Azkenean, Eusko Jaurlaritzak aurreikusi baino hobeak izan dira 2021 amaierako langabezia datuak. %10,3ko helburua jarri zuen, eta %9,9koa izan da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Puntu eta erdi jaitsi da urtebetean, baina pandemia aurrekotik gora dago oraindik, gerturatu arren; 2019 amaieran %9,5ekoa zen. Dena den, urte osoan erakutsitako beheranzko joera eten egin zen 2021eko azken hiruhilekoan, eta puntu bat igo zen. Baina ohikoa izaten da hori, uda amaitzearekin batera kontratu ugari eteten direlako, ostalaritzan bereziki. Bereziki sektore horri eragin diote birusaren aldaerengatik ezarritako neurri murriztaileek.
Kopuru totaletan, 14.900 langabe gutxiago daude: 104.700 guztira. Lurraldeka. 2020tik 2021era 0,6 puntu jaitsi da Araban, 1,3 Bizkaian, eta 1,5 Gipuzkoan.
Sexuaren arabera, bereziki gizonezkoan artean jaitsi da, bi puntu. Apalagoa izan da emakumeen artean, 0,4 baizik ez. Azken lauhilekoan andre gehiagok galdu dute lanpostua: udatik udazkenera, 8.000k (+%17,9); eta gizonen artean, 3.900ek (+% 8,1).
Ohi den moduan, adinak behera egin ahala, igo egiten da langabeen kopurua. Urte batetik bestera adin tarte guztietan jaitsi da langabeen kopurua, antzeko proportzioetan, bi eta hiru puntu artean.
Langabeziak behera egitearekin batera, gora egin du pertsona okupatuen kopuruak: iaz baino 17.800 gehiago daude lanean, eta 951.400 dira orotara. 2021ean etengabea izan da hazkundea okupazio tasan, baina laugarren hiruhilekoan behera egin du apur bat. Udatik udazkenera, murriztu egin da industrian (3.100 okupatu gutxiago, +%1,5) eta zerbitzuetan (1.100 gutxiago, +%0,2), baina handitu eraikuntzan (1.900 gehiago, +3,5). Lehen sektorean ez da kasik gorabeherarik izan.
Lan egiteko prest
Eustaten datuek erakusten dute iaz, hilabeteek aurrera egin ahala, lan merkatua suspertuz joan zela eta, horrekin batera, enplegu bat lortzeko itxaropenak ere handitu egin zirela lanik gabe zeudenen artean. Hala islatzen dute biztanleria aktiboaren emaitzek. Azken lau hilekoan, beste 12.000 pertsonak eman zuten izena Lanbideren enplegu bulegoetan. 2020tik, ugaritu egin dira aldi baterako kontratua dutenak (+9.600) eta baita kontratu mugagabea dutenak ere (+12.100). Landunen %82 soldatapekoak dira.
2021. urtean 17.800 enplegu sortu ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu