Koldo Tellitu Mejia.

Nola ulertzen dugun Euskal Curriculuma

2021eko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Curriculuma, Egle Becchi-ren arabera, instituzioen bitartez gizatalde ezberdinek garaian garaiko ezagutza eta ideiak hautatu, antolatu eta transmititzea helburu duen prozesua da. José Gimeno Sacristán-en arabera, berriz, hezkuntza-erakundeek ikasleengan zabaldu nahi duten kultura-edukia da, bai eta eduki horrek hartzaileengan dituen ondorioak ere. Euskal Curriculumak, azkenik, nola definitzen du? Ikasketa ibilbidearen amaieran eskuratu beharreko kultur ibilbidearen eta konpetentzien proposamena da, eta bi helburu ditu: batetik, pertsonek gizabanako, gizartekide eta izadikide gisara erabateko garapena lortzea; eta bestetik, belaunaldi gazteak gizartean integratzea eta etengabean berritu eta eguneratutako proiektu komuna eraikitzea.

Etxea eta familia, auzoa eta lagunartea, gazte-jendearen bizi-giro hurbila izan dira, mende luzez, sozio-kulturazko transmisio-lanaren gune nagusiak. Hor ikasten zuen haurrak gurasoen hizkuntza, hor jabetzen zen gaztea helduen maitasun-beldurrez, ikuspegi eta ohiturez, kantu eta dantzez, bertso eta kontakizunez, urtaroen ospakizun eta gizarteko tratu-harremanez. Lanbideak eta jan-edanek hor zuten beren ikasgunea, janzkerak eta jolas-jokoek bezala. Bestelakoak, halakorik suertatzen zenean, gero etortzen ziren: eskolaz, profesioz, herrien arteko harremanez... XIX. mendetik aurrera, ordea, Europako Estatuek beren hezkuntza-sistema nazionalak eraiki zituztenean, hizkuntzaren eta balio kultural eta historikoen transmisioa gehienbat familiatik eskolara igaro zen. Egia da euskal nortasun-ezaugarri soziokulturalen habia eta harrobia, hauspoa eta iturburua etxe-familiek eta auzo-lagunarteek osatzen jarraituko dutela, neurri handi batean. Baina etxe-giroaren indar-neurri hori ahultzen eta gesaltzen joan da, eta beste zenbait gizarte-erakundek indar handiagoa hartu dute belaunaldiz belaunaldi jarraibide soziokulturala emateko garaian.

Beraz, egun curriculumaz ari garela, ia guztiaz ari gara; hau da, ikastetxean ikaslea ikastera eraman dezakeen kontestu oroz, nahiz eta, zentzu hertsian, edukiaz ari. Hala ere, egitarau oro hautaketa baten ondorioa da, eta horrek argitzen du Estatu guztiek curriculum gaiari eman dioten garrantzia, herri edo herrialde baten hizkuntza, kultura, historia, izaera transmititzeko eta mantentzeko oinarrizko tresna baita, eta era berean, estatuen barneko herrien asimilazioa bizkortzeko bitartekoa, zatiketa administratiboarekin batera, Frantziaren eta Espainiaren kasuan.

Horregatik azpimarratzen dugu Euskal Curriculumaren garrantzia; gure hizkuntzak, kulturak, izaerak, ezaugarriek behar dute beren zaintzaz, transmisioaz eta sorkuntza berriez arduratuko den esparrua, eta hezkuntzan, esparru hori Curriculum antolaketa da. Ondorioz, ezinbestekoa da gure curriculum propioa izatea; ez digu balio %40-60-80 guk ezartzea, %100ean finkatu behar dugu. Euskal Curriculuma munduaren ikuspegi jakin batetik egindako kultur prozesuen eta produktuen hautaketa da; euskaldunontzat berezkoak direnak biltzen ditu, eta baita unibertsalak ere, Euskal Curriculuma ez baita gurean bakarrik oinarritzen den dokumentua.

Curriculumaren gaineko gure ikuspegia argitu ostean, hiru oinarri nagusitan kokatzen dugu gure proposamena:

Hizkuntza: Gure hizkuntza euskara da, eta berau izango da eskola eta irakaskuntzarako hizkuntza. Hots, euskara da euskaldunon hizkuntza eta, ondorioz, euskal curriculumarena. Beste hizkuntza batzuk ikasi eta erabili behar dira (bakoitza bere testuinguruan), baina beti jakinda gure hizkuntza euskara dela. Badakigu honekin jende asko aztora daitekeela, baina herri izaerari eutsi nahi badiogu euskararen garrantzia koska bat gehiago igo behar dugu, bestela gaur egun gertatzen ari zaiguna gertatuko zaigu; hots, ikasleek pentsatzea euskara ikasi behar den hizkuntza bat dela, baina ez dela beren hizkuntza, ez dela harremanetarako edo lanerako hizkuntza; beraz, ikasiko dute (hala nola) baina ez da berena den zerbait izango. Eta hau bertakoekin zein kanpotik datozenekin gertatzen ari da.

Izaera: Zer-nolako gizartea nahi dugu euskaldunok? Hori da oinarrizko galdera, eta erantzun horren arabera hezi eta formatu beharko ditugu gure gazteak. Beraiek osatuko dute etorkizuneko gizartea, eta beraien balio eta ezaugarrien arabera antolatuko dute berau. Gogoetarako galdera bat luzatzen dizuegu: zer nahi dugu gure seme-alabak izan daitezen? Etorkizun profesionalak eskatuko dizkien ezagutza espezifikoak ikasiko dituzten pertsonak, edo horiek guztiak euskal testuinguru batean ulertu, sentitu eta biziko dituztenak? Galdera konplexua da, erantzun asko eta errespetagarriak dituena. Ikastola ereduak argi dauka zein den bere ikuspegia, eta dagoeneko, irakurle, zuk ere ondorioztatuko zenuen.

Eragina: Euskal Curriculuma esparru guztietara zabaldu behar da, eta azpimarratzen diren balio eta oinarriek zipriztindu behar dituzte Curriculuma osatzen duten esparru guztiak. Gure errealitate eta testuingurutik ulertuko ditugu eta erantzungo diegu mundu mailako erronka eta beharrei. Ezagutzaren erabilgarritasunean dago gakoa: ikasitakoak eguneroko bizitzan duen esangurak eramango gaitu ikasitakoa baliatzera, ikasketa prozesuari zentzua emanez.

Sarri errepikatzen den gogoeta batekin amaitu nahi dugu; eskolak bakarrik ezin dio erronka horri erantzun. Gizarte mailako egiteko partekatu bezala ulertzen dugu. Euskal Curriculumean oinarritutako ikas-irakaskuntza prozesuak definituko ditugu, euskal balio eta ezagutzatik abiatu eta mundua ikusi eta ulertzeko modu bat partekatuko dugu haur, nerabe eta gazteekin. Hala ere, gizarteak eta familiek ikuspegi horrekin lerrokatutako mezuak eta ereduak eskaintzen ez badituzte, hasieran jarritako helburura iristeko oztopoz beteriko bidea izango dugu, eta behin eta berriz erorita, baliteke helmugara ez iristea.

Hona hemen eztabaidarako gure proposamena. Beste eragileek zein pertsonek gai honen inguruan pentsatzen dutena esatea espero dugu, denon artean eraiki dezagun gure Euskal Curriculuma; hitz hutsetan gera ez gaitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak