Loiolako kuartelen leku aldaketaz hitz egiten hasi dira Donostia eta Espainia

Goia alkatea Casteleiro Defentsa idazkariarekin batu da Madrilen. Alde biek batzorde bat osatuko dute kuartelen aprobetxamendua zehazteko

Loiolako kuartelen artxiboko irudi bat. GORKA RUBIO / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2021eko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Loiolako kuartelak eraitsi, eta geratuko den orubean egingo den hirigintza proiektuaren baloraziorako aldebiko batzorde tekniko bat osatuko dute Donostiako Udalak eta Espainiako Defentsa Ministerioak. Atzo batzartu ziren Madrilen Eneko Goia alkatea eta Esperanza Casteleiro Defentsa idazkaria; kuartelen leku aldatzea nola egin zehazteko lehen bilera izan zen. Gaur egun Loiolan dauden kuarteletako orubea bereganatuko du udalak, eta militarrek 700 metrora dagoen hipikara eramango dute euren egoitza.

Loiolako kuartelak dauden lursaila hirigintza proiektu batera bideratzeko nahia aspaldikoa da Donostian, eta hala lortu zuen EAJk iazko azaroan. 2021eko Espainiako Gobernuaren aurrekontuak babestearen truke hitzartutako akordioetako puntu bat izan zen hori. Lursailengatik ordaindu egingo zaio Defentsa Ministerioari, eta bere esku utzi dute militarrak nora lekualdatu erabakitzea. Orubea eskuratzeko akordioaren berri izan bezain pronto esan zuen ministerioak nora joango ziren Espainiako militarrak, auzoan dagoen hipikara —haienak dira lur horiek ere—. Gaur egun, kuartelean 500 militar inguru daude.

Gaur-gaurkoz, ez dago argi lursail horretan zein hirigintza proiektu bideratuko duen Donostiako Udalak. Dena den, azaroaz geroztik gaiari buruz hitz egin duenean, Goiak esan du etxebizitza babestuak egin nahi lituzkeela bertan. Hain zuzen ere, 1.600 etxe inguru egin ditzaketela ere zabaldu izan da. Auzoan eragin nabarmena izango luke horrek, 2019ko datuen arabera, 5.000 biztanle bizi baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.