Iruñeko Harrotu zentroak abian ditu udarako hainbat jarduera, «LGTBI+ errealitatearen bueltan sentsibilizatzeko». Iruñeko Udalaren zerbitzuaren parte da Harrotu, eta xedetzat dauka, batetik, LGTBI kolektiboaren berri ematea; bestetik, kolektiboko kideen parte hartzea sustatzea; eta, azkenik, eskubideak bermatzea. Halere, hori baino gehiago ere bada. Mikel Abaurrea Basarte Harrotuko kideak esan duenez, batzeko tokia da LGTBI kolektiboarentzat. Izan ere, zentroak duen indargune bat da haren kokapena: hiriaren erdialdean dago. «Ez da udaleko bulego soil batera joatea bezala. Kaletarragoa da».
Abaurreak azaldu du «hainbat zerbitzu iraunkor» eskaintzen dituela Harrotuk. Urte osoko eskaintzaren barruan daude kolektiboko pertsonen errealitateari buruzko informazio eskaintza, kolektibokoak batzeko espazio edo elkarguneak, eta liburu eta multimedia edukien mailegu zerbitzua. Harrotu zentrora jotzen dute hainbat profesionalek ere, informazio eta laguntza eske; esaterako, unitate didaktikoetan laguntza behar duten irakasleek. Horiekin batera, Iruñeko LGTBIfobiaren Aurkako Behatokia da zentroaren oinarrietako bat.
Behatokiaren bidez, jarrera LGBTIfobikoak atzeman eta erregistratzen dituzte. Ohikoan, erasoa jasan dutenak, lekuko izandakoak eta inguruko senide edo lagunak bertaratu ohi dira zentrora, salaketaren berri ematera. «Erasoak gertatzen direla proiektatu nahi dugu», laburbildu du Abaurreak: «Normalean, erasoak erregistratzeko orduan, aintzat hartzen dira polizia etxean salaketa jarri dutenek pairatutakoak soilik; baina hori ez da datu erreal bat. Errealitatea bestelakoa da».
Harrotu zentroan, askotariko gertakariakjasotzen dituzte: txikienetatik hasita —postontzian gorroto mezu bat jasotzea, adibidez, edota LGBTI mural batean kolektiboaren aurkako margoketa bat atzematea...—, biolentzia handiena dutenetara: jipoitua izatea, heriotza mehatxuak jasotzea, eta abar. Erasoen gorakada salatu du Harrotuko ordezkariak: «Kolektiboko pertsonen aurkako jarreren igoera nabaria da, bai gorroto diskurtsoak ugaritu direlako, bai orain gehiago salatzen direlako». Bi zio horien artean zein gailentzen den zehazki, hori ez du argi, baina arazoak muina sakona duela uste du Abaurreak:«Gorroto handia dago, eta, gainera, ikusgai».
Hori kontuan izanik, behatokiak duen garrantzia nabarmendu du Harrotuko kideak, eta gaineratu du biktimei «errazago» zaiela gertatutakoaren berri bertan ematea, polizia etxean salaketa jartzea baino: «Erregistratu besterik egin behar ez denez, jendea hona etortzen da salaketa jartzera, beldurra izanagatik ere».
Udako egitaraua, abian
Iruñeko herritar guztiei zuzendua dago Harroturen programazioa, baina bereziki LGTBI pertsona, elkarte eta kolektiboei, eta horien hurbilekoei. Udako egitaraua ere hiru atal nagusitan banatu dute: ahalduntze programa, gizarte eta kultur jarduerak, eta sentsibilizazioa eta prestakuntza.
San Gregorio kalean eta Nafarroako Antzerki Eskolan leku hartuko dute egitarauko hitzaldi, tailer, erakusketa eta antzezlanek. Udako programari uztailaren 19an eman zioten hasiera, Harrotu adi duzu izeneko saioarekin, eta irailaren 28an amaituko dute. «Programazioa norberaren barnetik hasi eta kanporantz doa», azaldu du Abaurreak. Besteak beste, GAM LGTBI kolektiboko pertsonak elkarri laguntzeko talde bat osatu dute, «taldean ahalduntzeko»; irakurketa klub bat dute, eta Bisexualitatearen Nazioarteko Eguna ere baliatuko dute ekitaldiak egiteko, irailaren 23an.
«Gorrotoa» heda ez dadin
Jarrera LGTBIfobikoak atzeman eta erregistratzen dituzte Iruñeko Harrotu zentroan. Hainbat jarduera martxan jarri dituzte udarako propio; «gizartea sentsibilizatzea» nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu