % 99k etxe hori erosten diten. Izatez gela bat gehiagoren premian hago, ez baitakin zer egin gaztetako eta aisialdiko zenbait gauzarekin, besteak beste; gainera, sumatzen dun etxea diseinatu zuen arkitektoak berariaz sortu zuela hiru gelako etxebizitza, bere baitan bizimodu osoa garatzeko prest, gela birekin estu ibili beharrik gabe.

Duela 10 hilabete, pasilloaren amaierako gela ilun horretako atea ireki ninan zutabe hauetan, eta hauxe izango dun noka idatziko dudan azkena. Hasi aurretik banekinan hau ez dela hika aritzeko arauzko tokia; banekinan hitanoaren ius sanguinis izan dezaketenek ez zituztela begi onez ikusiko aditzaren mugak bilatzeko esperimentuak; eta banekinan ere euskara eskoletan gutxienez 600 ordu igaro gabeko irakurle euskaldun berriek paso egingo ziotela klaseetan landu gabeko aditz katramilatsuz zipriztindutako testu hauek deszifratzeari... baina hainbeste jakinagatik, sinetsi gura ninan ezohiko arazoek ezohiko konponbideak behar dituztela, noketaren eta toketaren jaiotzatiko dohaina zutenek eskertuko zutela mintzaideak emendatzeko kanpaina, eta euskaldun berrien mapa mentalean gertuxeago kokatuko nuela ustez euren antipodetan dagoen sorgin-mintzoa. Eta femeninoaren alde egin ninan azpiratuagoa eta isilduagoa izandakoari letren arkupean tokia egiteko, Simone de Beauvoirrek edo Virginia Woolfek noka aritzeko aukera izan balute Bigarren sexua edo Gela bat norberarena (gela bat!) nola idatziko luketen amets eginez.

10 hilabete hauetan, apustuaren zentzua ulertu duten esker oneko irakurleak alde batera utzita, nagusiki hiru jarrera topatu ditinat egunkariaren beste aldean, salbuespenak salbuespen: zokokeria, nagikeria eta gurasokeria.

Hedabide nazional batean hika aritzea zokokeria iruditu zaien hitanoa erabiltzen ez duten euskaldun oso askori (berri zein zahar), munduko kazetaritzako zeinahi fakultatetan irakasten delako hitanoa ez dela gizarteari mintzatzeko erregistroa. Eta galdetu beharrean erregistro desegokitasunak justifikaziorik izan lezakeen, zurien jarlekuan eseritako emakume beltzari bezalaxe bizkarra eman zioten, eta kito.

Nagikeria euskaldun berriengan sumatu dinat, irakurtzen hasteko alferkeria bera, forma alokutiboak enbarazu egingo balie bezala; arrotza egiten zaien, eskolan aldez aurretik landu gabe azterketan sartzen den gaia balitz bezala, edo testua idazterakoan teklatuan behar baino letra gehiago sakatu izan banitu bezala. Seguru nagon ez litzaiekeela barrena lehertuko hitanoa betiko galduko balitz. Amaitu dun, eta kito.

Gurasokeria sentitu dinat hitanoaren graziarekin jaiotakoen aldetik, intrusismoan aritu izan banintz bezala. Eskertzen zienat asmo ona, baina deigarria egin zaidan «mendekoetan ez», «hori ez da zuzena» eta «arauari kasu egin» mezuen kopurua. Mesedez, argi izan: Euskaltzaindiak arau bakarra din hitanoarentzat, 14.a hain zuzen, morfologia zehazten duena, baina ez erabilera. Beraz, erabilera jakin bat inposatu nahi dionak beste hiztun bati, jakin dezala egiten ari dena dela hurkoari esatea nola egiten duen berak entsalada eta «legez» horrela egin behar dela, ez beste inola. Gainera, ez pentsa inposatzaileen artean batasunik denik: baldintzazkoetan ez dela erabili behar esango dinate batzuek, eta besteek «ez dona eta badona» deituko zioten formari, besteak beste. Hori bai, hitanoa utzi dakitenei, eta kito.

10 hilabete igarota, ikasi dinat ez dagoela hitano bakarra, eta, ziurrenik, ez zaigula komeni itsasoari mugak jartzen saiatzea. Hitano guztiak kabitu behar dira guztiontzako gela horretan. Erabilerarekiko malgutasunik, hiztun berriekiko enpatiarik eta ezohiko ahaleginik izan ezean, uste baino lehenago etorriko dun hargin andaluza atea hormatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.