Iker Aranburu.
Finantzen Euskal Kontseilua. Zerga erreforma. ANALISIA

Erreforma, txikira ala handira?

2023ko urriaren 12a
00:00
Entzun
«Hiru diputazioak eta Jaurlaritza erreforma fiskal bat lantzen ari dira jada, eta aurreikusi dute datorren urtean plazaratuko dutela». Oker dabil testu hori irakurrita déjà vu bat izan duela uste duenak. 2019an BERRIAn argitaratutako testu batetikateratako esaldi bat da, baina lau urte geroago hitzez hitz idatzi ahal da. Datak soilik aldatu beharko lirateke: 2020an ez, 2024an egingo da zerga erreforma. Edo ez, egoera politikoak zaila egiten baitu erreforma baten inguruan ados jartzea: Eusko Legebiltzarra berritzekoa da urtearen lehen erdian, eta erreforma batek gutxienez hiru talderen babesa beharko luke.

COVID-19aren pandemiak eta hark ekonomiari emandako kolpeak eten zuen 2020an egitekoa zen erreforma, eta ondorengo gertakariek —Ukrainako gerra, inflazio handia...— gaiari heltzeko gogoa kendu zieten Jaurlaritzari eta foru aldundiei. Erreforma beharrezkoa zela esaten zuen hasieran Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak, baina «ez da garai egokia» esaten hasi zen gero.

Gorabehera handien aroa amaitu den esperantzarekin, ordea, orain erreforma bati heltzeko gogoa agertu dute Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek.

Hasteko, analisia

Lehen urratsak egin dituzte. Hiru aldundiek hitzartu dute 2023. urtea amaitu aurretik prest izango dutela oraingo sistemaren ebaluazioa eta aurreko bi erreformek —2014koa eta 2018koa— eragindako aldaketena. Azterketa hori hasia zuten ogasunetako teknikariek, baina azaldu dute azken urteetako egoera bereziki nahasiak baliorik gabe utzi dituela analisi horiek.

Zerga bilketaren gorabehera handiek argudio hori indartzen dute: 2020an %9,8 amildu zen zerga bilketa, zortzi astez iraun zuen itxialdiaren ondorioz, baina hurrengo bi urteetan igoera historikoak izan zituen, errebote efektuarengatik 2021ean (+%14,4), eta inflazio handiarengatik 2022an (+%7,3). Aurten ere igoera handia espero da.

Erreforma nondik nora joango den arrazoitzerakoan, erronka demografikoa, jasangarritasuna, ingurumenaren babesa eta erronka digitala aipatu dituzte aldundiek. Baina hitz potolo horiek ez dute ezkutatzen zalantza handiak daudela orain egingo diren erreformaren sakontasunari buruz. Hau da, erreforma baino gehiago moldaketa bat izango den ustea ere badagoela.

Hori esateko lehen faktorea da Jaurlaritzan eta aldundietan dagoen bikotearen izaera. EAJ eta PSE-EE ez dira, zerga kontuetan bederen, oso iraultzaileak. Ez dute sistema hankaz gora jarri erakundeen kontrol osoa izan dutenean, eta ez dago arrazoirik pentsatzeko oraingoan hala egingo dutenik. Modu sinplean esateko, ez dator bat haien izaerarekin.

Aritmetika politikoak ere ez ditu gauzak errazten. Zerga sistema ez da Eusko Legebiltzarrean erabakitzen, baizik eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusietan. Eta hor zenbakiek esaten dute Araban eta Gipuzkoan gehiengo osorik ez dutela jeltzaleek eta sozialistek.

Hau da, EAJ-PSE bikoteak erabaki behar duela erreforma ezkerrarekin ala eskuinarekin onartu nahi duen. Eta batekin zein bestearekin lortu beharreko konpromisoak beste oztopo bat dira erreforma sakonak egiteko.

Talde politikoek ez dituzte oraindik beren kartak mahai gainean jarri, baina erraz antzematen da eskaera bateraezinak egingo dizkietela multzo batek eta besteak.

Aurreko biak, PPrekin

2014ko eta 2018ko erreformak PPrekin lotu zituen EAJ-PSE bikoteak, baina oraingoan zailagoa dirudi taxuzko aldaketetan ados jartzea. PP zergen jaitsieraren bandera astintzen ari da bere kontrolpeko erkidegoetan, eta EAEko bere adarra ere errenta zerga jaitsiko duela esanez saiatzen da behin eta berriro hautesleak erakartzen. Hortaz, nekez onartuko du zerga presioa handitzen duen testurik, eta hori da erreformaren helburuetako bat, nahiz eta Azpiazu eta aldundietako arduradunak «erakunde publikoak finantzatzeko nahiko baliabide izatea» esaldiaren atzean ezkutatzen diren.

Gainera, gobernuko alderdiek diote zerga sistemaren «progresibotasuna» defendatuko dutela, eta PPk sobera erakutsi du kontu horrekin ez duela kezka berezirik. Are gehiago, ondare zerga ezabatu nahi dute eskuindarrek—soilik errenta eta ondasun handiak dituztenek pagatzen duten zerga bat—, eta fortuna handien gaineko zerga bereziaren aurkako botoa emango duela iragarri dute jada. Ezin zen bestela izan, Madrilgo PPk dirudunak berera erakartzeko emandako opariak zailtzeko helburu aitortua baitauka azken zerga horrek.

Horiek horrela, pentsa liteke koalizio gobernuetako alderdiek ezkerretara begiratu beharko dutela erreformari mamia eman nahi badiote. Baina hor ere gauzak ez dizkiote erraz jarriko. PPk nahi duenaren doi-doi kontrakoa nahi dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk: «Gehien dutenei» eta enpresa handiei zergak handitzea. Bi eskaera horietan pauso esanguratsurik ez badago, erreforma baten aldeko botoa ematera ausartuko dira? Bai baitakite beren botoa merkeegi saltzen badute sindikatuen kritika zorrotzak entzungo dituztela, eta beren aldarrikapenak indarra galduko duela. EH Bilduk ere iragarri du fortuna handien gaineko zerga bereziaren aurka bozkatuko duela.

Egoera politiko horrekin, ez da baztertu behar azkenean erreforma gisa iragarritakoa moldaketa tekniko batzuk besterik ez izatea. Mahai gainean daude enpresako BGAE edo pentsio osagarrien planak zerga aldetik sustatzeko laguntzak; Gipuzkoan hedatuak dira, Geroaren eskutik, baina beste bi lurraldeetan ere zabaltzeko interesa du gobernuak.

Ikusteko dago zer gertatuko den etxebizitza erosteko zerga kenkariarekin, Espainian jada kendu egin zuten eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.