Gaztelaniaz idaztea, banitate kontua!

2021eko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Izenburuko esaldi hori, lau urtez ezker abertzaleko kideetan inoiz inork izan duen botere instituzional handiena izandakoak emandako erantzuna da, BERRIA egunkariko kazetariak galdetuta (2021-06-27), ea zergatik aritu den gehienetan gaztelaniaz eta ez euskaraz. Zer-pentsa ematen du, ezta?, gure barneko kolonizazio onartuaren tamainaz.

Kazetari zaildua da erantzun hori eman duena, Egin, Euskadi Información eta Gara-n aritu da, irratian halaber, eta Gipuzkoako diputatu nagusi izan zen 2011tik 2015era. Bergaran jaioa, eta ez edonon, baizik eta leku enblematiko batean: monzondarren Olaso dorrearen hirugarren solairuan hain zuzen. Txikitatik izan zuen harremana abertzale eta euskaltzale handiarekin, eta hark galdeturik ea zer ikasi nahi zuen, eta Martin Garitanok kazetaritza erantzunik, Monzonek esan omen zion Euskal Herriak aske izan arte poetak eta kazetariak behar zituela; geroago beharko zirela ingeniariak eta gainerakoak. Nonbait ez zion espresuki aditzera eman euskaraz lan egingo zuten kazetariak behar zituela Euskal Herriak, edo ez zion kontuan hartu behinik behin.

Dena den, ikuspegi hori ez da diputatu ohiarena bakarrik berak egiati jokatu du—, da hari boterea eman zion koalizioaren aparatuarena, eta da elebidun askorena edo gehientsuena segur aski.

Telesforo Monzonek bere azken artikuluan, Hiru oinarri izenburupean, zazpi euskal lurraldeen eta bertan bizi diren euskal herritarren batasunaren premiari, euskararen balioarena erantsi zion:

«Biharko Euskal Herria euskalduntzen ez badugu, Euskal Herriaren hizkuntza, mintzaira, hizkera, bene-benetan, beheko mailetatik hasi eta goiko mailetaraino egiten ez baldin badugu, esan dezakegu hori ez dela Euskal Herria (...) Beraz, benetako Herri bat sortu nahi baldin badugu eta bere buruaren jabe izan nahi baldin badu oinarri nagusi bat behar dugu eta oinarri hau Euskara da».

Beste batzuk ere izan ditugu Monzon baino lehen: Jokin Zaitegi, Andima Ibinagabeitia, Txillardegi eta abar —Txillardegi kronologikoki beranduago noski, eta ideologia ezkertiarragoarekin—, oinarri horren ezinbestekotasunaz hitz egin eta idatzi izan dutenak, eta horretarako abertzaletasuna, estatu independente bat osatzeko nahi sendo baten behar noraezekoa aipatu dutenak behin eta berriz, baina oraindainokoan, ez du behar bezalako bidea egin, eta, horretan, esan beharrik ez dago honako ikuspegi honek zer kalte egin duen eta egiten ere jarraitzen duen:

«-Gehienetan gaztelaniaz aritu zara. Zergatik ez euskaraz?

-Euskaraz idazten eroso sentitu naiz, baina hobeto idazten dut gaztelaniaz. Banitate kontua izango da. Garai bateko semea naiz. Gaztelaniaz irakurtzen dut batez ere, eta horrek ematen dit erraztasuna. Nire mugak ezagutzen ditut».

Hitz horietatik honako ondorio hau ere atera daiteke: ba, euskaraz edo erdaraz, ez du hainbeste axola, edukia da inportanteena; ez dute horrela pentsatzen eta jokatzen hainbeste kritikatzen ditugun arduradun politiko espainiar eta frantsesek eta!

Gaur egun, Telesforo Monzon edo Martin Garitano bera ere gazteak zirenean baino baliabide gehiago dugu euskaraz, geure burua janzteko eta erdaraz bezain eroso sentitzeko, baina egia da asko falta zaigula euskaraz eta erdaraz baliabide eta aukera berdintsuak izateko, eta arlo horretan gobernatzen gaituztenek ez dutela aski egiten inondik ere, eta oposizioak ere, gehienbat ahuleziagatik, ez, aldeak badiren arren.

Gobernuan direnen eta are independentista zenbait edo askotxoren pipi horixe dugu gure euskaltasunaren minbizietariko bat, elite politikoaren desertzioa edo atxikimenduaski eza, eta koherentzia eskasa. Eta nola tratatu gaitz hori? Batzuek pentsatuko dute erremedioa izan ezean, hobe dela horrelakoak ez haizatzea; ez natorkie bat. Pipiak jota gaude, minbiziak, eta presazkoa da tratamendu on batekin sendabide onak jartzea, eta banitateak alde batera utzita, euskaltasun koherentean aurrerapausoak ematen joatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.