Azken boladan oztopoen lasterketa batetan bezala sentitzen dut nire burua; egun bakoitzaren amaieran, behingoz ohean etzaten naizenean, behin etxeko txikiena lokartuta eta bikotekideak handienari ipuina irakurtzen dion bitartean, egunaren errepasoa egiten dut, eta beste lasterketa bat gainditu dudala sentitzen dut. Ez naiz irabazle ateratzen inoiz, baina behintzat oztopoen gainetik salto egitea eta mugaraino iristea lortzen dut. Buruak, hori bai, lasterketan jarraitzen du, hurrengo eguneko oztopoak zerrendatzen; haurrak prestatu, eskolara eraman, garaiz iritsi lanera, pentsatu biharko afarirako zer egin, esnerik gabe gaudela ohartu biharko gosarirako, lehen orduan dudan bilerara garaiz iritsi, lankideak eskatutako txostena bidali, korrika etxera joan askariak prestatzeko, haurren bila joan, eta abar, eta abar... Ama naizenetik nekea eta egitekoak areagotu direla kontziente izan arren, lasterketatik kanpo gelditzea ezinezkoa egiten zait. Mundua geldi dadila, arren!
Ez naiz bakarra, noski; nire inguruan begiratuz hainbat emakume ezagutzen ditut zaintza eta lanarekin gainezka daudenak. Iruzurra egin ziguten aspaldi; emakumearen askapena lan munduaren bidez etorriko omen zen, kaka! Orain, erreproduzitzeaz gain, produzitu egin behar dugu, eta erreprodukzioaren ordu gehienak gure gain ditugu oraindik. Ikerketa guztien arabera, amatasunaren ondoren, emakumeon etxeko lan orduak igotzen dira, eta, proportzionalki, biok etxetik kanpo lan eginez, ordu gehiago sartzen ditugu emakumeok zaintza kontuetan.
Oso gustuko dudan historiagile italiar batek, Rafaella Sartik, emakume batek Erregimen Zaharreko gizarteetan aste batean lanean ematen zituen orduak zerrendatu zituen: hiru edo lau ordu egunero sukaldean; ordu bat egunero egurra mozten eta ura etxera ekartzen; beste ordu bat sua pizten; haur txikiak izanez gero, hiru ordu haien zaintzan; bi ordu egunero etxea garbitzen eta beste bi josten (garai bateko ehungintza Europako industriarik garrantzitsuena izan zela ezin dugu ahaztu); lau ordu astean arropa garbitzen; nekazaritza mundukoak izanda (Euskal Herriaren emakume gehienak), ordu bat egunero baratzean eta beste bi edo hiru animaliekin. Eta eginkizun horiei gehitu beharko genizkieke ogia egitea, beste hiru ordu astero, kontserbak egitea, eta abar. Gure arbasoek etxekoandreak baino ez zirela esan zaigunean gezur galanta saldu digute; artisau munduko emakumeek senarren tailer eta dendetan egiten zuten lan bezeroak atenditzen eta produktuak prestatzen; nekazaritza mundukoek beren produktuak herri eta hirietako merkatuetan saltzen zituzten; arrantzaleen emazteek, berriz, sareak josi eta arrainak saltzen zituzten. Bazeuden ere zerbitzariak, amaginak, sendatzaileak eta abar. Horiek guztiek, etxetik kanpo lan egiteaz gain, Sartik zerrendatzen dituen etxeko eginkizun guztiak bete behar zituzten.
Noski, gaur goizean esnatu naizenean eta gosariak prestatu behar izan ditudanean, ez naiz egurra moztera joan sua pizteko. Bi alaben kakaoa prestatzeko, esnea mikrouhin labean sartu besterik ez dut egin. Sartiren zerrenda aldatu dela badakigu, baina askorentzat oztopoen lasterketa bilakatu den egunerokotasunean proportzionalki gauzak ez direla hainbeste aldatu esaten dute datuek. Niri kontuak ez zaizkit ateratzen, 36 orduko egunak ez dira existitzen, eta ez daitezela existitu, arren, ze proportzioak gure kontra jarraituko luke orduan ere.
ARKUPEAN
Oztopo lasterketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu