3.127.994 euskal herritar bizi gara 20.950,3 kilometro koadroko Euskal Herriaren gainean. Lur zati horretan jaioak gara aurreko kopuruko 2.277.179 biztanle. Euskaldunak 1.287.839 gara, hemen jaioak zein ez; 895.942 «euskaldun oso» (euskaraz bizirik irauteko gai) eta 391.897 euskaldun hartzaile («ogi bat» eskatuta, «ogi bat» emateko gai), dozenaren bat gora-behera. Euskaldun osoen artean, euskalkian mintza gaitezkeen hiztunak 456.789 gara, euskalkia zeinahi dela ere. Euskaldunen artean hika aritzeko gaitasuna dugun hiztunak 123.456 gara, zaku horretan hitanoa euskalkian zein ez, eta zuzen edo ez hain zuzen erabiltzen dugun euskaldun guztiak sartuta. Beraz, datuak ondo asmatu baditut (aditzaren zeinahi zentzutan), euskaldunen hamarretik batek baino ez daki hika egiten, eta hala mintzo zaion beste lagun bat topatu ezean (eta kasu honetan lagunak adiskidea izan behar du gutxienez), ez du izango euskararen ezaugarri berezia den forma alokutiboa erabiltzeko aukerarik.
Lehengoan sarean ikusi nuen UZEIren iruditxo bat, non gomendatzen zigun ez genezala esan «ikasturte politikoa», urte politikoa baizik. Zuzena da gomendioa, nola ez, baina ez dakit guztiz egokia den; izan ere, susmoa dut politikan oraindik asko ikasteko dagoela bat baino gehiago, eta guretzat, hamaika ikusteko jaioak izaki, zalantza dut ez ote den «ikusturte politikoa» onartu beharreko terminoa izango. Kontua da urte politikoa hasi egin dela, eta harekin batera itxi direla itzalkinak, gorde ditugula txinalak [Elhuyar hiztegiak babestutako tartea] eta ekin diogula irailetik ekainera bitarteko bideari, baita Berriako zutabegileon artean ere. Onintzak «Isiltasuna» ekarri zuen lehen egunean (bigarren aldiz, oker ez banabil, izenburu bereko zutabea irakurri bainion iragan abenduan), oporraldi osteko barealdia galduko den udazkenaren beldurrez. Andonik ere galerak izan zituen aipagai, «zintz egitea» edo «galbana» azken aldian entzun ez dituela eta.
Ez dakit posiblea den sekula izan ez den zerbait galtzea, baina ni ere galera handi baten beldur naiz: uste dut egunen batean hitanoa erabat desagertuko dela eta milioitik gorako euskaldunetako asko ez direla ohartu ere egingo. Horrengatik, eta ez horrengatik bakarrik, erabaki dut aurtengo zutabeetako asko hika idatziko ditudala; zehazki, noka, eta ez bakarrik toketa baino gutxiago entzuten delako.
Gogoan dut ikastolan euskarazko aditzen lehen taula eman ziguten eguna. Andereñoak esan zigun «HI» marka zuten zutabea eta lerroa ezabatzeko, forma hori Euskal Herriko baserri batzuetan baino ez baitzen erabiltzen. Ulertzen dut erabaki hura, gainerako taula ondo ikastea aski konplikatua izango zelakoan 80ko hamarkadako Getxon. Zorionez, unibertsitateko eta bertso giroko lagunekin aukera izan nuen ikastolan marratutako laukitxoak erabiltzen ikasteko. Sekula ez dut ahaztuko bertsokide baten esana: «zuka egiten badidak, ondo moldatuko gaituk, baina hika egiten badidak, lagunak izango gaituk».
Badakit noka emakumeekin erabiltzen den forma dela, eta zutabeok irakurriko dituzten asko ez direla emakumeak izango, ezta sentituko ere; baina hitanoa asmatu zenean, ez genekien generoaz egun dakigun beste. Genero anatomikoa (zer gorputz daukat?), genero intelektuala (nik nola hitz egiten diot neure buruari?), genero komunikatua (nola ikusten naute besteek?)... horietako batean emakume erantzunda, noka egin behar ote genuke? Are gehiago, egun badakigu generoan ez dagoela marra zuri-beltzik, eta gero eta aniztunagoa dela gizartea. Bada, irakurle maitea, ikusturte honetan, eskatu nahi dizut noka egiten uzteko, eta arraro edo urruneko egiten bazaizu, desegoki edo ulergaitz, bila dezazula zure baitan noka egingo duen alde ireki, malgu, enpatiko, bestearen-lekuan-jartzen-ikasi-nahi-duen «hire alde hori».
ARKUPEAN
Hire alde hori
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu