Uda honetan Uxue Alberdiri irakurri nionan elkarrizketa baten arabera, «apenas dagoen bertsolari marikarik». Bollerek ekarpena egin ei diten, «baina marikek ez dute ikusgarritasunik», Uxueren iritziz, gizon bertsolarien irudiaren «gizontasun euskaldun jatorra arrakalatzea» baino errazagoa delako «emakume bertsolarien eredua zabaltzea». Ez zakinat aukera izandako emakume guztiek erabaki duten azken eredu hori zabaltzea, edo gizartearen aldekotasuna izan duten bertso-saio jakinetan, une jakin batzuetako laborategietan, hain zuzen, gertatuko proba kontrolatuak izan ez ote diren saio horiek. Bertsolari mariken adierazpenarekin, ordea, erabat ados nagon. Horra beste antzekotasun bat bertsolaritzaren eta futbolaren artean: estatistiken arabera, bertsolarien %10 inguru homosexuala dun, baina zelai zein frontoi berdeetan ez dun ortzadarrik ikusten.
Zorionez, bertsolaritza futbola baino askoz aurrerakoiagoa dun... edo seguru nagon pertzepzio hori jasoko luketela edozein ordutan egiten diren telefono bidezko inkesta horietan. Angel Errok askotan idatzi din bertsolaritzari buruz (espero baino gehiagotan, egia esan behar badinat), baina bereziki gogoratzen dinat «On queer bertsolaristics», 2010ean Argia-n idatzitako ale hura. Poeta nafarraren aburuz, bertsolaritzak genero identitate zurruna biguntzeko motibo bi izan ditin: batetik, «nazio gai totemikoari ihes egiteko, azkenaldiko bertsolaritzak gai sozialekiko kontuetarako erakutsi duen sentsibilitatea»; bestetik, bertsolaritzak daukan «berezko queer-joera batengatik». Lehenengoa saldutako prezio berean erosten zionat; ez, ordea, bigarrena. Izan ere, iruditzen zaidan anbiguotasuna eta ikusgarritasuna elkarren lagun bezain etsai izan litezkeela gure gizartean.
Ez naun ausartzen esatera munduan bertso gehien itzuli dituen itzultzailea naizela, baina bazekinat podiuma ezin dudala urrun izan. Bada, aski dun zenbait bertsoaldi gaztelaniara itzultzen saiatzea ikusteko zehaztasun eza kanonaren mesede izaten dela beti. 2001ean, Maialen Lujanbiok Himalaiako postala jaso zuenean, mendian hildako laguna zer zen, emakumea ala gizona? «Egoskor bat dirudizu» kantatu zuenean, nola interpretatu beharra zegonan adjektiboaren generoa? 2017an Igor Elortza eta Sustrai Colina elkarrekin afaltzera ateratako bikote hasiberria izan zitunan puntukako saioan, baina bertsoaldi luze osoan zehar ez zagon jakiterik bikote homosexuala edo heterosexuala diren. Baten batek pentsatuko din ez zehaztea askatasunaren seinalea dela, ikusle bakoitzak erabaki dezan bikote mota; beste bertsoaldi batzuetan aniztasun sexualaren adibide ugari agertuko balira oholtzetan, onartuko niken hori, baina kanona betetzen ez duten identitateen tokia anbiguotasunean oinarritutako saioak badira, ez zaidan onargarria iruditzen kontua.
Izan ere, gauzak garbi esanda, iruditzen zaidan gero eta gehiago tematzen garela bertsolarien artean gero eta aniztasun handiagoa egon dadin, eta, aldiz, ez diegula gauza bera eskatzen gaiei. Ez dezagun ahaztu XXI. mendeko Bertsolari Txapelketa Nagusiko final batek ere ez duela Bechdel testa pasatzen, ez epaimahaiak hala ebatzita, ez gai-jartzaileek hala zehaztuta, ez bertsolariek hala nahita. Bertsotan egiteko gaiak etxe bat balira, bazeuden sekula ireki ez ditugun gelak, sekula probatu ez ditugun egongelak eta ganbarak, eta ez zagon zertan subalternoa izan horietan sartu eta hautsak harrotzeko. Bertsolaritzak aurrerapauso nabarmena erakutsiko din, adibidez, gay izatea gai izatetik gaiko ezaugarri izatera iristen denean (ezetz bururatu esplizituki gayekin lotutako 5 bertsoaldi!). Are gehiago, seguru nagon gizon zuri heterosexual gipuzkoar euskaldun-zahar kanonikoaren eredu zurruna zabaltzen laguntzeko, oholtzan bertsokide subalterno pare bat jartzea baino modu eraginkorragoa izango dela gai pare batean hain erosoa egingo ez zaion eta bere burua deskubritzera eramango duen hausnarketa bidegilearen arrastoan sarraraztea.
ARKUPEAN
Gaiak, gayak eta gehiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu