Hurrengo lerroetan datorrena spoiler bat denez, arren, Game of Thrones-en jarraitzailea bazara eta azkeneko kapitulua ikusi ez baduzu, utzi hemen irakurtzeari. Telesaila amaitu zenetik hainbat artikulu irakurriditut. Itxiera ona izan dela aldarrikatzen dutenak alde batetik, gutxi, egia esanda, eta seriearen eta liburuaren espirituari eginiko mespretxu bat izan dela defendatzen duten beste asko, bestetik. Nik, liburuen irakurle sutsu izan naizen horietakoa izanda, azken liburuek argia ikusten duten bitartean entretenimendu eder bezala hartu dut, besterik ez.
Hala eta guztiz ere, interesgarriagoa iruditu zait 8. denboraldi honen azken kapituluan gobernantza eredu ezberdinen inguruan egin den plazaratzea. Azkeneko kapituluanikus ditzakegu asanbladan eserita Westeroseko jauntxo guztiak erresuma osoko etorkizunaren inguruan eta gobernantza eredu hoberenaren inguruan eztabaidatzen; demokrazia hutsetik (inguruan proposamenak pizten dituen barreak suntsigarriak dira), Monarkia absolutistara pasatuz, primus inter pares sistemarekin amaitzeko. Hau da, klaseetan oinarritutako sistemari uko egin gabe, Bran, Tyrion eta besteek erabakitzen dute herentziazko monarkia alde batera utziko dutela eta hortik aurrera jauntxoen artean hoberena aukeratuko dutela gobernatzeko; monarkia hautetsia deituko genioke. Erdi Aroko erresuma bat izanen balitz, erabaki horrek beste hamar denboralditarako emanen lukeela ziur naiz. Hori bai tronuen jolasa! Bestela, galdetu XIII. mendean Germaniako Inperio Santuaren garaiko biztanleei; Aita Santuak enperadorea eskumikatu zuenean, Alemaniako printzeei enperadore berria hautatzeko eskatu zien eta bi hamarkadako gudak hasi ziren enperadoreen hautetsien eta beraien aldeko alderdien artean.
Baina gobernantza eredu hobea zein izan daitekeen alde batera utziz, interesgarria ere suertatu zait Game ofThrones telesailean agertzen diren emakumeek boterearekin izandako harremanaren azterketa. Daenerysek, dragoien amak, traizio guztiak gainditu ondoren, bakearen eta askatasunaren izenean indarra erabiltzeko zalantzarik ez du. Esanen genuke Daenerysek, Tirso de Molinaren XVII. mendeko La prudencia en la mujer antzezlaneko Maria erreginak, Sancho IV.a erregearen alargunak bezala, balio maskulinoak bereganatu dituela. XVII. mendeko tratadisten arabera, emakume batek istripuz ez zegokion boterea bereganatzen bazuen (esate baterako, erregina alargun batek) balio maskulinoetan oinarritu behar zuen agintea bere izaera ahula alde batera utziz; emozioak, pasioak eta maitasunak, zorroztasuna, indarra eta intelektoari lekua utzi behar zioten ongi gobernatu ahal izateko.
Gobernantza patriarkal honen aurrean Game of Thrones-ek beste eredu batzuk eskaini dizkigu, eta horiek dira, nire ustez, interesgarrienak. Primus inter pares-en sistemaren bidez hautatutako erregea mugikortasun mugatuko gizon bat da (ez dena sikiera gizon bat, beste gauza bat bilakatu baita) eta bere aholkularia altura baxuko gizon bat, pertsonaiek erakutsi digutenaren arabera, beraien gobernatzeko indar hutsetik harago joanen dela badakigu, akordioak bilatuz. Bestetik, Sansa, gure Sansa, Invernalia-Winterfell-en independentzia aldarrikatzen duena eta Iparraldeko erregina izendatzen dutena. Bere bizitzan mota guztietako indarkeria jasan badu ere, edo agian horregatik, zaintzan oinarritutako lidergoa martxan jartzen du; hildakoen gudarostea iritsi aurretik herriaren beharrak asetzen saiatzen da, eta guda irabazi ondoren, bere gudarien atseden eskubidea defendatzen du. Argi dago beste mota bateko gobernaketa mota bat dela berea.
Igande honetatik aurrera Game of Thrones partikularra biziko dugu berriro ere hauteskundeen ondoren, eta hor ere interesgarria izanen da aztertzea alderdi eta politiko ezberdinek zein gobernantza eredu mota mahai gaineratzen dituzten. Nik argi daukat: negua badator eta hotzaren aurrean gu zaintzeko prest dauden agintariak nahiago ditut.
ARKUPEAN
Negua etortzekotan Sansa nahiago dut
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu