Hezkuntza komunitatearen partaide garen gehienok bat gatoz Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren zirriborroak hutsuneak dituela, baina azken egun hauetan tristuraz jarraitzen ari naiz hezkuntza sistemaren inguruan gertatzen ari den eztabaida, hezkuntza sistema dualaren edo publiko eta pribatuaren gaian polarizatzen ari delako. Steilas, LAB eta ELA sindikatuek batera sinatutako azken testuak eta pertsona batzuen iritzi artikuluek lerro xume hauek idaztera animatu naute. Horretarako, pertsona hauek mahai gainean jarritako ideiak baliatuko ditut:
Euskal hezkuntza-sistema publikoa beharrezkoa da. Noski, hezkuntza oinarrizko eskubide unibertsala delako, baina publiko izateak ez du suposatu behar administrazioak zuzenean kudeatu beharra dagoenik. Publiko kontzeptua ezin duzue monopolizatu, kontzeptu zabala delako. Egun Euskal Herriak lau administrazio publiko ditu (EAE, Nafarroa, Pirinio Atlantikoko Departamentua, eta Gaztela-Leon Trebiñun), eta hauetan euskararen ofizialtasuna ez da berdina; beraz, administrazio bakoitzak kudeaturiko hezkuntza publikoan euskararekiko hartuko lukeen jarreraezberdina litzateke. Zuen argudioetan Europako datuak erabiltzen dituzue, betiere zuen interesen aldeko datuak. Gogoratu Europako herrialdeen artean hezkuntza publikoaren eredua ezberdina dela, eta herrialde batzuetan ikastetxe publiko kontzeptua ez da ulertzen zuek defendatzen duzuen moduan.
Propioa bai, baina zer da propioa? EAEn soilik eragingo duen sare publikoa? Beraz Trebiñu, Nafarroa eta Iparraldea alboratuko dituen sare publikoa? Hori da propioa?
Segregazioari aurre egitea eta gizartekohesioa guztiz beharrezkoak dira, baina nola lortu, segregazioa Eusko Jaurlaritzak kudeatutako sistema publikoaren eskolen artean ere gertatzen denean?
Publifikazio-markoa eta araudia. 2022. urtean, berriro ere, 1990eko hamarkadaren hasieran hainbat ikastolatan sortutako eztabaidak, mina eta negarrak eragin nahi dira? Publifikazio hori zelan gauzatuko litzateke? Publifikazio horren helburua zein izango litzateke? Eusko Jaurlaritzaren sare publikoaren ehunekoak gora egiteko baino ez? Eusko Jaurlaritzaren sare publikoan sartu eta gero, zer planteatzen da? Egoera honetan, Trebiñuko ikastolarekin zer gertatuko litzateke? Nafarroako eta Iparraldeko ikastolekin elkarlaguntza eta elkarlana egongo litzateke?
Euskara erdigunean jartzea eta hizkuntza ereduak desagertzea beharrezkoa da; horren alde zuekin batera kalera aterako nintzateke (baina zuen borroka partikularra egin nahi duzue). Honekin batera, euskal curriculuma ezarri behar da, baina Euskal Herria osotasunean hartzen duena.
Hezkuntza sistema osatzen duten langileen enplegu eta lan baldintzak bermatzea. Hezkuntza sistema osoko langileei erreferentzia eginez gero, guztiz beharrezkoa da, baina Steilas, LAB eta ELAren idazkia irakurtzean funtzionario finko gehiago nahi dituzuela iruditzen zait (hiru sindikatu hauek funtzionarioen enplegu eta baldintzez baino ez dira kezkatzen?, zer gertatzen da hezkuntza sistema osatzen dugun langile ez-funtzionarioekin?). Hezkuntza sistemaren kontzeptua ezin du Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren sistemak monopolizatu, hezkuntza sistema kontzeptu orokorra delako.
Hau guztia adierazita, dokumentu baten pasarte bat ekarri nahi dut lerro hauetara: «Helburua Euskal Eskola Herrikoiaren bidez euskal kultura eta hizkuntza berreskuratzea da, [...] hezkuntza sistema publiko, doako, euskaldun eta ez diskriminatzaile baten bidez eta pedagogia pertsonalizatu, kritiko eta arduratsu batekin» (1977an, oraindik EAEko administrazio publikoa sortu gabe zegoen garaian ikastola baten dokumentuaren lerroak).
Ikastolok autonomia erkidego batetik haragoko lana egiten dugu eta egiten jarraituko dugu; hasi ginenetik zailtasunak eta oztopoak ezagutu ditugu, baina aurrera egiten ikasi dugu eta aurrera egiten jarraituko dugu.
Publikoa, euskalduna eta propioa bai, baina ez horrela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu