Pasa den asteartean, Maiatzaren 20an, kilogramoa birdefinitu zuten. 1889. urtetik pasa den astera arte, kilogramoa Parisen gordea zuten platino-iridiozko zilindro baten bidez definitzen zen. Munduan zehar banatuta zeuzkaten haren zenbait kopia; eta ohartu ziren, denboraren poderioz masa galtzen zutela, modu ezberdinean gainera. Oso masa kopuru txikiak izanagatik, eskala txikian lan egiteko orduan eragina du. Eta horretaz gain, definizio aldakorra duen unitate bat onartzeak ez dirudi oso zientifikoa.
Beste definizio baten beharra zegoen, beraz. Ez da unitate bati gertatzen zaion lehen aldia. Bere garaian metroari eta segundoari ere gertatu zaie, esaterako. Metroa, adibidez, luzera jakin bat zeukan barra baten bidez neurtzetik argiak segundo batean bidaiatzen duen distantzia izatera pasatu da. Segundoarena konplexuagoa da, baina dagoeneko segundoa ez da lurrak eguzkiaren inguruan buelta bat emateko behar duen denboraren baitan definitzen, hori ere aldakorra delako. Helburua, aldakorrak izango ez diren unitateak definitzea da. Fisikako konstante ezagun batzuen baitan definitzea, baliagarri izan daitezen hemen eta unibertsoan, eta ahal bezain denbora luzez.
Kontua da kilogramoa ere fisikan unibertsalak deritzen konstante batzuen arabera definitu nahian denbora zeramatela. Metroa argiaren abiaduraren arabera definitu zen bezala, kilogramoa Planck-en konstantearen baitan definitzea erabaki dute. Planck-en konstanteak fotoi baten energia eta uhinaren frekuentzia erlazionatzen ditu. Eta fisika kuantikoaren lehen oinarriak ezarri zituen. Izan ere, Planck ohartu zen energiak konstante haren eta frekuentziaren multiplo osoak baino ez zitzakeela har baliotzat. Alegia, energia kuantifikatuta dagoela. Kilogramo bat «eusteko» beharrezko den energia kalkulatu dute, nolabait, konstante horren baitan; eta hala birdefinitu.
Baina goazen dagoeneko denok zuen buruetan duzuen galdera erantzutera: Eta zer? Zertan eragingo dit honek niri? Bada, lasai (edo animo), zuen etxeko baskulak erantzun bera emango baitizue definizio berriarekin ere. Izan ere, kilogramoa masa unitatea da, nahiz eta guk askotan pisuarekin nahastu. Pisua, fisikoki hitz eginda, lurrak daukagun masaren arabera eragiten digun erakarpen indarra litzateke. Grabitatea lurrean konstantea izanik, indarra eta masa neurtzea gauza bera da finean. Baina edozein kasutan, hain eskala txikiko aldaketak ez digu egunerokoan eragingo.
Eta masa pisua ez bada, zer da? Masa gorputz batek duen materia kopurua dela esan liteke. Baina bada masa definitzeko beste era bat ere: gorputz baten kanpo indar batekiko erresistentzia gaitasuna. Newtonen bigarren legearen arabera, kanpo indar batek gorputz batengan duen eragina (hau da, azelerazioa) masarekiko alderantziz proportzionala da. Zenbat eta masa handiagoa, erresistentzia gaitasun handiagoa.
Kilogramoa birdefinitu den honetan, beharbada momentua aprobetxa genezake guk ere gure masak birdefinitzeko. Ispiluari eta baskulari begiratu beharrean, geure barruetara begira jarri eta galdetzekoa: zein da nire masa? Alegia, zein da kanpo indarrei erresistentzia egiteko nire gaitasuna?
Baina kontuz. Newtonen hirugarren legearen arabera, indar oro binaka ulertu behar baita. Kanpo indar bati indar batekin erantzuten badiogu guk. Edo alderantziz, guk jasandako kanpo indar bat izan liteke guk eragindako batekiko erreakzioa. Kanpo indarrekiko erresistentzia gaitasun handiak ekar lezake kanpo indarrekiko (eta, beraz, guk eragiten ditugunekiko) kontzientzia falta. Guri indar batek eragin ez izanak ez baitu esan nahi guk inori eragin ez diogunik.
Definizio berriarekin, zenbat kilogramo zara zu?
ARKUPEAN
Masa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu