Euskal Diasporaren Eguna: ezagutza, sareak eta konstantzia

2018ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Arrazoi desberdinak direla eta, jatorriko herrialdetik beste batera joan behar izan duten eta urteak aurrera egin arren sorterriarekin harremana edo lotura bat mantentzen duten horiek osatzen dute herri bateko diaspora. Gure kasuan ere, Euskal Herriak badu munduan zehar sakabanatuta dagoen diaspora bat, eta irailaren 8a bihurtuko ei da gure diasporaren eguna. Diasporaren Egunak suposatuko du egun horretan herritik kanpo bizi direnei errekonozimendu bat egitea, komunitate moduan indar gehiago izatea, eta guztiak bat garela gogoratzea. Hala dio, sikiera, Euskal Diasporaren Egunerako bideo promozionalak: «Berdin dio non bizi zaren, berdin dio urrun zauden. Euskadi bizi baduzu, Euskadi zugan bizi da».

Euskal migrazioaren historian errepaso laburra egiten badugu, ikus dezakegu gure arrantzale eta marinelak ezagunak zirela jada munduan zehar XV-XVI. mendeetan. Euskal Herria atzean utzi, eta Kanadako Red Bay edo Ternua eta Labradorrera joaten ziren bakailao eta balea arrantzan, hilabeteak eman eta berriro ere Lekeitio, Zarautz, Baiona edota Getariako portuetara bueltatu arte. Historian aurrera egiten badugu, beste herri batzuetan bezala, oinordekotza sistemak hainbat eta hainbat euskaldun behartu zituen herria eta baserria atzean utzi eta Ameriketara joatera, askotan entzun dugun American Dream-a betetzera. Herriak sufritutako gudak ere, Gerla Karlistak eta Gerla Zibilak, kasurako, izan dute migrazioa ondorio, eta Europako eta Hego Ameriketako herrialdeak helmuga. XX. mende hasieratik, gure pilotariek ere kultura zabaldu dute hainbat herrialdetako frontoietan, adibidez, Floridan, Mexikon, Kuban edota Filipinetan. Migrazioaren bidaia honek oraindik jarraitzen du, eta egun, hainbat dira alde egiten duten gazteak sorterriak eskaintzen ez dien garapen ekonomiko eta profesionalaren bila. Pierre Lhandek esan zuen 1910. urtean euskaldun izateko beharrezkoa zela: «Abizen deigarri bat izatea, Aitorren semeen hizkuntza hitz egitea, eta Ameriketan osaba bat izatea» (L'Émigration Basque, 1910); nork ez du 2018an ezagun, familiar edo lagun bat Alemanian, Ingalaterran edota Estatu Batuetan?

Nahiz eta joandakoen testimonio gehienek esan euren buruan beti etxera bueltatzeko ideia zutela eta dutela, lanak, maitasunak, familiak edota erosotasunak errutinan murgiltzea dakar, eta konturatu gabe urteek aurrera egitea. Horrela, euskaldunak daude ia mundu osoan, eta 2018an, euskal diasporaren mapa egin behar badugu, gure herriaren enbaxadoreak topa ditzakegu Ipar Ameriketan; Hego Ameriketan, batez ere, Argentina, Mexiko eta Uruguain; Asian, Filipinetan, Singapurren, Txinan eta Japonian; Australian; eta Europako hainbat herrialdetan, besteak beste, Alemanian eta Erresuma Batuan. Dauden lekuan daudela, denek dute euskal identitate, nortasun eta kultura komun bat; milaka kilometrotara egon arren, babestu eta mantendu nahi dutena. Guztiak dira euskal komunitateko parte, guztiak dira gure herriaren iragan, orain eta etorkizuneko parte.

Diasporaren Eguna ospatzeak hainbat emaitza positibo izan ditzake. Baina, nire ustez, ekarri behar ditu hezkuntza, ezagutza, hartu-emana eta, batez ere, jarraitutasuna. Hasteko doaz hezkuntza eta ezagutza. Honi esker ikusiko dugu orain arte gure edukazioan izan dugun gabezia bat betetzeko beharra dagoela, hau da, eta pena handiz esaten dut, Euskal Herriak ez du ezagutzen bere diaspora. 2015. urteko Euskal Kolektibitateen Mundu Biltzarraren leloak zioen bezala, euskal gizartea «diasporizatzeko» beharra dago. Gizarteak ezagutu behar du herri emigrantea garela eta gure balioak hain direla handiak, nahiz eta urteak kanpoan eman, ahaztu ezin direla. Immigrazioaren Euskal Behatokiaren arabera, 2018. urtean, Euskal Autonomia Erkidegoko populazioaren %9,4k euskalduna ez den beste jatorri bat du. Herrialde moderno eta garatu baten ezaugarri da enpatia eta besteenganako errespetua. Egun dauden migrazio mugimendu ugariak ulertzeko, gure aitxitxe eta amomek ere emigratu behar izan zutela ezagutzen badugu, errazagoa izango da.

Horrez gain, diasporek sareak sortzen dituzte, sare familiarrak, kulturalak, akademikoak, enpresarialak eta politikoak, eta Euskal Herriko kanpo harremanetarako giltza dira. Ibarretxe lehendakariak hainbat bider esan du Euskal Herria ez dagoela munduko plazan, baina egon behar duela. Munduan zehar dauden euskaldun horiekin batera, errazagoa da saretu eta munduko plazan gure txokoa izatea.

Irailaren 8an Diasporaren Eguna ospatuko dugu, baina garrantzitsua izan behar da behin hasi den katea ez etetea, hau da, jarraitutasuna izatea. Diasporaren Egunaren ospakizunak, instituzio, elkarte eta gizarteak orain arte burutu dituzten ekintzekin batera jarraipen bat izatea, politikatik harago dagoen jai bat izatea eta ezagutza, kultura eta harremanak elkarbanatzeko abiapuntu izatea. Lagundu dezala erakusten, muga geografikoetatik harago, denak garela beharrezko, helburu bera izan behar dugula: gure herriaren garapena eta etorkizuna; eta batera, Kantauri itsasotik, munduko edozein golko edo portutara txalupa berean joan behar dugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.