ana galarraga aiestaran
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Zero COVID: sorgin-gurpiletik ateratzeko proposamena

2021eko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Izurriaren lehen olatuaren ondoren, antzeko estrategiari heldu zioten Europako herrialde gehienek: birusarekin bizitzen ikastea. Estrategia horrek ez du lortu birusa kontrolpean izatea, eta prebentzio-neurrien eta eskubide-murrizketen aldizkako gogortze- eta malgutze-ziklo itsuan sartu du gizartea. Hortik ateratzeko, askok txertoan zuten jarria itxaropena; alabaina, txertaketa-kanpaina hasi orduko, baikorregiak zirela ohartu dira.

Dena ez da kritika eta etsipena, ordea. Badira proposamenak ere; nabarmenena, Zero COVID estrategia. Contain covid ere deitzen zaio (kontrolatu COVID-19a), eta haren funtsa birusaren intzidentzia guztiz txikitzean eta hari maila apalean eustean datza. Birusa desagerraraztea ezinezkoa bada, ahalik eta gutxien egon dadila; agerraldiak berehala geldiarazi daitezela, eta positibo guztiak kontrolatu. Udaberriko konfinamendutik ondorenerako epidemiologoek planifikatu zuten antzera, alegia.

Zenbait herrialdetan lortu dute: Taiwanen, Japonian, Zeelanda Berrian, Vietnamen, Singapurren... Europan, oraingo egoerarekin, askok ezinezkotzat jotzen dute, baina gero eta babes handiagoa du zientzialarien artean. Hain zuzen, Europa osoko zientzialari-talde handi batek dei egin die Europako gobernuei bide hori har dezaten elkarrekin; eta Erresuma Batuan, Irlandan, Alemanian eta Katalunian, besteak beste, tokiko aditu-taldeak sortu dira, proposamena bultzatzeko.

Talde bakoitzak bere jarraibideak aurkeztu baditu ere, funtsean bertsuak dira. Europako zientzialari-taldeak, esaterako, 100.000 biztanleko eta eguneko infekzio-kasu berri bat edo gutxiagoan jarri du helmuga. Herrialde batek baino gehiagok lortu izan du intzidentzia hori une batean edo bestean, eta udaberrirako herrialde guztiak maila horretara iristea proposatu dute.

Hori lortzeko, neurri eraginkorrak hartu beharko lirateke berehala, elkarrekin koordinatuta. Eta kutsatzeak jaitsitakoan, positiboei jarraipen estua egin; eta, agerraldiren bat sortu orduko, azkar eta gogor erantzun.

Proposamenak arrakasta izateko, ohartarazi dute nahitaezkoa izango dela populazioaren talde zaurgarrienei laguntzea (hain justu, haiek dira birusak kalte handien egiten dienak) eta gizarte-arrakala txikitzeko programa sendoak ezartzea.

Horrez gain, komunikazioan ere jarri dute arreta. Izan ere, neurriek arrakasta izateko, ezinbestekoa da herritarren lankidetza. Hortaz, oso garrantzitsua da ondo komunikatzea gizarteari intzidentzia txikia izatearen onurak: osasunean, ekonomian eta gizartean ekarriko lituzkeen abantailak ezagutzeak herritarren motibazioa hobetuko luke, eta elkarkidetasuna sustatu.

Zero COVID helburu handinahia da, handinahiegia epidemiologo askoren iritziz. Are gehiago, inor gutxik uste du SARS-COV-2a desagertuko denik; ezta txertoekin ere. Epe luzera, sasoiko birusa izango dela iragartzen dute. Bitartean, ordea, eta txertoen bidez populazioaren gehiengoa immunizatzea lortu arte, intzidentzia txikitzeak eta hedapena kontrolpean izateak arnasa emango lioke gizarteari. Zero COVID proposamena gizarteratzeak balio beza orain arteko kudeaketa aztertzeko, irtenbideak lantzeko eta eztabaidatzeko, eta gizartearekin batera gobernuei norabide-aldaketa bat eskatzeko, estrategia adostu batekin, eta helburu argiekin. Kontuan hartuta, betiere, krisi hau sindemia bat dela, eta, osasun-krisia ez ezik, soziala eta ingurumenekoa ere barne hartzen dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.