Pastor
DARWIN ETA GU

'Ireland'

2020ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Arazo barik egin da aldaketa, eztabaida handirik gabe: Holanda herrialdeak Herbehereak du, asteazkenetik, izen ofizial bakarra. Gurean, aldiz, beren horretan segitzen dute izenari buruzko filosofia saioek. Azkena: Mendebaldeko Euskal Herriarentzat Vasconia Occidental izena proposatu dute, berriz, egunkari batean.

Noiz eta non esaten dugu Euskal Herria erdaraz? Soilik gure herria zapaltzen duten estatuen hizkuntza ofizialetan ari garenean. Beste erdaretan, ez. Ingalaterran, Irlandan edo AEBetan Basque Country esaten dugu. Perun, Kolonbian edo Argentinan, Euskal Herria. País Vasco ozta-ozta zer den jakin haiek, eta guk Euskal Herria esan.

Erdaraz Euskal Herria esatea joera nagusia dugu. Behinola tronpeta jo zuten nonbaiten, eta Euskal Herria gora eta behera hasi ginen. Dekretuz. Egun, erdaraz País Vasco esateak —edo Pays Basque— anatema ekar dezake. Euskal Herria euskararen herria da. Edo: Euskal Herria euskararen herria ere bada. Gogorarazi beharko zaio ahoan Euskal Herria darabilen erdaldun elebakarrari? Kontua ez da erdaraz Euskal Herria erabiltzea debekatzea. Ez gaizki ulertu. Nahi duenak erabil dezala. Euskal Herria izenaren erdarazko diktaduraren kontra nago, besterik ez. Edozein erdaratan País Vasco, Pays Basque, the Basque Country, das Baskenland eta halakoak nahiago ditugunok estigmatizatzearen aurka. Gaur erdaraz País Vasco edo Pays Basque hitzen alde egiten baduzu, badirudi mentxebikea zarela, autonomista epela. Kolaborazionista. Gau ilunean fusilatzeko modukoa, goizeko argirik eta apaizik gabe.

Espainia hegoaldetik Euskal Herrira etorri berria den ikaslearekin nola mintzatuko naiz? «Los periódicos de Euskal Herria que analizarás...». Eta gero? Mahai gainera jauzi egin eta Batasuna kantatzen hasi? «Aupa, gizona! jaiki mutil!/ Atzar, emazte ta neskatil!/ Borrokarako dei eginaz/ irrintzi bat dabil/ Euskal Herria diagu zai,/ presoak eta hilak ere bai,/ abertzale izanez gero, gaur,/ gauden denok anai». —Edo ahizpa—. Urkulluk urte amaierako mezuan batasuna eskatu duela azalduko diot, baina ez dakidala Eusko Jaurlaritzako lehendakariak abesti hori oso gustukoa izango ote duen. Badakizu: Telesforo Monzonek idatzi zuen, ezker abertzaleak nolabait bultzatu eta abar. Una canción de etarras, bai.

Gauzen ordezkoak dira hitzak, Norbert Elias soziologoaren ustez: «Giza komunikazioan, hitzek nola era guztietako objektuak, hala funtzioak eta imajinazioak ordezkatzen dituzte». Gero, norberaren interpretazioa dator. Espainieraz País Vasco esateak ez gaitu unionista edo erregionalista egiten. PPkoek ere País Vasco esaten dute. Eta? Postfrankistek irudikatzen duten País Vasco hori eta nirea, gurea, guztiz desberdinak dira. Hortaz, arazorik ez.

Irlandarrak arlo askotan maite ditugu. Bada, Sinn Fein alderdiaren webgunean Ireland azalduko da ingelesezko testuetan Irlanda esateko. Éire, ez. Berdin Gerry Adams edo Mary Louise McDonald-en ahoetan. Andersonstown News egunkariko editore Anthony Neeson-ek azaldu dit: «Ingelesez Ireland esaten dugu. Irlanderaz jendeak Éire edo Éireann esaten du. Ez duzu jendea Éire edo Éireann esaten entzungo ingelesez Irlandari buruz ari denean». Bai, hizkuntzen egoerak ez dira berdinak Euskal Herrian eta Irlandan baina horrek ez luke arrazoia izan behar izenekin erdaraz hala jokatzeko. Euskal Herria? Ireland!

La uruguaya nobelan Buenos Airesko gizon baten eta Montevideoko neska baten arteko erlazioa kontatzen du Pedro Mairal idazle argentinarrak. Gure gizona ezkontza krisian dago, eta amorante uruguaitarrak bizitza irauliko dio. Neskak Magalí Guerra Zabala du izena. Zaila izango dute haien artean batasuna lortzea. Emakumearen arbasoak euskaldunak direla dio idazleak. Sudurrean nabari ei zaio Zabala hori: «El desafío etarra de su linaje vasco, en su nariz». Guerrak —abizenaz deitzen dio gizonak neskari— begi eder berdeak ditu, eta amaitu ezinezko musua iradokitzen duen ahoa. Eta piercing bat klitorian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.