Akaso

Pertsona bat etxebizitza bateko lehioan eserita, Gasteizen, itxialdiaren hasieran. RAUL BOGAJO / FOKU.
Arantza Santesteban
2020ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Munduari harriduraz begiratzen diogu egun hauetan. Gure egunerokotasunak eztanda egin du, eta geure buruari galdetzen diogu parentesi honek nola eragingo dion orain arte ezagutu dugun guztiari. Zaila da pentsatzea, zaila idaztea, eta egoerari tamaina hartzeko saiakeran, ikusi ditugun serie eta film distopiko ugari ekartzen ditugu gogora. Gertatzen ari denarekin konparatzeko dugun bakarra fikzioa dela dirudi.

Iaz Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendaria den Tedros Adhanomenak pandemia berri baten arriskuaz ohartarazi bazuen ere, ez zen halako neurriko ezer espero, eta ageriko gertatu denez, mundua ez genuen prest halako zerbaiti erantzuteko. Bere esanetan, arazoa ez zen pandemia bat egongo ote zen jakitea, baizik eta noiz iritsiko zen asmatzea. Dagoeneko ez da asmatu beharrik.

Iritsi da 2020 urte hasi berrian, eta hemendik aurrera dena aldatuko da ziurrenik. Aldatuko dira mundua antolatzen duten paradigma orokorrak? Akaso, eta aldatuko ez badira ere, hizkuntzari dagokionez bederen, kategoria zaharkitu batzuk labain egiten ikus ditzakegu aurrerantzean: lehenengo mundua, hirugarrena, mendebaldea eta ekialdea... kontzeptu ezberdinak agertuko dira mundu global honetaz hitz egin ahal izateko.

Akaso da zuhurtziaz erabili dezakegun termino bakarra egunotan. Ez ditugu behar iritzi erabat osatuak dituzten guruak, ez eta uste irmoak erakusten dituzten pregoilariak ere. Egoera berri honen ezaugarri nagusia ziurgabetasuna da, etorkizunarekiko ezjakintasuna, eta horrek gauzak beste modu batean pentsatzera behartzen gaitu. Ziurgabetasunaren erdian, gure pentsaerak oszilatzailea izan behar duela esan beharko genuke? Akaso bai. Eta baliteke hau izatea krisialdi honek erakutsi ahal digun zerbait: modu dikotomiko eta dogmatiko batean pentsatzea baino, erradikala izan daitekeela gure pentsamendua une batez kulunkan izatea, alde batetik bestera. Ziurgabetasunean eta erantzun berrien bila.

Norabide argirik gabeko dibagazio horietan, Leon Rozitchneren esaldi bat izan dut gogoan: herriek borrokatzen ez badute, filosofiak ezin du pentsatu. Honen arabera, akzioa ekintza etengabekoa borrokaren zeinu nagusia izango litzateke, eta ekintza horiek hausnarketa politikoa eragingo lukete. Baina, badago komunitate gisa askeago egin gaitzakeenik ekintza ikusgarriegirik egin gabe? Badago zerbait egitea ezer ez egite moduko honetatik?

Gure etxeetan konfinatuta, akzioa beste modu batean pentsatzera eraman gaitzake egoera honek. Krisia ez dute eragin modu zuzenean faktore finantzario edo ekonomikoek. Alabaina, krisialdiak lotura estua du gorputzarekin eta bere zaurgarritasunarekin. Gorputz biologikoak erritmoa jaitsi du, eta adimena ere ez doa ohiko erritmoan, aldrebesturik dabil, halako pasibotasun moduko batean galduta. Agian, gelditzea izan daiteke aukera bat normalean ezkutuan geratzen diren gauzak agerrarazteko? Eta hori, izan daiteke erabilgarria borrokarako?

Organismoa, biologikoa eta soziala, saturazioan murgildu dugu azken hamarkadetan. Zenbatetan adierazi dugu nekatuta gaudela, ezinean, kolapso egoera etengabean. Franco Berardi pentsalariak dio gogoa aspalditik dugula nekatua seinale oso konplexuak deszifratzen, deprimitua gehiegizko estimuluen eraginez, umiliatua botere ekonomikoek ezartzen dituzten erabakien inpotentziaren aurrean. Egunotan, halabeharrez, burua beste erritmo batean dago, modu ikusgarri batean kanpora lehertu baino, modu inplosiboan egin du eztanda.

Gure abilezia eta muga guztiekin, aukera bat dugu hainbat gauza birpentsatzeko. Kontua ez da inor leziatzea, kontua da, ezer ez egite honetan agertzen diren seinaleak ikusteko gai garen jakitea. Besteak beste, sentikortasuna lantzea. Ezkerreko pentsamenduan hain bogan dagoen errealismo pesimistak ez du zentzurik, ez eta akzioa ezinbestean aldarrikatzen duen ikuspegi utopista bat ere, funtzionatzen ez duten gauzekin kritikoa ez dena. Oszilazio horien testuinguruan, bada sentsibilitateaz hitz egiterik modu politiko batean? Keinu politiko gisa?

Agian zokoratua izan dugu saturazio hamarkada hauetan gure arteko interdependentziak duen garrantzia. Egunotan, ordea, oso agerikoa egiten zaigu giza-zaurgarritasuna, ez garela ezer besteak gabe. Giza harremanak zaintzea ezinbestekoa dela ekimen politiko handizaleena ere egiteko. Zaintzea, ez soilik egunotarako elkarren arteko sareak osatzeko, baizik eta edozein egitura politikoren etikaren erdigunean egon dadin.

Pentsa dezakegu sentikortasun horretatik kartzela ereduaren inguruan? Zer den preso egotea simulatzera irits gintezke egunotan fribolitaterik gabe, jakina sentituz nolakoa izan daitekeen gorputza preso duen bizimodu bat? Antzera kuestionatu genezakeen sistemak bultzatzen duen ikuspegi kapazitista, zeinaren arabera gaitasun osoak dituzten gorputzak diren soilik bizitzarako gaituak.

Pentsa dezakegu sentikortasun horretatik kulturak duen garrantziaren inguruan? Arrazoinamendu marxista ortodoxoaren gainegituraren eta azpiegituraren logika hori zalantzan jar dezakegu pentsatuz, kulturak baduela bizitza den espazio komun honetan eragin zuzenik? Hizkuntza behar dugula bizilagunarekin hitz egiteko, kode komun eta afektibo bat besteen beharrak ulertzeko, keinu jakin batzuk laguntzeko, eta agian ekonomia eta kultura ez daudela hain urruti. Akaso.

Aurrerantzean mundua, eta harekin logika ugari, aldatuko dira. Akaso. Eta baliteke, galdera hauek guztiak haizeak eramatea. Baina ezerez honetatik gauzak ezberdin pentsatzeko beta hartzen badugu, akaso, aldatuko gara gu ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.