Beste gairik ez dagoelako... bestela ez ginateke hainbeste lankide etorriko», esan dio Espainiako hedabide bateko kazetari batek beste bati. Abuztuaren lehena delako izango da. Edo Pedro Sanchez Espainiako presidentegaiaren inbestidura saioak huts egin ondoren oporrak hartu dituztelako Espainiako Kongresuan. Madrildik Iruñera egin dute bidea askok. Presidentea hautatzeko inbestidura saioa zen atzo Nafarroako Parlamentuan, baina Espainiako estatu ikuspegia presente izan zen parlamentarien eta gonbidatuen artean. PPko, Ciudadanoseko eta PSOEko arduradunen presentzia nabarmena izan zen, eta ohar egin zien Uxue Barkos Geroa Baiko eledunak: «Nafarroa neurrigabeko argudio bihurtu da Espainiako Estatuan, oso era zikinean». Inbestidura saioa bihurtu da horren erakusle.
Gonbidatu ugariren bilgune izan da parlamentua. Jakina zen Txibite gaur bihurtuko dela presidente, bigarren bozketan gehiengo soila lortuta —EH Bilduk bost abstentzio eta aurkako bi boto emanda—. 50 parlamentariren esku bozketak eta dozenaka gonbidatu, zer gertatuko zain. Eta dozenaka kazetari, haien beha.
Heldu da lehen gonbidatua, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia. Nafarroan hanka bat, EAEn beste bat. Eta akuilua, Madrilen. «Alternatiba irekitzera gatoz; batetik, euskal nazionalismoari, eta, bestetik, nazionalismo foralistari». Irmo gaitzetsi ditu Espainiako eskuinak PSOEri eginiko salaketak: «Inork ezin digu moralitate eta etika leziorik eman terrorismoari dagokionez». Oroitarazi du Navarra Sumak EH Bilduren babesa behar lukeela Txibiteren inbestidura blokeatzeko, eta Gasteizko legebiltzarrean elkarrekin bozkatu izan dutela PPk eta EH Bilduk.
Joan da Mendia, baina berehala itzuli da Txibiterekin eta Madrilen arduradun dagoen nafar batekin: Santos Cerdanekin. PSOEko lurralde antolaketako idazkaria da, eta giltzarri izan da PSNren eta PSOEren artean zubi lana egiteko.
Navarra Sumak ere izan du babesa Madrildik. Baina ez koalizio moduan: nor bere aldetik sartu dira PPko, Ciudadanoseko eta UPNko ordezkariak parlamentura. PPtik, Ana Beltran Antolakuntza arduradun berria —Nafarroako PPko presidentea ere bada— eta Cayetana Alvarez de Toledo Espainiako Kongresuko bozeramailea. Hitz gogorrak izan dituzte biek PSNrentzat. «Traizioaren akordioa da, Txibite EH Bilduren babesarekin egingo dutelako presidente», salatu du Beltranek. «ETA dago Txibiteren inbestiduraren atzean», gehitu dio Alvarez de Toledok. Ciudadanoseko zuzendaritzako ordezkari Lorena Roldan ere izan da. UPNtik, Espainiako diputatu Sergio Sayas eta senatari Alberto Catalan.
Gonbidatuen palkoan, ordea, hutsune nabarmen bat: ez da izan EAJko eta EH Bilduko arduradun nagusirik. Talde horien izenak, baina, behin baino gehiagotan izan ditu ahotan Javier Esparza Navarra Sumako bozeramaileak: «Bildu eta EAJ eskuak igurzten ari dira». Esparzak Txibiteri egotzi dio abertzaleekin bat egitea, eta salatu du aurreko gobernuak abertzaletasuna «inposatu» zuela. Txaloak goian-behean Esparzarentzat, eta barreak gainontzeko parlamentarien artean. PSNri egotzi dio «euskal eskuinarekin» ituna egitea. Koldo Martinez Geroa Baiko ordezkaria barrez hasi da. «Martinez jauna, niri ez dit batere graziarik egiten», esan dio Esparzak. Txalo eta barre gehiago.
«Zirku mediatikoa»
Eta, etorri bezala, Esparzak amaitu ostean joan da Madrilgo ordezkaritza. EH Bilduko Bakartxo Ruizek eta Ezkerrako Marisa de Simonek «zirku mediatikoa» egin izana egotzi diote Navarra Sumari: «Madrilgo hedabideak etorri dira gaur, eta posible da zuri fruituak ematea, baina Nafarroako herritarrek beste zerbait behar dute», ohartarazi dio Ruizek. Eta, horretarako, «foru eskubideak berreskuratzeko» garaia dela aldarrikatu du. Talde subiranistak bakarrik ez, gobernu berria osatuko duten alderdiek ere hizpide izan dute autogobernua. Denek aitortu dute Nafarroa giltzarri dela, hala ere: Espainiako ikuspegitik batzuek, autogobernuari begira beste batzuek, eta euskal abertzaletasunetik beste batzuek.
Bozketa ordurako joan dira Madrilgo bisitari ia guztiak. Orduan itzuli da fokua Nafarroara: parlamentu atarian dira Geroa Baiko eta EH Bilduko ordezkariak, hizketan; barruan, Ezkerrako eta Ahal Dugu-ko kideak; eskaileretan, Carlos Adanero UPNko parlamentari ohia eta Adur Ramirez Altsasuko gazte espetxeratuaren ama, Bel Pozueta. «Kontsentsua» lortu nahi du Txibitek. Gaur arte itxaron beharko du lau urteko bidea hasteko. Lehen saioan, Navarra Sumak eta EH Bilduk aurka egin dute.
Nafarroako inbestidura saioa. Kronika
Estatu arrazoi, berriro ere
Nafarroako presidentearen inbestidura saioa izan arren, Espainiako politikari ugari bildu dira Iruñean: «Abertzaleekin» elkartu izana leporatu diote Txibiteri. Autogobernua aldarrikatu dute besteek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu