13/13 auzia. Epaiketa Madrilen

77 urte eskatzen dituzte 13/13 auzian epaituko dituzten zortzi herritarrentzat

Epaiketa uztailaren 12an hasiko da, eta 2010ean egindako polizia operazioa du oinarri. «Denboraz eta lekuz kanpo» dagoela uste dute auzipetuek. Mobilizazioei ekingo diete

Auzipetuetako sei, atzo, Bilboko agerraldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2021eko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Uztailaren 12an hasiko da Espainiako Auzitegi Nazionalean zortzi euskal herritarren kontrako epaiketa 13/13 auziaren harira, ETArekin harremana eduki izana leporatuta. Euskal presoen abokatuak edo presoen aldeko mugimenduan aritutakoak dira auzipetu guztiak: Arantza Zulueta, Iker Sarriegi, Jon Enparantza, Julen Zelarain, Naia Zuriarrain, Saioa Agirre Arauko, Nerea Redondo Otamendi eta Juan Maria Jauregi. Orotara, 77 espetxe urte eskatzen dizkiete.

Berez, makrosumarioen eta epaiketa handien aroko azkena izan beharko luke 13/13 auzikoak, Bateragune auziko epaiketa errepikatzea agintzen ez badute edo Auzitegi Nazionalean beste zerbait erabakitzen ez badute behintzat. Auzi honi dagokionez, 2010eko apirilean egindako sarekada batean du oinarri; gaur egun Espainiako Barne ministro den Fernando Grande-Marlaskak agindutako polizia operazioan, hamar lagun atxilotu zituzten, azkenean hamahiru auzipetu zituzten arren. Atxilotuetako zenbaitek torturak eta tratu txarrak salatu zituzten.

Geroztik 11 urte igaro dira, eta egoera politikoa arras aldatu da. «Denboraz eta lekuz kanpo» dator orain epaiketa, Agirre Araukok eta Redondo Otamendik auzipetu guztien izenean irakurritako agirian azaldu dutenez, «inoiz denbora eta leku barnean egoterik balu». Sinesmen horretatik egingo diote aurre auziari.

Auzipetuak saiatu dira orduko gertaerak «testuinguru politiko zehatzean» kokatzen: «Ezker abertzalea bete-betean zebilen konfrontazio armaturik gabeko agertoki politiko berria eraikitzeko oinarriak gorpuzten, betiere indarkeria adierazpen guztiak Euskal Herrian desagertzea xede». Auzipetuak ere horretan zebiltzan, «Euskal Preso Politikoen Kolektiboa egoera berrira egokitzen laguntzen eta eragile aktibo izan zedin». Horregatik, haien kontrako operazioa, Bateragune auzikoa edo Herrira elkartearen kontra egindakoa bezalaxe, «asmo horiek zapuzteko ahalegintzat» jotzen dute.

«Toga hotsak»

Auzipetuek uste dute denborak arrazoia eman diela, eta presoen ekarpena «erabakigarria» izan dela oraingo egoerara iritsi ahal izateko. Baina «gatazkaren ondorio ugarik» konpondu gabe dirautela pentsatzen dute, eta «iraganari kateatuta» jarraitu nahi duten sektoreak egin dituzte horren erantzule. Esan dutenez, Espainiako Auzitegi Nazionala da estrategia horren «ardatza», egoera politiko berrian «osagai deformatzaile eta baldintzatzaile izateko xede garbiarekin». Esan dutenez, behinola ezpata hotsak zirenak toga hotsak dira gaur egun.

Auzipetuek uste dute «presoak atzerapen gehiagorik gabe etxeratzeko garaia» dela, «gatazkaren ondorio guztiak argitu eta zauriak ondo ixten» saiatzekoa eta «euskal gizarteari, askatasunari eta demokraziari aukera berriak» irekitzekoa.

Horregatik, argi adierazi dute prest daudela fiskaltzarekin akordio bat egiteko, Herrira elkartearen kontrako epaiketan gertatu zen bezala, eta «borondate» horrekin ekingo diotela epaiketari, baina oraindik ez dakitela beste aldean ere horretarako borondaterik egongo ote den. «Gure ekarpena izango da egoera berriaren aldeko apustua sendotzea», erantsi dute.

Auzipetuek iragarri dute agiria eragile politiko eta sozialei aurkeztuko dietela datozen asteetan, haien aldekotasuna eta sostengua bilatzeko asmoz. Mobilizazioei ere ekingo diete: auzipetuen sorterri eta bizileku diren herrietan mobilizazioak antolatuko dituzte, eta uztailaren 10ean Bilbon eta Donostian egingo dituzte ekitaldi nagusiak.

Elkartasun ekonomikoa ere bilatuko dute: esan dutenez, orain arteko prozesu luzea zama handia bilakatu zaie, eta, gainera, aurreikusita dago epaiketak 18 egun iraungo duela, horrek dakartzan joan-etorri eta gastu guztiekin.

«Zentzugabea»

Sare elkarteak elkartasuna adierazi die zortzi auzipetuei, eta erantsi du epaiketa «zentzugabea eta bidegabea» begitantzen zaiela: «Auzitegi Nazionalak berriro frogatu du salbuespen auzitegia izaten jarraitzen duela, eta gure herria bakerantz eta bizikidetzarantz egiten hasi den bidea oztopatu nahi duela».

Sarek gogorarazi du auzipetuetako batzuk jadanik epaituak izan direla orain leporatzen dizkieten delituengatik, eta batzuek espetxe zigorra ere bete egin dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.