Saioa Domingo. Farmazialaria eta Osakidetzako langilea

«Gaur egun, araztegiek ez dituzte guztiz ezabatzen farmakoak»

Medikamentuek ingurumenean daukaten eragina aztertu du Domingok, eta begirada integrala eskatu du, gizakien, animalien eta ingurumenaren osasuna lotuta daudelako.

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
jone arruabarrena
Gasteiz
2022ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Farmakoek ingurumenean duten inpaktuari buruz doktoretza tesia egiten ari zen Saioa Domingo (Bilbo, 1978) pandemia iritsi zenean. Bere bizitokian, Gasteizen hasi ziren agertzen lehenengo kutsatuak, eta gaixoak tratatzeko erabilitako farmakoek naturan izan dituzten ondorioak ere aztertu ditu. Botikek gizakiei, animaliei eta ingurumenari eragin diezaieketen kalteaz aritu da BERRIArekin.

Zer da farmakoen kutsadura?

Farmakoak ezinbestekoak zaizkigu, baina, ingurumenean agertzen direnean, eragina izan dezakete beste izaki bizidunetan eta ekosistemetan. Beraz, kutsatzaileak ere izan daitezke.

Zer garrantzi dauka hori ikertzeak?

Kutsatzaile izendatu berrien artean, farmakoek sortzen dute kezkarik handiena. Hau da: aurretik kutsatzailetzat hartzen ez ziren substantziak aspalditik erabiliak izan daitezke, baina orain kezka sortzen dute. Adibidez, abusurako drogak, edo norbanakoen higienerako produktuak edo erabilera industrialeko substantziak. Eta farmakoak ere bai.

Nori eragiten diote farmakoek?

Farmakoak animalietan ere erabiltzen dira, eta horietako askobeste izaki bizidunetan ere agertzen dira azkenean: adibidez, landareetan eta onddoetan.

Mundu osoko arazoa da?

Duela gutxi, Yorkeko Unibertsitateak ikerketa bat egin du orain arte ikertu gabeko 36 herrialdetako ibaietan, eta bertan frogatu dute baietz, farmakoen kutsadura arazo globala dela.

Zer bide egiten dute medikamentuek ekosistemak kutsatu arte?

Medikamentuaren bizi zikloaren etapa guztiak izan ahal dira medikamentuak eta hondakinak ingurumenera sartzeko bideak. Produkziotik hasi, eta kontsumoraino eta hondakinen kudeaketaraino. Gainera, geroz eta medikamentu gehiago erabiltzen dira, eta joera hori mantentzen ari da, gainera.

Hondakin urek farmakoak izan ohi dituzte?

Bai, eta, horrez gain, kontuan hartu behar da hondakin urak beti ez direla araztegietara iristen: munduan, hondakin uraren erdia baino gehiago ez da pasatzen bertatik: zuzenean joaten da naturara. Era berean, gaur egungo araztegiek ez dituzte guztiz ezabatzen farmakoak.

Beraz, araztegietatik igarota ere farmakoek hor jarraitzen dute?

Jarraitu dezakete, eta, gainera, batzuetan, farmakoak ingurumenean daudenean eraldatu egiten dira; hortaz, araztegietatik pasatu ondoren, beste substantzia bat bihurtu daitezke, eta horrek ere arazoak ekar ditzake.

Zer kalte dakartza medikamentuak isurtzeak?

Eragiten dituzten kalteak erakusten dituen adibide on bat da Pakistanen mende hasieran jazo zena. Sai espezie batzuetan, hilkortasun tasa asko hazi zen, galzorian geratzeraino. Asko ikertu ostean, ikertzaileak konturatu ziren diklofenakoaren ondorioz gertatu zela: Voltaren gisa ezaguna den medikamentu bat. Abelburuei ematen zitzaien, eta saiak kutsatu egin ziren horien gorpuak jatean. Abelburuei ez die kalterik egiten, baina saientzat toxikoak da.

Horrek ondorioak izan zituen ingurumenean?

Beste arazo bat ere sortu zen: ez zegoenez sarraskijalerik gorputz hil horiek jateko, beste sarraskijale batzuk agertu ziren: adibidez, arratoiak eta txakur basatiak. Eta horiek gizakietara transmititu ditzakete gaixotasunak: adibidez, leptospirosia eta errabia. Beraz, kasu horiek ugaritu egin ziren, eta orduan giza osasunean ere eragin zuen. Horrez gain, gorputz hil horiek erraustegietara eramateko, kamioiak behar dira, eta horrek CO2 aztarna ere sortzen du. Orduan, esan dezakegu arazoa osasun bakarrekoa dela: gizakiaren osasuna erlazionatuta dagoelaanimalien osasunarekin eta ingurumenaren osasunarekin.

Zer ondorio dauzka farmakoen kutsadurak garapen iraunkorrerako helburuei begira?

Hasiera batean, pentsatu dezakegu helburu gutxitan eragiten duela, baina ikusi genuen hamazazpi helburuetatik hamabitan gutxienez eragiten duela, kasu batzuetan helburu horien lorpena arriskuan jartzeraino.

Adibidez?

Lurreko ekosistemetan, uretan ere bai, eta baita giza osasunean ere. Turismo berdean ere eragin dezake, azkenean ekosistemak aldatzen direlako.

Antibiotikoekiko erresistentzia da farmakoen kutsadurak dakartzan beste ondorioetako bat. Nola garatzen da?

Antibiotikoak erabiltzen ditugu bakterioek sortutako infekzioetarako, baina bakterio horiek antibiotikoekiko erresistenteak egiten badira, ez daukagu tresnarik infekzio horiek sendatzeko. Eta antibiotikoen erresistentzia horien agerpena zuzenki lotuta dago antibiotikoak ingurumenean agertzearekin. Beraz, zer ondorio dakar horrek? Infekzio horiek tratatzeko zailtasunak izango genituzkeela.

Tesia egiten ari zinela, Gasteizen, COVIDaren lehen olatuan ere hartu zenituen laginak.

Farmakoen kutsadurari buruzko beste ikerketa batzuekin ari ginen, baina pandemia etorri zenez, egoera hori aprobetxatu genuenikerketa ere horretara bideratzeko. Gasteiz, gainera, birusaren lehenengo sarbideetako bat izan zen. Beraz, momentu hori aprobetxatuta, ikertu egin genuen.

Zer ikertu zenuen zehazki?

Jakin nahi genuen nola aldatu zen COVID-19rako erabilitako farmakoen kontsumoa ospitale mailan, eta ikusi genuen asko areagotu zela, batez ere ZIUetan paziente asko artatu behar izan genituelako. Ur hondakinak ere aztertu genituen, ospitaleetakoak zein etxeetakoak. Eta, kasu horretan, lau farmako atzeman genituen: azitromizina, lopinabirra, ritonabirra eta hidroxiklorokina. Hidroxiklorokinaren kasuan, mundu osoko lehen ikerketa izan zen farmako horrek ingurumenean zuen agerpena neurtzen zuena.

Zeintzuk izan ziren emaitzak?

Azitromizina, adibidez, erdimailako arriskua zen ingurumenerako, baina, aldiz, lopinabirraren, ritonabirraren eta hidroxiklorokinaren arriskua apala zen.

Tesian, osasuneko profesionalen ikuspuntua txertatu nahi izan duzu farmakoen kutsaduraren inguruan. Orain arte ez da halakorik izan?

Normalean, farmakoen kutsadura edo medikamentuen ingurumen inpaktua beste profesional batzuek landu izan dute: adibidez, biokimikariek eta ingurumen zientzietakoek. Baina farmakoen kutsaduraren arazoa oso konplexua da, eragile asko daude, eta, batzuetan, interesak ere kontrajarriak dira. Hala ere, konponbide bat topatzeko orduan, ezinbestekoa izango da denon laguntza. Agian, osasun profesionalek uste dute ez dela beren erantzukizuna medikamentuen ingurumen inpaktuarena, baina pentsatzen dugu aldatu egin behar dela hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.