Urte hasiera beltza izan da lan istripuen alorrean. Herenegun hil ziren azkenengo biak; urtea hasi denetik, zortzi. Azkenengo urteetan, lan istripuen kopuruak ez du behera egin, eta, 2018ko datuekin alderatuta 2019an istripu larri eta hildako gutxiago egon ziren arren, oro har Hego Euskal Herriko ezbeharren kopurua goraka ari da oraindik ere. Hala ohartarazi dute sindikatuek. Iaz, egunero 311 pertsonak izan zuten lan istripuren bat edo lanarekin loturiko gaixotasunen bat. Guztira, 98.000 ezbehar jaso ziren, eta 46 lagun hil.
Horren berri emateko, agerraldi bat egin dute ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiruko kideek. Hilaren 30eko greba orokorrera deitu dute, eta gogoratu mobilizazio horretako aldarrikapen nagusien artean lan istripuei aurre egiteko neurriak ere azaltzen direla. Nabarmendu dute ezbehar horien «faktore nagusiak» direla azpikontratazio maila handia, behin-behinekotasuna eta lan baldintzen prekaritatea.
Instituzioen jarrera ere salatu dute, eta, bereziki, lan ikuskaritzena; salatu dute ez dutela «behar besteko irmotasunik» agertzen enpresei jarri beharreko eskakizunetan eta zigorretan, eta «agerikoa» dela «kontrolik eta jarraipenik eza». Azpimarratu dute erakundeen aurrekontu publikoen %0,1 baino gutxiago bideratzen dutela prebentzio eta ikuskaritza neurrietara. «Hori horrela den bitartean, egoerari buelta ematerik ez dago».
Erakundeek oraindik ez dituzte jaso eta zabaldu iaz izandako lan istripu guztien datuak —EAEn, abendukoak falta dira oraindik, eta Nafarroan, azken hiruhilekoak—. Hori kontuan hartuta,sindikatuek kalkulatu dute 98.000 inguru izan zirela iaz Hego Euskal Herri osoan. Erdiek inguruk mediku txostena behar izan zuten, eta beste erdiek, ez. Ondorioztatu dute, halaber, 2018ko datuekin konparatuta, EAEn gora egin dutela istripu arin gisa izendatutakoek, eta behera larriek eta hilgarriek; eta Nafarroan guztiak igo direla.
Arinak, ez hain arin
Sindikatuek ohartarazi dutenez, erakundeek lesioaren larritasunaren arabera sailkatzen dituzte lan istripuak, «nahiz eta horretarako definizio legezkorik eta teknikorik ez egon». Hala, azpimarratu dute 2019an ezbehar arintzat jo zituztela istripu guztien %94,5 EAEn eta %99,5 Nafarroan. Sindikatuek salatu dute azken bost urteetan gisa horretako ezbeharrek «nabarmen» egin dutela gora, eragile batzuek interesa dutelako hala sailkatzeko. «Mutualitateek gero eta garrantzi txikiagoa aitortzen diete haien larritasunari. Gisa horretara, enpresek ekidin egiten dute lan ikuskaritzek istripuak aztertzea eta, ondorioz, uko egiten zaio istripua berriro gerta ez dadin dagozkion neurriak hartzeari».<
Gogoratu dute, halaber, erakundeek erregistratu gabeko datuak ere badaudela — in itinere edo lanera bidean edo lanetik itzultzean gertatutakoak, etxeko lan istripuak, kooperatibistenak, garraiolarienak…—, eta beste datu asko, erregistratuak izan ez daitezen, «enpresek, mutuen laguntzarekin, gorde edo ezkutatu» egiten dituztela eta gizarte segurantzara bideratu, laneko istripu edo gaixotasunak izango ez balira bezala. «Aitortuak izan beharko luketen eta ez diren gaixotasunen kopurua eskandalagarria da», salatu dute.
Aipamen berezia egin diete laneko gaixotasunei, «benetan ikusezinak direnei». Baieztatu dutenez, erregistroek «inondik inora» ez dute erakusten benetan gertatzen dena, «asko ez direlako aitortzen edo mutualitateek patologien jatorria —lanekoa— ukatzen dutelako, eta, ondorioz, osasun sistema publikora bideratzen dituztelako, gaixotasun arruntak balira bezala». Amiantoagatik gaixotutakoak aipatu dituzte, adibidez. Salatu dute, halaber,praktika hori «oso ohikoa» dela arrisku psikosozialekin lotutako kasuetan, eta, bereziki, «sektore feminizatuetan».
Sindikatuek ohartarazi dute lan istripuek ugaritzen jarraitzen dutela
Behin-behinekotasuna eta azpikontratazio maila handia aipatu dituzte arrazoien artean. Erakundeen arduragabekeria kritikatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu