Guggenheim museoa Urdaibain

2023ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Urdaibain Guggenheim museoa bai, Urdaibain Guggenheim museoa ez. Ez da erraza izaten egoera honen aurrean bi iritzi desberdin eta kontrajarriak egon, eta bataren edo bestearen alde egitea, auziaren gaineko informazioa lauso samarra denean, hasiera-hasieratik. Polarizazio horrek irizpide muturrekoak sortzen ditu, aldekoak eta kontrakoak, eta irizpide anabasaren erdian, balorazioak neurtuak eta zuhurrak baino ezin dira izan, nire ustez.

Badira diotenak «bai ala bai» museoari, susperraldi ekonomikoa ekarriko duelakoan. Eskualdean, enplegua ez aurrera ez atzera dabil, industriak pisua galdu du, langabezia tasa %13koa da, hots, Euskal Herriko tasarik handienetakoa. Industriaren gainbehera nabarmena da, eraikuntzak ere beheranzko joera du, arrantza sektorea desagertzear dago. Nekazaritzaren eta abeltzantzaren joera ere beheranzkoa da.

Ondorioz, oso kontuan hartzekoa da milaka pertsona eskualdetik kanpora atera behar izatea lan egitera.

Euskal Autonomia Erkidegoan diren eskualde orotatik diru inbertsio txikiena jasotzen du Urdaibaikoak, horrek dakarren ahuldade ekonomikoa agerian uzten duelarik. Eta proiektu honek, antza, eskualdeko ekonomia suspertuko du.

Museoaren alde erakunde nagusiak agertzen dira, alde batetik: Espainiako Gobernua, Bizkaiko Aldundia eta Eusko Jaurlaritza. Alegia, zergen bidez gure sosak kudeatzen dituzten hiru erakunde erraldoiak. Eta, beste aldetik, museo amerikarraren aurka direnak herri mugimendu edo plataformak ditugu. Biak nor baino nor ari dira argudio sortak kaleratzen. Erakundeen aldetik, egia esatera, kukuka dihardutela dirudi areago, ez baitute informazio osoa eta benetakoa plazaratzen, ez dute informazioa herritarrekin partekatzen eta zunda-globoak jaurtitzen dituzte hedabideetan, benetan egin nahi dena ezkutuan gorde nahiko balute bezala. Eta horrek susmo txarrak baino ez ditu eragiten. Esaterako, El Correo-n agertutako informazio baten arabera, Muruetan eta Gernika-Lumon bi jatetxe eta auditorium bat eraikitzeko asmoa agertu dute proiektuaren sustatzaileek. Alegia, proiektuaren helburu kulturalarekin deus gutxi duen xedea luke aurre asmo horrek. Baina informazioa zabaltzen ari den heinean, eta zehaztapenak agerian jartzen, bi eraikin jasotzeko asmoa omen dute Robertson arkitektura estudioak egitasmoaren zirriborroa aurkeztu duenaren arabera. Gernika-Lumoko Dalia lantegi ohiko orubean eraikiko da bat (lurzoru eta lurpe kutsatuak deskontaminatu ostean), eta Muruetako ontziolan bestea. Gernika-Lumokoa izango da museoaren lehen eraikina. Erakusketa areto bat izango omen du, eta, horrekin batera, baita bulegoak, biltegiak, hitzaldietarako areto bat eta jatetxe bat ere, besteak beste. Aparkaleku bat ere egingo omen dute eraikinaren ondoan. Muruetako ontziola, berriz, erakusketetarako lekua izango omen da nagusiki. Erakusketez gainera, baina, heziketa programak bultzatzeko lekuak, artistek lan egiteko tokiren bat eta artelanen kontserbaziorako tailerrak ere kokatuko omen dituzte bertan, beste kontu batzuen artean; baita jatetxe bat eta denda bat ere.

Bi eraikinak lotzeko, bide berde bat egingo omen dute. 6,5 kilometroko tartea dago bi horien artean, eta haren bueltan artelanak jartzeko aukera legokeela aurreratzen du planak. Zirriborroaren arabera, bi modu egongo dira museoak bisitatzeko: oinez, edo jasangarria den garraiobideren batean —trena, autobusa eta bizikleta—. Proiektuak zazpiehun bat lanpostu sortuko omen lituzkeela aurreikusten dute.

Guggenheimi bai diotenen arabera, ingurunea errespetatuko omen duen proiektua da: iraunkortasuna eta inguruarekiko zein ingurumenarekiko errespetuan oinarrituko omen dena.

Guggenheimi ez aldarrikatzen dutenen arabera, ostera, Euskal Autonomia Erkidegoko biosferaren erreserba bakarra da gune hori, baita euskal itsasbazterreko babestutako espazio baliotsuenetako bat ere. Eta gainera, eraikitzeko aukeratutako gunea bioaniztasuna babestea helburu duen Europako Natura 2000 sarearen barruan dago eta, jakina, eremu hau fauna espezien habitata da: dortokak, ur hegazti eta hegazti migratzaileak... Aldarrikatzen dute, halaber, proiektuak sortuko dituen kalteak itzulezinak izango direla...

Ukaezina da, bestalde, honelako egitasmo batek ekarriko duen turistifikazio masiboa eta berez babestu beharreko lur-eremuari kalte egingo diola, turismoa kontrolatu eta arautu ezean, jakina. Kalte linguistikoa ere badakarrela diote, gainbeheran dagoen gure hizkuntzaren erabilera minimizatu egingo duelakoan Urdaibaira letorkeen turista kopuruak. Bestalde, Dalia gernika-lumotarrentzat iraganaren gordeleku delako argudioaren harira, Gernika-Lumoko identitatearen erakusle omen da eraikin hau. Eta hau ezabatzeak herriaren historiaren zati bat pikutara botatzea suposatuko luke. Herriak badituela premia handiagoak aldarrikatzen dute, gainera, behar bezalako Kultur Etxe eta Liburutegi duinak alegia, bertoko eta gurea den kulturarekin zerikusia duten eraikinak; Daliako orubea eremu hobezina dela diote helburu hori betetzeko.

Argi dagoen gauza nabarmenetakoa da biek ala biek nahi dutela Urdaibain zerbait egin, zerbait eraiki eta sustatu, baina muturrekoak dira bataren eta bestearen asmoak.

Lehia edo borroka honetan bi aldeetako argudio-sorta indartsuena erakundeek dutela uste dut. Egitasmoa zentzuzkoa begitantzen zait. Ez dakit nik haien interesak herritarrenarekin bat egingo ote duen. Herritarrek zer nahi duten ere ez dago jakiterik, hauen irizpidea zein den jakiteko aukerarik ere emango ez zaielako. Politikari eta erakundeen asmoa beti izan da historian gogoratuak izatea burututako proiektu erraldoiak direla eta. Espero dezagun Urdabai eskualderako proiektatutako helburua denon onerako izatea, eta ez, gutxi batzuen praktika diruz hornitzeko helburuarekin egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.