Familiaren (ez) apologia pandemia garaian

Ibai Fresnedo
2020ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Badirudi, etxean hainbeste egun sartuta egon ondoren, deseskalatze prozesuaren bigarren fase honen hastapenean, gure hain preziatua den askatasuna berreskuratzen hasiak garela. Eta orain, atzera begiratuta, ikusten ari gara, hain zuzen ere, zenbateko garrantzia izan duen familia unitate tradizionalak, ez bakarrik itxialdian zehar, baita deseskalatze prozesuaren planteamenduan beran ere.

Eta, zin dagizuet, estatuak, horren menpe dauden instituzioak eta, nola ez, horien guztien botere faktikoak planteatzen ari zatzaizkigun normaltasun berria delako horrekin lotura zuzena duela honek. Neoparadigma horren atzean, bizitzen ari garen egoera sozioekonomikoaren funtzionamendurako neurriak berriak izan badaitezke ere, tamalez, gizartearen beraren estruktura ekonomikoek, politikoek eta sozialek orain arteko normaltasunean oinarriturikoak jarraituko dute izaten.

Ideia horretatik tiraka, ezin dugu ahaztu instituzioez mintzatzen garenean, horien kontzeptualizazioan eta nolakotasunean familiak uste dugun baino pisu handiagoa duela. Eta hori estatuak deklaraturiko alarma egoera honetan oso nabarmena izan da.

Etimologikoki, familia hitza latinetik dator, eta zerbitzaria edo morroia esan nahi duen famulus hitzetik eratorria da. Alegia, pater edo familiaburuaren ondare den morroi eta esklaboen taldea. Eta historian zehar, nekazaritzaren sorreratik hasita, antzinako erromatik igarota eta egun bizi ditugun kapitalismo basatiaren garai hauetara arte, familiak askotariko formak hartu izan ditu. Baina esentzian, kontrol sozialerako funtsezko instituzioa izan da beti.

Izan ere, kapitalismoaren sorreran familiaren ulerkeran egondako aldaketak oso esanguratsuak izan ziren. Familia eremu publikotik bereizten hasi baitzen, horixe lan indarra birsortzeko zentro nagusi gisa egituratuz.

Eta geroztik, familia merkatu osagarria, gizarte harremanak pribatizatzeko eta, batez ere, diziplina kapitalista zabaltzeko eta dominazio heteropatriarkalerako tresna izan da, baita emakumeen lana bereganatzeko eta ezkutatzeko instituzio garrantzitsuenetarikoa ere.

Gainera, kapitalismoak eta heteropatriarkatuak aliantza perbertsoan (Carole Patemanek deituriko) kontratu sexualaren edota ezkontzaren bidez ezarritako harreman eredu asimetrikoa ondo baino hobeto ezagutzen dugu; zeinetan monogamia (jabetza pribatuaren analogia sexu-afektiboa) eta maitasun erromantikoa bera, familian jazotzen diren indarkerien bizipenak leuntzeko eta eztitzeko gako izan diren.

Baina, hasieran aipatutako ideiara bueltatuz, argi dago itxialdi garaian familia giltzarria izan dela. Familia estatuaren boterearen kopia amorratua baita, horren domeinu egitura nagusia erreproduzituz, eta haurtzarotik guztiongan autoritatearekiko lotura injektatuz. Alegia, agintaritzaren aurrean isiltzen eta horri men egiten ikasiz, eztabaidaezina den hierarkia maila eta norberari dagokion rola errespetatuz eta onartuz. Hortxe dugu, beraz, gure mikroestatu eraginkorrena: familia unitate tradizionala, nuklearra, heterosexuala eta monogamoa, noski!

Eta justuki, gaia zentratu nahian, asko dira azken hilabeteotan, balkoietako gestapoaren bitartez akaso, ikusi eta entzun izan ditudan betiko familia eta harremantzeko eredu hegemoniko horietatik at bizi garen herritarrok bizitako jarrera eta egoera onartezinak.

Burura datorkit ama bakarra den emakume hori zeinak, itxialdiaren hasieran erosketak egitera zihoala, ezinezkoa zuen sei urteko haurra etxean bakarrik uztea. Pentsa ezazue, beraz, zer-nolako begirada zorrotz eta epaileak jasoko zituen merkatuan bertan haurra bere ondoan zuelarik.

Gogoan dut ere beraien bizitzan zehar sexu eta genero disidentziatik familia unitatearen urrats tradizionalei jarraitu ez dietenen errealitatea; zeintzuk ez duten herrietako festetan nobioetako garairik bizi/ezkontzako berbarik eman/haurrik izan/hipotekarik eskatu/ez etxerik ezta autorik ere erosi/familia argazki saio superfizialik egin segida ezagun hau bete. Eta nola, ondorioz, inork beraien sare afektibo propioak aintzat hartu ez izanagatik, bakardade hutsean bizi izan duten itxialdia. Horrek dakarren zaintza, aitortza eta duintasunik ezarekin.

Azkenik, nik neronek, hezur-haragi propioan poliziaren partetik bizitako egoera. Kontestuan jartzearren, batetik, esatea ni landa eremuko auzo batean bizi naizela jabetza publikoko etxe okupatu batean. Eta, bestetik, lotura afektibo anitzez zeharkaturiko bost lagun elkarrekin bizi garela, bi solairutan banaturik eta komunitate eredu propioa sortu nahian.

Itxialdian zehar, osasun eta segurtasun neurri guztiak kontuan harturik (gure herriko zaintza sare komunitarioaren sustatzaile gisa guk geuk horiei dagozkien protokoloak diseinatu baititugu), bizikidetza dinamika bizigarri eta sortzaileak abiatu nahi izan ditugu; Poliziarekin topo egin genuen arte!

Behin, etxeko eremuan mahai baten bueltan kartetan jolasten ari ginela, ertzainek lehenengo eta udaltzainek ondoren, gure odolkidetasun eta senidetasunari buruzko galdera gogaikarri eta paternalistak egin zizkiguten.

«Ezin duzue elkarrekin hain gertu egon! Zein da zuen arteko lotura? Bikote ala elkarren senide zarete? Etxea zuena da? Ba al dakizue eraikina udalarena izanda nahi izatekotan sar gaitezkeela?» Hori guztia, ironia, oilarkeria eta gehiagotasun ukitu batekin, noski.

Guk, berez, egoerari ez genion arazo handirik ikusi, eta hara non Poliziak salaketa akta eskutara eman zigula. Zergatik? Hain justuki, (denok barruan dugun) indar polizialek, legeak dioenaz harago, gizarte arauek familia eredu tradizionalaren bueltan dioten horretan sutsuki sinesteagatik. Edo beste modu batera esanda, guk pandemia garaian familia normatiboaren apologia ez egiteagatik.

Batzuk dira, beraz, saritzen diren elkarbizitza unitateak. Gu gara, ordea, periferian kokatzen garenak, zigorra pairatzen segituko dugunak berria ez den normalitate aspergarri eta biolento honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.