Oso gazte zelarik, Jose Maria Agirre Salaberria familiarekin atera zen Irungo etxetik (Gipuzkoa), hura egun pare bateko kontua izango zelakoan. 1936ko iraila zen, eta Francoren armada Gipuzkoa mendean hartzen ari zen. Irunera azkar itzultzea espero zuen Agirrek, baina patuak askoz bide bihurrago bat zeukan harentzat gordeta, eta bide hark Mauthausengo kontzentrazio esparrua zuen geltoki. Asteburu honetan omenaldia egingo diote sorterrian, Etxebarrian (Bizkaia).
Ahaztuen Oroimena elkarteak memoria historikoa lantzen du, batez ere Lea-Artibain (Bizkaia), 1936ko irailean Markinako frontea ezarri zen eskualdeko herrietan. «Zenbait hilabetetan frontea nahikoa egonkor gelditu zen Ondarroatik Eibarrerainoko lerro hartan, eta guk batez ere han gertatutakoa ikertu dugu», azaldu du elkarteko kide Patxi Ibarzabalek. 2008tik ahalegin handia egin dute gerra edo errepresioa pairatu zutenen testigantzak jasotzeko: «Nahiko genuke hori herriari itzuli eta egunen batean gure grabazio eta dokumentazio guztiak herriko liburutegian utzi».
Oraingoan, Jose Maria Agirre Salaberria gomutan hartu eta omendu nahi izan dute, eta, horretarako, haren ibilerak jasotzen dituen liburuxka bat argitaratu, eta zenbait ekitaldi antolatu dituzte. Doroteo Agirre eta Raimunda Salaberriaren seme nagusia izan zen Jose Maria, 1919an Etxebarriko Egixarre baserrian jaioa eta umetan familiarekin Irunen bizitzen jarritakoa. 1936an familia osoak Hendaiara jo zuen (Lapurdi), gerratik ihesi. Baina gerraren atzaparrak luzeak izaki, bete-betean harrapatu zituen.
Miliziano Katalunian
Frantziako Gobernuak Doroteo eta Jose Maria aita-semeak kanporatu zituen, eta Espainiako Errepublikaren aldeko armadan aritu behar izan zuten. Doroteo 1937ko maiatzean hil zen, eta Jose Mariak Katalunian jardun zuen, artillerian, harik eta lurralde hura ere Francoren mende gelditu zen arte. Agirrek muga zeharkatu zuen, eta Frantziako GobernuakGurseko kontzentrazio esparruan atxiki zuen (Okzitania), beste euskal errefuxiatu askorekin batera.
Okerrena iristeko zegoen oraindik: Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, Frantziak 2.500 errefuxiatu bidali zituen frontera, Maginot defentsa lerroa eraikitzera. Agirre ere haien artean zegoen. Baina alemanen oldarraldia geldiezina izan zen, eta azkar hartu zuten Frantzia mendean. Agirre preso hartu zuten, eta kontzentrazio esparru batera bidali, Mauthausenera (Austria)
Agirre 1940ko abenduan sartu zuten kontzentrazio esparruan, eta 1945eko maiatzean lortu zuen handik ateratzea. Orotara, 54 hilabete egin zituen infernu hartan, lau urte eta erdi. Eta, hala ere, bizirik irautea lortu zuen: «Nik uste dut elkartasunak salbatu zuela», adierazi du Ibarzabalek. «Aberririk gabekoen multzo hartan asko zaindu zuten elkartasuna, eta horrek lagundu zien bizirauten, egoera benetan jasanezina zen eta».
Izan ere, Etxahun Galparsoro historialariak Agirreri buruz idatzitako liburuxkan nabarmentzen duenez, naziak 1942tik aurrera hasi ziren gas ganberak erabiltzen presoak hiltzeko, eta ordura arte esparruetako bizimodu gogorra izan zen presoak hiltzeko erabilitako sistema. Lan akigarria, janari eskasa, hotzerako jantzirik eza, garbitasun falta... Den-dena pentsaturik zegoen presoek sei bat hilabete baino gehiago iraun ez zezaten.
Agirrek, aldiz, bizirik irautea lortu zuen. Baina ez kalte izugarria pairatu gabe: 1945eko maiatzean aske gelditu eta hurrengo urteetan asko sufritu zuen, eta«iparra erabat galdurik» ibili zen, hari buruzko liburuxkan adierazten denez. Apurka-apurka, bizimodua osatu zuen berriz: 1953an Palman jarri zen bizitzen (Balear uharteak, Herrialde Katalanak), eta han bizi izan zen 2009an hil zen arte.
Bere bizitzaren azken urteak lekukotza emateko erabili zituen Agirrek, eta zenbait iritzi artikulu idatzi zituen, hitzaldiak eman zituen eskoletan, eta aukera guztiak baliatu zituen bere egia kontatzeko. Harreman handia izan zuen Balear uharteetako mugimendu memorialistarekin. Ez hori bakarrik: «Ezagutu zutenek haren bizitzeko gogoa nabarmentzen dute. Maite zuen lagunekin bazkari on baten inguruan biltzea. Antza denez, hori zen azken urteetako bere filosofia: ahalik eta zoriontsuen izatea».
Gorazarrezko ekitaldiak
Zenbait ekitaldi egingo dituzte Jose Maria Agirre Salaberriari gorazarre egiteko. Bihar, 18:30ean, Etxahun Galparsorok hitzaldi bat egingo du Etxebarriko frontoiko kultur aretoan, nazien kontzentrazio esparruetan ibili ziren Lea-Artibaiko herritarrei buruz; Agirreren kasua azaltzeaz gain, Jose Clark (Markina-Xemein), Lucio Vallina (Ziortza-Bolibar), Iñaki Eizagirre (Ondarroa), Aurelio Artola (Lekeitio) eta Cecilio Hidalgo ere (Berriatua) izango dituzte hizpide.
Igandean, berriz, omenaldia egingo diote Agirreri, leku berean, 12:00etan. Ekitaldi horretan, Mikele Sotil margolariak, Lorea Zulaika abeslariak eta Memoria de Mallorca elkarteko kideek parte hartuko dute, besteak beste. Agirreren zenbait senitarteko ere han egongo dira.
«Memoria historikoaren alorrean asko landu da gudariaren irudia», azaldu du Ibarzabalek, «baina uste dut alderdi asko daudela kontatu beharrekoak. Jose Marirena horietako bat izan zen. Errefuxiatu bat izan zen, eta edozeini gertatu ahal zaizkion kanpoko faktore batzuen ondorioz Mauthausenen amaitu zuen. Nik uste dut garrantzitsua dela hori ere kontatzea».
Gerraren bide bihurriak
Jose Maria Agirre Salaberria Etxebarrian (Bizkaia) jaio eta Irunen (Gipuzkoa) bizi izan zen. Gerrak eta zoritxarrak nazien kontzentrazio esparru batera eraman zuten. Orain omenaldia egingo diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu