Dragoi bolen bila

Gorka Quevedo Barrio
2021eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Dragoi Bola euskaraz ikusten hazi zen belaunaldikoa naiz. Hura zen eguneko unerik onena, afalostean sofan eseri eta Son Gokuren abenturak ikustea. Batzuetan luze egiten ziren hurrengo atala hasi arteko 23 ordu eta 36 minutuak.

Euskal herritar askok bezala, Espainian senideak ditut. Behin, Logroñoko lehengusuen etxera joan nintzen uda partean. Egun batean, telebista ikusten, izugarrizko ezustekoa hartu nuen. Son Gokurekin aurrez aurre topo egin nuen pantailaren bestaldean. Gazteleraz mintzo zen. Adi-adi jarraitu nuen atala, baina niretzat hura ez zen Goku, erabat arrotza eta ezezaguna egiten zitzaidan pertsonaia bat baizik (lasai, ez zen ulermen kontu bat, ez neukan gazteleraz ulertzeko arazorik). Sorpresak ez ziren hor amaitu. Pantailan Gokuren etsairik handiena ere agertu zen, eta nire harridurarako Piccolo deitu zioten Namek planetatik etorritako izaki gaizto hari. Niretzat Satan Bihotz Txiki zena Piccolo zen erdal hiztunentzat. Une horretan jabetu nintzen mundua euskaraz eta gazteleraz modu ezberdin batean ulertu zitekeela. Dragoi Bola-ko pertsonaiak ez ziren gauza bera hizkuntza batean edo bestean.

Makina bat urte igaro dira pasadizo horretatik. Iragan mendeko kontuak dira. Etxean sei-zazpi telebista kate inguru ikusten ziren. Ikusteagatik ordaindu beharreko kateak (une hartan katea, zehatzagoak izateko) hastapenetan zeuden. (Ia) Inork ez zekien zer zen Internet, eta film bat ikusteko aukerarik logikoena (bakarra ez esatearren) bideoklubean VHS zinta bat alokatzea edo herrian zeuden bi zinemetako batera joatea zen (bideoklub horiek aspaldi itxi ziren, eta dagoeneko ez daude bi zinema, bakarra baizik).

Historiaurreko kontuak dirudite. Egun, mota guztietako pantailak —telebistak, tabletak, ordenagailuak, sakelakoak...— gure egunerokotasunaren parte bilakatu dira. Eta pantaila horietan ikusi ahal izateko edukiak biderkatu egin dira. Pantailak ikus-entzunezkoz bete dira, baina, zoritxarrez, euskara ozeano zabalean galdutako ur tanta isolatua baino ez da bertan.

Ikus-entzunezkoen loraldi bete-betean gaude, beraz. Komunikazio enpresa handiak horren jakitun dira, badakite bertan izugarrizko negozioa dagoela. Sektoreko enpresa nagusiek burtsan kotizatzen dute, eta aldiro-aldiro egiten dituzten balantzeetan izugarrizko dirutzak irabazten dituzte. Logika kapitalista hutsa dute plataforma horiek, salbuespenak salbuespen.Produktu bat eskaini (kasu askotan oso produktu ona) eta merkaturatu egiten dute, ondoren bezeroek (guk geuk) eskaintza horrengatik ordaindu eta kontsumitu dezagun. Tira, elikagai edo arropa kate handiek egiten duten gauza bera.

Merkatu-kapital logika horretan, euskara beti aterako da galtzaile. Euskara bezalako hizkuntza minorizatu batek (milioi bat euskal hiztun gara, asko jota) nekez borrokatu ahalko du gaztelera, frantsesa edo ingelesa bezalako hizkuntzekin. Egoera iraultzeko —hau da, euskarak gure pantailetan toki (handiago) bat izan dezan—, bi bide besterik ez daude (nerori, behintzat, ez zait besterik bururatzen).

Lehena bezerook presioa egitea da. Ados, hilean hainbat euro ordainduko ditut zuk eskaintzen dizkidazun film, serie edo marrazki-bizidunak ikusteko. Trukean zuk eskain iezadazu ikus-entzunezko horiek euskaraz (ere) ikusteko aukera. Zorionez, hainbat dira azkenaldian helburu hori lortzeko gurean martxan jarri diren ekimenak eta kanpainak. Adibidez, Pantailak Euskaraz, sektore honetan (ere) euskarak duen presentzia eskasarekin arduraturik dauden hainbat herri ekimen eta eragilek sortutako mugimendua. Baina hori ez da nahikoa, inondik inora. Bigarren elementu bat ere behar da: administrazio publikoen inplikazioa. Euskarazko ikus-entzunezkoen sektorean finantzaketa publikoa handitu edo ikus-entzunezkoen lege propioak sortu ezean, jai daukagu. Borondate kontua da, beraz.

Kondairak zioenez, Shenron dragoiak zazpi Dragoi Bolak biltzen zituen lagunaren edozein desio betetzen zuen. Dragoi Bola-n 22 aldiz bildu ziren zazpi bolak. Beraz, 22 desio bete behar izan zituen Shenron dragoiak. Ez dakit hogeita hirugarren aldi bat egongo den, baina, balego, ez legoke gaizki bolak biltzen dituen horrek euskarak gure pantailetan presentzia handiagoa izan dezan eskatzea. Baten batek sineskeria hutsa dela pentsa lezake. Eta egia da. Baina euskarari dagokionez sineskeria handiagoa da pentsatzea gaiak merezi duen adinako bultzada publikoa izango duela.

Etorkizunean mundua euskaraz ulertu nahi badugu, euskara gehiago behar dugu gure pantailetan. Bien bitartean, dragoi bolen bila jarraituko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.