Ama! Iritsi da kalera ateratzeko eguna!». Esnatu ostean 5 urteko semearen lehen hitzak izan ziren, herengun. Emozioa ez da harritzekoa: egunak daramatzate entzuten aterako direla, ez direla aterako, lapikoekin zarata egin behar dutela kalera ateratzen uzteko, soilik erosketetara aterako direla, paseatzera ere baietz, atera ahalko direla... Tarte horretan, gurasoak, kezkatuta: «Bai, bai, aterako zarete, baina ateratzen zaretenean, ezingo zarete lehen bezala ibili, ezingo zarete lagunengana hurbildu, ez ezer ukitu, eskuak ondo garbitu...». Matraka ederra jaso dute.
Ia Olentzeroren egunean adina emozio dute umeek. Begiek egiten diete irribarre. Nora joan eta zer egin, horixe izan zen bezperan afalorduko elkarrizketa. Umeek baloia, bizikleta edo patinetea nahi dituzte, plazara joan, lagunak ikusi... Umeei komeni zaiena mendi aldera joatea dela pentsatzen dute gurasoek, aire garbia arnastea, ariketa fisikoa egitea... 1.800 biztanleko herri txiki batean bizi dira, eta Gaindegiaren mapa begiratuta, hainbat txango posible ikusi dituzte gurasoek.
«Gaur umeei utziko diegu aukeratzen, ezta?», esan dio aitak amari; «egun gehiago ere izango dira, eta eramango ditugu mendi aldera beste batean». Plana, beraz, erabakita: umeek nahi dutena. Eta norekin joango dira? Amarekin? Aitarekin? Hori ere nahiko argi dago. Telelana dela-eta, astean zehar aitak atera beharko ditu kalera; beraz, lehen irteera, amarekin. Urduri umeak, eta urduri gurasoak. «Ondo egingo al dugu? Umeek errespetatuko al dute distantzia? Eta beste familiek, ondo egingo al dute?Ez al dugu orain arteko guztia pikutara botako?». Emozioa da umeena; gurasoena, urduritasuna.
Semeak serio demonio jantzi dira, inoiz baino azkarrago, irteteko desiatzen. Amak ez du presa berezirik, egun osoa dute. Semeek, ordea, bai. Leihotik gelako lagun bat ikusi du 9 urteko semeak. «Ama, mugitu zaitez, mesedez. Ibai ikusi dut».
Patineteak prest dituzte, eta jaitsi dira kalera. 11:30. Ez dabil jende askorik kalean. «Nora joango gara, orduan?». «Plazara!», biek aho batez. Etxean itxita daramatzaten 40 egunetan lehen aldia da hain azkar ados jartzen direla. «Baina, badakizue ezin zaretela ez parkean, ez eliza atarian jolastu!». «Bai amaaaa, badakigu!», erantzuna biek -ez dute esan, baina argi dago zer pentsatzen ari diren: «Ez zaitez astuna izan»-.
Plazarako bidean, urrutira ikusi dituzte beste ume batzuk. «Gelakoak izango al dira?», galdetu du zaharrenak. Ez dira gelakoak, baina herri txikia da eta guztiek ezagutzen dute elkar. Irribarre konplizea egin diote umeek elkarri. Badakite agurtu duten umea ere 40 egunez egon dela preso etxean; badakite, eurak bezala, pozarren dagoela kalean delako. Poza nabari zaie aurpegian.
Plazako okindegiko ilarak harritu ditu gehien. Zerbait erosi nahi dute, eta, amaren baiezkoa jaso bezain laster, berehala barrura abiatu da txikiena. «Itxaron, maitea, ilaran jarri behar dugu». Orduan ohartu da ilara zegoela. «Hemen jarri behar dugu? Ezin gara barrura joan?». Amak semeari azaldu dio horrela direla gauzak orain, ia ezer ez dela lehen izaten zen bezala.
Oraindik ez dute lagunik ikusi, eta lagunak ikusi nahi dituzte. «Non daude? Joan gaitezkebila?». Hamar minutuko kontua izan da haiek ikustea. Arraro begiratzen diote elkarri, ume bakoitza bere gurasoaren ondoan jarrita, distantzia errespetatuz, lezioa ikasita, baina zer esan oso ondo jakin gabe. Denbora luzea da ez dutela elkar ikusi. Pixkanaka gurasoengandik aldendu eta taldetxoa egin dute 9 urteko semeak eta bi lagunek. Une oro errespetatu dute distantzia. Txikienek ere egin dute taldea, baina tartean pare bat abisu ere jaso dituzte distantziak laburtzen ari zirelako. Gurasoek ere eskertu dute elkarrekin tartean pantailarik gabe hitz egiteko aukera.
«Ama, hemen denbora asko gelditzen bagara, denbora agortuko zaigu», abisua 5 urteko semeak. Eta ama kezkatuta, ordubete pasatu ostean semeek ez zutelako etxera bueltatu nahiko!Hamar minutugatik ez dela ezer pasatzen erantzun dio semeari, ez diela inork isunik jarriko, baina seme txikiena jakatik tiraka hasi zaio: «Goazen, ama, goazen». Seme zaharrena lagunekin dago, ordea, eta hari gehiago kostatu zaio banantzea. «Lasai, aurrerantzean egunero aterako gara, izango duzue aukera gehiago».
Ordu laurden falta da ordua bukatzeko, eta etxerako bidea hartu dute hirurek. Bidean, baina, aspaldi ikusi gabeko jende asko topatu dute, eta ez da erraza ezer esan gabe, ezer galdetu gabe aurrera egitea... Bakoitzarekin pare bat hitz behintzat egin dituzte, eta umea, bitartean, tira eta tira. «Ama, goazen etxera, goazen etxera, ordua da».Alarma jarri dute ordubetean jotzeko, eta ezin umea engainatu.
Etxera hurbiltzean, eraikinaren inguruan patinarekin pare bat buelta egiteko esan die amak. Baina ez dira asko aldendu. Pozik eta irribarretsu daude, baina ez daude erabat lasai; kalean ikusi duten egoera ez da beraiek ezagutzen zutena, aldaketak nabarmenak dira: umerik ez elkarrekin jolasten, parkea zigilatuta, pilotalekua eta trinketea itxita, familiak elkarrekin hitz egiten, erdi builaka, tartean bi metro utzi behar direlako, autorik apenas, dendetan ilarak, tabernak itxita... Ikastola itxi zutenetik, euren mundu txikia goitik behera aldatu dela berretsi dute lehen irteera honetan.
Etxera igo eta eskuak minutu batez garbitzeko esan die amak. Harraskan jarri dira hirurak. «Zer, zer moduz ibili zarete?», galdetu die aitak. «Ondooooooooo!». Eta segidan, galdera: «Eta bihar, bihar berriro aterako gara, ezta?».
Koronabirusa
Irteera, beste mundu batera
Hamaika sentimendu azaleratu zituen, igandean, konfinamendua utzi eta umeak ordubetez irteteko aukerak: txikien emozioa, gurasoen urduritasuna, lehen aldiaren zirrara, ondo egitearen kezka...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu