Hilabete baten bueltan hiru hitzaldi eman ditut gai ezberdinen inguruan; orokorrean, euskal emakumeen historiarekin harremana duten gaien inguruan hitz egin ohi dut. Lehenengoan, aurrean nituen entzule guztiak emakumeak izan ziren; beraz, beste bietan gertatu zitzaidana, kasualitatez edo ez, ez zitzaidan gertatu. Beste bietan, nire hitzaldia amaituta eta galderen txanda ireki zenean, publikoan eserita zeuden gizonek hitza hartu zuten. Beti berdin gertatzen zait: aurrean daukadan publikoaren artean gehiengoak emakumeak izan arren, gizonen bat baldin badago, hitza hartzen du eta monopolizatzen du. Galderak egiteko konkreziorik ezak ez nau gehiegi molestatzen; bost minutuz hitz egin ondoren, normalean ez daukate galdera zehatzik. Gehiago urduritzen nau nik esandakoaren inguruan azalpena egitearen barne behar horrek; ezin dute aguantatu, ezin diote eutsi barne nahi horri; gaiaren inguruan dakitena publiko guztiaren aurrean azalarazi behar dute. Dirudienez, hil ala biziko kontu bat da. Gaizki pentsatzen egon naiteke, ze nik hitz egindakoaren inguruan esateko daukatena barnean uzten badute agian lehertu egingo lirateke eta bertan hil. Aspaldi asmatu zen honen izendapena: mansplaining. Hau da, gizon batek emakume bati gai baten inguruan azalpen bat ematen dionean emakume horrek gizonak baino hobeto ezagutzen duenean gai hori.
Miren lankideak beti esaten dit egoera hauen aurrean estrategia feminista bat adostu beharko genukeela. Ni, horrelako kasuetan barneratuta dudan heziketa onaren izenean, isiltzen naiz eta hitz egiten uzten diot, kontuan izan gabe gizon horri arau sozial guztiak berdin zaizkiola momentu horretan, nirekiko eta besteekiko erakusten ari den mespretxuaz hitz egin gabe. Neure buruari galdetzen diot: zer nolako errespetu falta eta ausardia behar du izan pertsona batek beste baten hitzaldi baten ondoren esandakoaren azalpena emateko? Zer pentsatu beharko nuke? Agian hitzaldiak iraun duen bitartean iktus bat izan duela edo belarrietan behin-behineko tapoi bat eta nik esandakoa ezin izan duela entzun? Edo, baliteke, eta uste dut hau dela gakoa, hitz egindako gaiaren inguruan ez didala onartzen inongo autoritate intelektualik? Kongresu, jardunaldi eta topaketa historiko askotan egon naiz, eta gizon batek hitzaldia eman izan duenean ez ditut horren sarri, ia inoiz ez dudala entzun ez esatearren, horrelako jarrerarik ikusi.
Benetan jakin nahiko nuke zer egin horrelako kasuetan. Joan beharko nuke nire doktoretza tituluarekin inprimatuta eta enmarkatuta gonbidatzen nauten mahai inguru edo jardunaldi guztietara? «Barkatu, non jarriko dut titulua? Hemen, mahai gainean? Eskerrik asko». Edo hasi beharko nintzateke esanez milaka prozesu, ehunka liburu eta iturri ezberdinetara jo behar izan dudala emakumeen historian aditua naizela esan ahal izateko? Pedante xamarra litzateke, ezta? Agian hobe mahai gainean jartzen dudan kartelak besterik esanen balu: «Mansplaining-ik ez, eskerrik asko (mansplaining-a zer den jakiteko baino ez bada)».
Gazteagoa nintzenean eta horrelakoak gertatzen zitzaizkidanean, txikitzen nintzen eta neure burua justifikatzen hasten nintzen. Azken boladan, isiltzen naiz eta hurrengo galderara (denborak uzten badu, ze hitza monopolizatzen dutenez, batzuetan ez da denborarik gelditzen) pasatzen naiz. Baina, ohartu naiz ez dela nahikoa, eta erantzun bat merezi dutela ni gutxiesten nautenek eta besteen denbora eta inteligentzia iraintzen dutenek. Irakurlea emakumea izanik, hitz egiten ari naizen honetaz izanen du zer esan, eta egoera honen aurrean nola erantzun okurritzen bazaio, mesedez, BERRIAren erredakziora idatz dezala hurrengoetan zer egin jakiteko. Hori bai, mansplaining-ik gabe, arren.
ARKUPEAN
Gizonek gauzak azaltzen dizkidate
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu