Julen Hernandezek sortu zuen bihar estreinatuko den Aurrera egin badugu dokumentalaren hazia izango zen lehen ikus-entzunezkoa. Bertan, Hondarribiko alardearen auzia Euskal Herritik harago ere ikusarazteko asmoa zeukan Hernandezek. «Youtubeko nire kanalerako dokumental bat egin nuen 2019. urtean, mundu guztiari erakusteko zer zen Jaizkibel konpainia, nondik zetorren, eta haien borroka munduari aurkezteko ere bai. Oso audientzia ona eduki zuen, eta Espainiako eta Hegoameriketako jende askok babesa eman zion konpainiari». Ezagunagoa egin zen Hondarribiko jaietako usadio nagusia, alardea, parekidea bihurtzeko borrokan ari diren gizon eta emakumeen aldarria. 90eko hamarralditik dator auzia, eta Hondarribi ondoan ere, Irunen, gatazkatsua izan da.
Jatorrizko lan hartan elkarrizketatu zutenetako bat da Oihana Etxebarrieta, Jaizkibel konpainiako kapitaina: «Ikusi genuen Julenek egin zuen lanak oihartzun handia izan zuela, eta berriz ere eztabaida mahai gainean jartzen lagundu zuela». Lan horri beste ekarpen bat egin zekiokeela iritzita, elkarrizketen bidezko lanketa batean pentsatzen hasi ziren Jaizkibelen. «Fokua Jaizkibelen jarri beharrean, beste eremu batzuetan jartzen saiatu gara, guk Jaizkibelen lagun deitu diegunei elkarrizketak eginez». Hernandezek zuzendu du orain elkarrizketa horien bidez harilkatutako dokumental bat, eta Etxebarrietak ere bertan parte hartu du, baina beste modu batean. Izan ere, elkarrizketatzaile jardun du orain: «Asko gustatu zait beste toki horretan jartzea eta parekoa entzuteko ariketa hori egitea».
Dokumentala, hain justu, hiru elkarrizketaren bidez osatu dute. Lehengoan, Oihana Etxebarrieta Itziar Ituño aktorearekin solastatu da. Ituño Alardea telesaileko protagonista izan zen, eta, bere ofizioan emakume rol ezberdinak irudikatzeko egin duen lanaren inguruan ez ezik, «asko bidaiatu duen eta errealitate ezberdinak ezagutu dituen pertsona gisa» ere hitz egin du elkarrizketan. Etxebarrietak azaldu duenez, «nazioartekotze horrek ere tokiko borrokei egiten dien ekarpenaz» ere aritu da aktorea: «Esperientzia polita izan da ikustea Hondarribian gertatzen den gauza batek eragina izan duela Itziarren moduko pertsonengan».
Beste elkarrizketa batean, Jaime Altuna eta Kattalin Miner mintzatu dira elkarrekin. Miner, militantzia feministaz ez ezik, Donostiako danborradaz ere aritu da. «Elkarrizketa horrek erakusten digu gu gure herrietako bizilagun garela, eta bertako festek eta erritualek eragiten digutela. Baina gure praktika pertsonalek, laboralek eta politikoek ere eragiten digute, eta horrek guztiak elkarren arteko lotura dauka», azaldu du Etxebarrietak. Arantxa Urretabizkaia idazlea, berriz, Garbiñe Biurrun epailearekin aritu da hizketan, eta alardearen gatazkari giza eskubideen ikuspuntutik begiratu diote. «Elkarrizketa horretan ari dira egindako bideari buruz hitz egiten, eta Oihanaren eta Itziarren arteko solasaldian ere aipatzen dute ideia: aurrera egin badugu, gure aurretik beste emakume batzuek borroka egin dutelako izan da», azaldu du Hernandezek.
Ikerketa bati lotuta
Maggie Bullen antropologoaren ekarpenak ere bildu dituzte lanean. Hark azaldu ditu alardeak beste festekin izan duen interakzioa ulertzeko hainbat gako. Izan ere, Bullenek Emakunderekin batera egin duen ikerketa baten hariarekin bat egiten du dokumentalak. Ikerketa horretan, Irungo eta Hondarribiko alardeak parekide egiteko mugimenduek beste herri batzuetan aldaketak eta estrategiak bultzatzerako orduan izan duten eragina aztertu dute, eta baita alderantzizkoa ere: beste tokietatik zer irakaspen atera daitekeen Bidasoko alardeen auzian aplikatzeko. Festek bizitza komunitarioan daukaten garrantzia ere aztertu du Bullenek: «Oso garrantzitsuak dira, identitatea eraiki eta kidetasun sentimendu bat sortzen dutelako. Bertan ikusten da nola transmititzen ditugun gure ondarea eta baita ohiturak ere. Sinbolikoki oso esanguratsuak dira».
Bigarren ikerketa lerroarekin, berriz, aldarrikapenek historiako eremu ezberdinetan izan duten garrantzia jorratu du Bullenek; besteak beste, festetan. «Frankismoaren amaieratik, jaiak foro bat izan dira, eta bertan ikusi da emakumeek parte hartzeko egin duten aldarria. Baina ez da bakarrik parte hartzea; borroka bat ere egon da hainbat gauzaren kontra. Nolabait esateko, emakumeen errepresentazioak aldatzeko eremu bat izan da». Testuinguru sozialarekin batera aldatu dira jaiak, eta aldaketa horiek gauzatzeko estrategia ezberdinak ere aztertu dituzte ikerketan: «Aldaketa nondik datorren ere aztertu dugu, hori ere oso garrantzitsua baita. Batzuetan emakume bakar batek eskatzen du parte hartzea, edo talde txiki batek, eta beste batzuetan, udalak ondorioztatzen du hori aldatu behar dela».
Ikerketaren hariari jarraitzeaz gain, askotariko gaiak landu dituzte dokumentalean. Hala ere, solasaldi guztiak batzen dituen lotura bat sumatu du Etxebarriak: «Elkarrizketa guztiak bertatik bertara ikusteko aukera izan nuen, eta konturatu nintzen oso erraz konektatzen genuela batak bestearekin, elkar ezagutu gabe ere. Enpatia handia daukagu, elkarrekiko aitortza handi bat ere bai, eta baita konbentzimendu feminista handi bat ere, eta hori polita da: ezezagunen artean ezagunen artean egongo bazina bezala sentitzea».