«Ez gaude larri, baina ezta nahiko genukeen mailan ere». Arabako Odol Emaileen Elkarteko sustapen arduraduna da Alaia Elorza, eta ongi daki urte sasoi honetan odol bankuen aurreikuspenen barruan egon ohi dela odol emateak apaltzea. Gabonak tarteko, herritarrek lausoago antolatzen dute euren egunerokoa, eta, horrez gain, gripea eta beste gaixotasun batzuk izaten direnez, sumatu egiten da odola emateko garaian: gutxiago ematen da. Urte osoko odol erreserbak bermatuak izateko, dei berezia egiten ari dira odol emaileen elkarteak eta transfusio zentroak, herritarrak odola ematera joan daitezen: «Ospitaleen premiak asetzeko adina odol izan behar dugu. Hori da helburua».
Egunean 500 bat odol donazio behar izaten dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ospitale guztien beharrak asetzeko —bost odol poltsa ateratzen dizkiote emaile bakoitzari—. Kopuru horren azpitik daude une honetan, Gabonetan izandako apaltzearen ondorioz, baina urtarrilean zehar «ohiko mailara» bueltatzea aurreikusten dute, Elorzak esan duenez.
Nafarroan egunean ehun odol donazio behar dituzte, eta oraintxe maila horri eusten diotela azaldu du Cristina del Castillo Nafarroako Odol Bankuko erizain arduradunak. Gaur-gaurkoz biltegian aski odol duten arren, ohartarazi du ezin direla «erlaxatu»: «Eguneko odol erreserbak bermatu behar ditugunez, etengabe odola ematera deitzen ditugu herritarrak. Beti esaten dugu: odolak egon behar du pazientearen zain, ez alderantziz». Del Castillok jakinarazi duenez, urte osoan dute odol premia ospitaleetan, eta ez soilik transfusioak egiteko, baita gaixo onkologikoak, hematikoak eta transplantatuak artatzeko ere. «Kontsumoa etengabea da».
Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, 10.000 odol poltsako stocka mantendu behar dute eguneroko beharrei erantzuteko, eta, gaur-gaurkoz,odol erreserbak «maila onean» daude, Miarritzeko AFS Odolaren Frantziako Erakundeak aditzera eman duenez. Hala ere, odola ematen jarraitzea funtsezkoadela gogoratu dute, sarritan behar handiagoa dagoen tokietara bidali behar baitituzte odol poltsak. Kontuan hartu behar da Frantzian alarma gorria piztua dutela odol erreserbak husten ari direlako. EFS Frantziako Odolaren Erakundeak abenduan jakinarazi zuen 85.000 odol poltsa pasatxo zeudela stockean, eta 100.000 baino gehiago beharko liratekeela.
Ipar Euskal Herriko egoera ez da larria, baina osasun sistemaren beharrak asetzeko badituzte premia berezi batzuk. Miarritzeko AFSn emandako datuen arabera, A negatiboko eta 0 taldeko odola behar dute bereziki —Ipar EuskalHerriko biztanle ugari baita 0 negatibo odol taldekoa—.
Iraungitze data du
Ebakuntzak egiteko eta gaixotasunak tratatzeko erabiltzen da odola batez ere, eta premien arabera deitzen dituzte odol emaileak elkarteek eta transfusio zentroek. Nolanahi ere, Arabako Odol Elkarteko buruak argitu du odol biltegia guztiz beteta egotea nahiko luketela, baina ez hortik gora. «Odolak iraungitze data du, eta beharrezkoa da etengabe odol gehiagorekin ordezkatzea».
Odola hartzean, osagaiak banatzen dituzte, eta osagai bakoitzak iraungitze epe bat dauka: globulu gorriak 45 egunez gorde daitezke; plaketek bost-zazpi egun irauten dute; eta plasmak, hiru urte. Hortaz, hilabete jakin batzuetan odol emaile ugari izateak ez du konpentsatzen beste batzuetan odolik ez ematea. «Gure beharren gainetik egotea ez da egokia; beti eduki behar dugu premiak betetzeko adina odol».
Orokorrean, odol mota guztien premia dago ospitaleetan, baina bereziki plasma falta dute. Angel Sierra Ehunen eta Transfusioen Arabako zentroko arduradunak azaldu du «berezia» dela odol emate hori, ohikoa baino luzeagoa izaten delako, baina «ezinbestekoa» hainbat eritasun artatzeko. Obstetrizia arazoen eraginez odola galdu denean, bihotzeko ebakuntzetan, gatzapen arazoei aurre egiteko edo infekzioak eta gaixotasun immunologikoak tratatzeko erabiltzen da bereziki plasma.
Aferesi bidezko odol ematearekin lortzen da plasma. «Makinen bidez odola ateratzen da, eta osagaiak bereizten dira, beharrezkoak hartzeko. Gainerako odola emaileari itzultzen zaio», azaldu du Del Castillok. Teknika bereziki onuragarria da gaixoentzat, beharrezkoak diren osagaiak kantitate handiagoan ateratzen direlako. Ordea, gaur egun plasma eskasia dago Europa osoan, eta hor jarri nahi dituzte indarrak odol eta transfusio zentroetako arduradunek:«Urte honetarako erronka nagusia da plasma gehiago lortzea».
Ez da erronka bakarra. Datozen urteei begira, helburu dute gazteak odola ematearen garrantziaz ohartzea eta odola ematera joatea. Belaunaldien arteko erreleboa lortzeko kanpainak egiten dituzte, eta apurka-apurka gero eta gazte gehiago animatzen da odola ematera. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan COVID-19aren izurriaren ondorioz plasma bidezko tratamenduak izan zuen oihartzunarekin,odol emaileen soslaia gaztetu egin zen, eta gaur egun ere emaile «fidelak» dira oraindik, Sierrak kontatu duenez.
Hala ere, gehiago behar dira. «Ardura» kontu bat dela erantsi du Del Castillok: «Bizitza asko salbatzen dira, eta, agian, geuk ere beharko dugu egunen batean». Sierra: «Odola ezin da ekoitzi. Guk ematen ez badugu, ez da egongo».
Urte osoan odol premian
Euskal Herriko ospitaleetako odol erreserbak bermatu ahal izateko, dei berezia egiten ari dira odol emaileen elkarteak, herritarrek odola eman dezaten. Plasma falta dute, bereziki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu