Euskararen erabilera sustatzeko proiektuei zangotraba handia jar diezaieke Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiak: funtsean, epaileen ondorioa da erakundeek ezin dutela ezarri erabat euskaraz egingo den jarduerarik, nahiz eta hartzaileak euskaldunak izan, horrek «baztertu» egingo lukeelako euskaraz jakin ez eta parte hartu nahiko lukeen inor —balego—. Finean, euskara normal erabiltzea zapuzten du, ez dagoelako euskaraz jakiteko betebeharrik.
Lasarte-Oriako Udalaren diru laguntza batzuk iritsi dira Auzitegi Gorenera. Udalak ezarri zuen haren laguntzaz 16 urtez azpikoentzat antolaturiko ekintzak euskaraz egin behar direla. EAEko Udal Legearen babesarekin hartu zuen neurri hori —lege horrek dio udalek euskara sustatzeko eskumena dutela, eta hizkuntza irizpideak jar ditzaketela kontratuetan—. Gorenaren erabakiak, hortaz, kolokan jarri du Udal Legearen irismena, ekitaldiak euskaraz egiteko klausula legez kanpokotzat jota. Hori zuritzeko, ohiko argudioak erabili ditu auzitegiak: konstituzioa, euskararen «inposizioa» eta erdaldunak «diskriminatzea». Are, hizkuntza politikak nondik jo beharko lukeen ere iradoki dute epaileek: «Badirudi sustapen inklusiboa izan beharko lukeela minoritarioa dela esaten duten hizkuntza koofizial batek, ez baztertzailea; alegia, bi hizkuntzak erabiltzea, ez dakienari sarbidea ezinezko bihurtu gabe».
Lasarte-Oriako ume ia guztiek badakite euskaraz, baina etxean ez dute hala egiten gehienek. Behar dituzte euskarazko eremuak. Hizkuntza gutxituak behar ditu nagusi izango den eremuak: defektuz euskaraz egingo den lekuak. Horretarako modua jarri du ezagutzan egindako pausoak: eremu batzuetan gertu dago unibertsalizazioa. Baina hori erabilerara eraman ezik, aukerak sortu ezik, antzua izango da. Horretarako oztopoa jarri du sententziak.
ANALISIA
Zangotraba
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu