Dogma bat erortzear dago Alemanian. Ez da dogma zahar bat, hamarren bat urte baizik ez baititu kontu publikoak urtero defizit gabe bukatu behar duela dioen pentsamoldeak. Baina arrasto sakona utzi duen dogma bat da, azken urteetan Europako Batasuneko politika ekonomikoa baldintzatu baitu. Angela Merkelen gobernuak 2012an orekatu zituen lehen aldiz bere kontuak, eta 2014tik hona superabitarekin itxi ditu. Ez da ziurra aurten berriz hori gertatzea, Berlingo gobernua gerrikoa askatzeko prest baitago, Alemania ahalik eta lasterren atera dadin atzeralditik.
Teknikoki, Alemania ez dago artean atzeraldian, horretarako bi hiruhileko segidan behera egin behar baitu barne produktu gordinak. Hala gertatu zen urteko bigarren hiruhilekoan (-%0,1), eta hirugarrenean gauzak ildo horretatik doazela ohartarazi zuen astelehenean Bundesbankek. Azkenaldiko susmagarri nagusiak daude ekonomiaren motelaldiaren atzetik: brexit-a, Txinaren eta AEBen arteko merkataritza gerra, dieselaren krisia...
Gertakari horiek guztiak nazioarteko merkataritza moteldu dute, eta besteei baino min handiagoa egin diote Alemaniari, esportazioek indar handia baitute bere ekonomian. Urtearen lehen erdian EBren esportazioen %24 egin ditu Alemaniak; EBko herrialdeen artekoak kenduz gero, %28 dira harenak. Horien artean pisu handia dute autoek, eta haien salmenta gehiago jaitsiko da baldin eta Donald Trumpek bere mehatxua bete eta BMW, Mercedes eta enparauen gaineko muga zergak ezartzen baditu.
Babes handiko politika
Bundesbanken azken txostenak balio dezake Berlingo gobernuaren barruan gastu publikoa handitzeko egon daitezkeen azken erresistentziak hausteko. Baita hainbat urtez aurrekontuetako diziplina zorrotza babestera bultzatutako iritzi publikoaren jarrera aldarazteko ere. Izan ere, Merkelen gobernuek kontu publikoei oreka eman izanak babes handia izan du Alemanian, eta horrek azaltzen du, hein batean, Merkelek azken hauteskundeak irabazi izana. Azken urteetako superabitak zorra kitatzeko baliatu ditu Merkelek, eta horrek jarraitzaile fidelak ditu diru kontuetan kontserbadorea den herrialde batean. Superabitaren diruari eta hazkunde ekonomiko sendoari esker, Alemaniak hogei puntu txikitu du zorra 2012tik 2018ra, %80,7tik %60,9ra. Soilik Irlandak txikitu du gehiago azken urteetan, baina hark %6-7ko hazkundea izan du.
Politika horrek, baina, oso kritika gogorrak jaso ditu Alemaniatik kanpo, batez ere eurogunearen geroa kolokan zegoen urteetan. Azken finean, atzeralditik irten ezinik zeuden herrialdeek Alemaniak gastatzea behar zuten, haiek zulotik ateratzeko.
Atzeraldiaren usainak jarrera aldaketa ekarri du Alemaniara. Diru zorroa irekitzeko eskatu dutenen artean dago BDI patronala, oraintsu arte zorroztasun gordinenaren zaindaria. «Hilabete txarrak ditugu aurrean, baina urteak izan daitezke baldin eta ez badago erabaki politiko indartsu bat», azaldu du Joachim Lang BDIko zuzendariak.
Analista batzuek diote berandu datorrela austeritatearen amaiera, orain dirua jartzeak ez duela automatikoki emaitza handirik izango. «Luzaroan Alemaniak gutxi inbertitu du I+Gn eta azpiegituretan. Hamar-hamabost urterako inbertsio plan bat behar dugu azpiegitura digitaletan, I+Gn eta hezkuntzan», ziurtatu du Marcel Fratzxcher DIW azterketa etxeko arduradunak.
Gogoeta horrek bat egiten du orokortzen ari den kezka batekin: Alemaniako industria, punta-puntakoa orain arte, atzera geratzeko arriskuan dago digitalizazioak, adimen artifizialak eta garraioaren elektrifikazioak dakarten erronkaren aurrean.
Irailean, erantzunak
Uste denez, irailean aurkeztuko ditu ekonomiari bultzada bat emateko neurriak, 50.000 milioi euro artekoak. Haien artean izango dira zerga jaitsierak, herritarren kontsumoa handitu eta hartara konpentsa dezaten industriaren motelaldia. Berez, jadaegin du lehen iragarpena: 2021ean ezabatuko du Elkartasun Zerga, Alemaniaren bateratzearen gastuak pagatzeko 1991az geroztik errenta handiko herritarrek eta enpresek ordaintzen duten zerga gehigarri bat.
Alemania, agur dogmari
Atzeraldia ate joka duela, Merkelen gobernua neurriak aztertzen ari da diziplina fiskala pixka bat arintzeko. 2014tik 2018ra superabit publikoa izan dute kontuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu