Joserra Senperena.
IRITZIA

'La Fiesta'

2021eko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Chick Corea izena entzun orduko, burura datorkit 1970eko hamarkadan Return to Forever bandaren lehenengo bi diskoen soinu paisaia. Liluratuta utzi ninduen bazter hartan entzuten zen askatasun, energia eta goxotasunak, eta festarako gogoa sortzen zuen musikari haiek interpretatzen zutenak. Free jazz korrontea aurreko hamarkadan lehertua zen, eta irekiak ziren ateak mota guztietako fusioetarako. Disko haietako aparteko atmosfera hura sortzeko, Flora Purimen ahots fina eta Joe Farrellen flauta delikatua bildu zituen Coreak (artean boladan zegoen instrumentua: Peter Gabrielen Genesis-en diskoak, Mikel Laboaren 1970eko diskoak...), baita pianistak erabiltzen zuen Fender Rodhes piano elektrikoa ere; hiruren artean espazio berri bat eraiki zuten, zeinak paradisuarekin antz handia izango lukeen, hura existitzekotan.

Burura datorkidan bigarren lana da Miroslav Vitous eta Roy Haynesekin egindako trioa: formula klasikoago bat —piano trio klasikoa—, baina diskurtso bereziki askearekin. Jazzaz hitz egitean erredundantzia izan daitekeen arren, pianistaren hizkuntza beti iruditu zait partikularrenetako bat. Trio honekin, Coreak tradizioa eta free korrontea lotzen ditu erabateko inprobisaziotan eta autore handien bertsiotan, nire ustetan diren bere urte onenetan.

Bere musikak generoen arteko mugak zeharkatzen ditu; jazzetik harago doa. Eraikitako zubiei esker, batzuek jazzera gerturatzeko aukera izan genuen: lurralde berriak ezagutu, eta bertan ere Festa-z gozatzeko aukera dagoela jakin genuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.