Espainiako Gobernuak %2 igo ditu bere langileen soldatak

Iker Aranburu.
2020ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Pentsiodunen sariak %0,9 handitu ondoren, langile publikoen soldatak %2 igo ditu Espainiako gobernu berriak. Printzipioz, neurriak bere menpeko administrazioko langileen soldatei soilik eragin beharko balie ere, krisia hasi zenetik zer egin inposatu die beste administrazioei. Kontu publikoak orekatu behar zirela arrazoituta, sei urtez ez zuten soldata igoerarik izan. Aurten halakorik egon ala ez, kontua da Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ere kopuru horretan handituko dizkietela soldatak beren langileei —70.000 Eusko Jaurlaritzak, 30.000 Nafarroako Gobernuak—.

Iaz berdin jokatu zuten Gasteizko eta Iruñeko gobernuek, etaMadrilek egindakoa egin zuten haiek ere. Soldatak %2,25 handitu zizkieten beren langileei urte hasieran, eta gero beste %0,25 uztailetik aurrera.

Aurten ere gerta liteke urtean zehar beste ordainketa bat jasotzea langile publikoek. Izan ere, Pedro Sanchezen gobernua betetzen ari da Mariano Rajoyren gobernuak Espainiako sindikatu nagusiekin 2019rako eta 2020rako hitzartutakoa. Itun horrek zioen 2019an ekonomia %2,1 haziz gero, soldata 0,20 puntu gehiago handituko zietela funtzionarioei eta igoera gehigarria %1ra irits zitekeela %2,5 handituz gero. Madrilen aurreikuspena da %2,1 haziko dela, baina hortik behera geratuko dela diote beste iragarle batzuek.

Ahal izanez gero, urtarrilean

Madrilgo gobernuaren erabakia Jaurlaritzak hartutakotik bereizi zuen atzo Josu Erkorekak. Jaurlaritzak azaroan esan zien bere administrazioko sindikatuei soldatak %2 handitzeko asmoa zuela, eta kopuru hori jarri zuen 2020rako aurrekontuetan. «Lehenbailehen» jarri nahi dute indarrean: «Aukera izanez gero, urtarrileko soldatarekin; bestela, otsailean, baina prozesua martxan dago». Igoera murritzegia dela ziurtatu dute sindikatuek, ez duelako berreskuratzen galdutako erosahalmena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.