Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

Barne Poztasun Gordina

2019ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Diruak ez omen zekarren zoriona, baina herrialde baten ongizatea neurtzeko Barne Produktu Gordina, Eros Ahalmena edo Langabezia tasa bezalako neurgailuak erabiltzen ditinagu. Kuriosoa egin zaidan beti hori, ni neu, lantokian baino zoriontsuagoa bainaun Kanariar Uharteetako hondartzetan; baina sosak eta pozak errimatu eta arrimatu ditinagun Mendebalde planeta honetan, sinetsi nahi dinagu lana eta soldata, edozelakoak direla ere, zorionaren bideko iparorratza eta mapa direla.

Ez omen zunan iritzi berekoa Butango laugarren erregea. Himalaiaren magaleko herrialdea hain txiroa izanik, erregea gogaitu omen zunan Butan Barne Produktu Gordinen munduko zerrendetan atzealdean ikusteaz, eta ipuinetako erregeek bezalaxe, erabaki zinan injustizia horren aurka borrokatzea... Tamalez, kapitalismoaren dragoia garaitezina zitzaionan, eta alferrikakoa zinan BPGaren zerrendan gora egiteko zaldun edo inbertsore bila hastea. Orduan, etsita, ziurrenik urmael baten ondoan (Disneyk hala nahiko zinan behintzat), agertuko zitzaionan azti bat eta esango zionan beste dragoi bat sortuko zuela, indartsuagoa eta beldurgarriagoa, eta BPGaren zerrendako goialdean ikusten zitinan erreinuetako buruzagiek ez zitenan jakingo zelan garaitu dragoi berri hori.

Ipuinen epikak alde batera utzita, egia dun Butango erregearen istorioa. Jigme Singye Wangchuck izenez, Butango tronua hartu zinan 1972an, 17 urte zitinala. Erresuma Batuan egin zitinan ikasketak, eta aurreko hiru erregeek baino mundu ikuspegi zabalagoa izan zinan. 2006an abdikatu zinan, dezente lehenago «Gross National Happiness» edo «Barne Poztasun Gordina» Gross National Product edo Barne Produktu Gordina baino garrantzitsuagoa zela aldarrikatuta. Baina... zer dun Barne Poztasun Gordina?

Herrialde baten Barne Poztasun Gordina dun bizi kalitatea Barne Produktu Gordina baino termino holistiko eta psikologikoagoetan neurtzen duen adierazlea. 9 arlo aztertzen ditin: ongizate psikologikoa, denboraren erabilera, komunitatearen bizitasuna, kultura, osasuna, hezkuntza, ingurumen-aniztasuna, bizi-maila eta gobernua. 180 puntuko galdetegi baten bidez lortzen ditun arlo horiei buruzko datuak, eguna berreraikitzeko teknikaren bidez. Teknika horren arabera, bezperan gertatuko egoerak gogoratu behar ditinagu eta eguneroko sinple batean jaso. Prozedura horrek bat egiten din Paul Dolanen zorionaren definizioarekin: «plazer eta asmo zehatzeko esperientzien gertaera denboran zehar».

Ez dun izango munduko prozedura sofistikatuena, baina behin-behinean, iruditzen zaidan herrialde batek sortutako produktuaren adierazleak baino lotura arras handiagoa duela zorionarekin. Izan ere, bezperako eguneroko horretan, egongo dun erositako auto berriaren poza edo kobratutako soldatarena, bai, baina ez ditun faltako irakurritako liburu horren atsegina, ikusitako film horren ederra edo txalotutako kontzertu horren aho-zapore gozoa, besteak beste. Seguru nagon kontzertu, emanaldi eta irakurraldi gehien dituzten herrialdeak izango liratekeela «BPG» handienekoak.

Barne Poztasun Gordinaren aplikazio efektiboa ipuinetakoa iruditu arren, hiru irakaspen argi eskaintzen ditin: batetik, zoriona eta memoria zuzenki loturik daudela (zoriontsuak garela gogoratu dezakegun heinean gaitun zoriontsu); bestetik, askoz zoriontsuagoak izango ginatekeela egunero bezperako pozak errepasatuz gero («minutu bat goizero» bilatu youtuben); eta, azkenik, batzuetan ahaztu egiten dinagula diruak ez omen dakarrela zoriona, baina zorionari ere prezioa jartzen dion mundu batean bizi garela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.