Hasiera txarrari buelta ematen

Igor Baigorri Perez
2023ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
«Larri ibili gara urte hasieran». 2023aren lehen erdia gorabeheratsua izan da Ford Easo Motorren, baina, lehen hiru hilabeteak txarrak izan arren, aldaketa handia nabaritu dute martxotik ekainera bitarteko salmentetan, Jon Tolaretxipi kontzesionarioko zuzendari nagusiak azaldu duenez. Pedro Morgado Volvo Autosueciako (Hernani,Gipuzkoa) salmenta buruak, berriz, adierazi du iazko datuen antzekoak dituztela. «Urte hasiera oso txarra espero genuen, baina helburuak betetzen ari gara».



Auto elektrikoei dagokienez, Tolaretxipi eta Morgado bat datoz: oraindik ere ez dute herritarren interesa piztu. Kargalekuen falta eta autoen autonomia apala dira, haien ustez, erosleen kezka nagusiak. Hala ere, itxaropentsu daude, eta uste dute gero eta auto elektriko gehiago salduko direla pixkanaka. «Bateria kargatzeko beldurra amaitzea da auto elektrikoen industriaren helburuetako bat urte honen bukaerarako», zehaztu du Volvoko salmenta buruak.

Ikusi gehiago:Inflazioari izkin egin dio autoen salmentak: %14 handitu da Hegoaldean

Hornidura arazoek autogintza bete-betean astindu zuten arren, arazo hori arindu da. Saltzaileek diote jada normal funtzionatu dezaketela, eta, pieza oso espezifiko batzuk izan ezik, gainontzekoak luze gabe izaten dira eskuragarri. Txipen inguruko arazoak eta bereziki Taiwango esportazioen faltak zuzenean eta zeharka eragin dute autogintzan. Horrez gain, salmentetan eragin negatiboa izan du auto berriak eta bigarren eskukoak garestitu izanak, baita bankuen maileguen interesak igo izanak ere, Morgadok eta Tolaretxipik diotenez.

«2021. urtea oso ona izan zen kontzesionarioentzat. Orain, egoera ez da hain ona, baina autoak saltzen dira», azaldu du Morgadok. Haren arabera, erosle gehienek konbustio autoak hautatzen dituzte oraindik ere. Tolaretxipiren esanetan, auto merkeenak eta txikienak saltzen dira gehien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.