Euskal Herriko Itzulia. Ion Izagirre. Cofidiseko txirrindularia

«Tourrak beste izen bat du, baina xarma aldetik, bakarra da Itzulia»

EÑAUT AGIRREBENGOA.
enaut agirrebengoa
Gasteiz
2023ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Oso argal dago Ion Izagirre (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1989). Nabari da Itzulia mimoz prestatu duela. Hazi egin ohi da etxeko errepideetan, eta garaipenaren bila ariko da aurten ere. Errespetua die aurkariei; beldurrik ez, ordea. Erlojupeko baten eta mendatean bukatzen den etapa baten falta sumatzen du, eta indarrak oso paretsu ikusten ditu onenen artean: «Eibarko helmugara arte ez dugu jakingo nor den irabazlea».

Asteburuan Miguel Indurain Sari Nagusia irabazi ondoren, nolako aldartez iritsi zara Itzulira?

Pentsa: motibazioz gainezka nago. Banekien ondo netorrela. Prestaketa ona egin dut Tenerifen [Espainia], eta sasoi betean sentitzen nintzen. Baina hortik lasterketa irabaztera aldea dago, eta bultzada handia da Itzuliaren aurretik halako garaipen bat lortzea.

Aurrez, ez zenbiltzan horren indartsu. Paris-Nizan, adibidez, urrun izan zenituen ohorezko postuak.

Bai, egia esan Paris-Niza beti izan da lasterketa egokia niretzat, baina gauzak ez zitzaizkidan oso ondo atera. Gran Camiñon, Galizian, ondo ikusi nuen neure burua, baina dezentetan erori naiz sasoi hasieran, eta, alde horretatik, ez dut zorte handirik izan. Baina begira, buelta eman diot joera horri, eta gogotsu nago Itzulian nire onena emateko.

Neurria ondo hartua diozu Itzulari: bost aldiz igo zara jada podiumera. Zure lasterketa kutuna da.

Tourrak beste izen bat dauka, baina xarma aldetik, bakarra da Itzulia. Gaztetan ibili ginen errepideetan lehiatzen gara, eta familiak eta lagunek gu zuzenean ikusteko aukera dute. Zaleek oso giro ederra sortzen dute errepide bazterrean, eta aurten ziklismo gose handiagoa izango dute agian, Tourra ere izango dugulako hemen.

Aurtengo Itzulian nolako maila dagoen ikusirik, sinatuko zenuke podiumera igotzea, ala irabaztea duzu xede?

Helburua irabaztea da, zergatik ez? Gero etorri beharrekoa etorriko da, baina tira, iaz ere gertu ibili nintzen. Dena oso berdinduta egoten da, segundo gutxiren mende. Gainsariak oso garrantzitsuak izango dira, eta Eibarko helmugara arte ez dugu jakingo nor den irabazlea.

Nola egin dakioke aurre Vingegaardi?

Ibilbidea ikusita, agian ez da egokiena harentzat. Mendate luzeagoak komeni zaizkio. Dena den, ahalegin bortitzak egiten ere badaki. Azkeneko Tourreko garailea da, eta ezin da hura gutxietsi. Harekin batera, beste hautagai indartsu asko dago, lasterketa irabazteko gogoz. Ni ere hor egongo naiz.

Ez da erlojupekorik izango. Zuretzat kaltegarria da?

Nik gustuko nuen erlojuaren kontra aritzea. Sentsazioak ezberdinak dira erlojupeko bizikletarekin, eta aurten horren falta nabarituko dut. Horrez gain, etaparen bat egon beharko luke mendatean bukatzen dena. Arratera igoko gara azken egunean, baina helmuga Eibarren egongo da.

Azken etapako igoeren aurretik, non apurtu daiteke lasterketa?

Villabonan bukatzen den etapa bera ere oso gogorra da: ibilbide estu eta gorabeheratsua du. Baserri bideren bat badago, eta aldapa handia izango dugu bukaeran. Igoera motza da, baina segundo dezenteko tarteak egon daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.