Erretiroa hartzeko adina beste bi hilabete atzeratuko da 2023an

Hego Euskal Herriko langileek denbora gehiago itxaron beharko dute erretiro aurreratua eta partziala jasotzeko. Pentsioak %8,5 handituko dira. Escrivak urtarrilerako utzi du bere erreforma

Erretiroa hartzeko adina beste bi hilabete atzeratuko da 2023an.
Iker Aranburu.
2022ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Pentsio sistemari buruzko erreformak bata besteari kateatzen zaizkio. Asteotan ari dira hurrengoak lotu nahian Jose Luis Escriva Espainiako Gizarte Segurantzako ministroa eta Elisabeth Borne Frantziakoa, eta batak zein besteak arazoak dituzte erreforma horiek babestuko dituztenak aurkitzeko. Baina hurrengo erreformak iritsi bitartean, progresiboki indarrean jartzen ari dira Espainiako sistemaren 2011ko erreforma eta 2021ekoa ere, eta horrek aldaketa batzuk ekarriko ditu Hego Euskal Herrian.

ERRETIROAREN ADINA
Beste bi hilabete atzeratuko da

2011n, Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernu sozialistak pentsio sistemaren erreforma bat bultzatu zuen, Europako Batasunaren eta finantza merkatuen presiopean, eta CiUren laguntzarekin onartu zuen. Haren helburua zen Gizarte Segurantzaren gastuak murriztea, erretiroaren adina 65 urtetik 67ra handituz, eta pentsio osoa jasotzeko epea hamabost urtetik 25era igoaraziz.

Progresiboki indarrean jarritako erreforma bat da. 2013tik hasita 2027ra arte, urtero bi hilabete atzeratzen ari da erretiroaren adin ofiziala. Aurten 66 urte eta bi hilabete izan dira, eta 2023an, berriz, 66 urte eta lau hilabete izango dira. 2027tik aurrera izango dira 67 urte.

Erreforma horrek aukera ematen du 65 urterekin erretiroa hartzeko, baina, horretarako, gutxienez kotizatu beharreko urteak handitzen ari dira. 2013an, gutxienez 35 urte eta hilabete behar ziren; 2023an, gutxienez 37 urte eta sei hilabete kotizatu beharko dute erretiroa 65 urtean hartu nahi dutenek; 2027tik aurrera, berriz, 38 urte eta sei hilabete izango dira.

KOTIZAZIO URTEAK
25 urte pentsioa kalkulatzeko

Zapateroren 2011ko erreformak handitu egin zuen pentsioa kalkulatzeko kontuan hartzen diren lan urteen kopurua: lan bizitzaren azken hamabost urteak ziren erreformaren aurretik, eta orduz gero handitu egin da. Aurtengo urtarriletik, Gizarte Segurantzari kotizatutako azken 25 urteak kontuan hartzen dira, eta horrela izango da hurrengo urteetan ere.

Ideia bati erantzuten dio kalkulurako urteak handitzeak: langileek beren lan bizitzaren azken urteetan jasotzen dituztela soldatarik handienak —enpresan gora egiten dutelako, antzinatasun sariak jasotzen dituztelako...—, eta, hortaz, pentsiorako aintzat hartzen diren urteak handitzeak pentsioaren zenbatekoa murrizten duela.

ESCRIVAREN ERREFORMA
Orain, 25; aurrerago, agian 28raino

Kotizazio urteak dira, hain zuzen ere, Espainiako Gobernuak esku artean duen erreformaren zutabeetako bat. Escriva ministroak Europako Batzordeari agindu zion kopurua handituko zuela, eta jada aurkeztu du bere plana: lan egindako azken 30 urteak hartuko dira kontuan, baina tarte horretan bi urterik okerrenak kendu ahal izango dira. Zehazki, kotizatu gabeko edo gutxi kotizatutako 24 hilabete kenduko dira 30 urteko kalkulutik.

Escrivak argudiatu du erreformak mesede egingo diela beren lan bizitzan etenak izandakoei, dela enplegua galdu dutelako, dela zaintzagatik beren lanaldia murriztu dutelako edo enplegua utzi dutelako. Horietako gehienak emakumeak direla nabarmendu du, eta gaineratu halako lan bizitza hautsiak gero eta ugariagoak direla.

Ministroak ziurtatu du erreformak «ondorio neutroa» izango duela: batzuei gutxituko diena konpentsatuko dela besteei handituko dienarekin. Baina sindikatuek auzitan jarri dute kalkulu hori, argi dutelako erreformaren helburua dela pentsioen zenbatekoa murriztea (edo asko ez handitzea), baby boom-aren belaunaldi handia erretiroa hartzen hasi den honetan.

Sindikatuen babesa lortu ala ez, erreformarekin aurrera egingo duela agindu du Escrivak, baina onartua izateko botoak lortu beharko ditu horretarako, eta oraindik ez ditu bermatuta. Gobernuaren barruan ere, kontra mintzatu dira UP Unidas Podemoseko kideak, eta zaila dirudi gobernuaren ohiko babesle guztien laguntza izatea.

Gobernuak urte amaierarako prest nahi zuen erreforma, baina, babesa jasotzeko arazoak dituela ikusita, ziur aski urtarrilera arte itxarongo du bere proiektua onartzeko.

EGUNERATZEA
%8,5 handituko dira

Duela urtebete onartutako Escrivaren pentsioen erreformaren lehen zatiak formula bat finkatu zuen pentsioak eguneratzeko: aurreko urteko Espainiako batez besteko inflazioaren arabera handituko dira; inflazioa negatiboa bada, ez dira aldatuko. Horrek esan nahi du urtarrilean %8,5 handituko direla pentsioak, hori izan baitzen batez besteko inflazioa 2021eko abendutik 2022ko azarora.

Formula horrek pentsiodunen mugimenduaren kexua eragin du, eta urte amaierako inflazioaren araberako eguneratzea eskatzen jarraitu dute. Urte jakin batzuetan aldea egoten da bien artean, baina epe luzeago batean ez da diferentzia handirik. Horrela, 2003-2022ko aldian, abenduko KPI metatua %43,4 izan da, eta azaroko batez besteko inflazio metatua, berriz, %44,4.

Eguneratzearekin, Hego Euskal Herriko batez besteko pentsioa 114 euro handituko da hilero, 1.336tik 1.450era. Batez besteko erretiro pentsioa, berriz, 128 euro igoko da, 1.638 euroraino. Alargunen batez besteko pentsioak lehen aldiz gaindituko du mila euroren muga, 1.013 euroraino.

Aurreko kopuru horietan bada salbuespen bat: Gizarte Segurantzari egin dioten ekarpenarengatik kotizaziopeko pentsio bat jasotzeko eskubidea ez dutenei %15 handituko dizkiete erretiro sariak. Milaka batzuk dira Hegoaldean, eta haien pentsioa txikiagoa izan ohi da, 400 euro ingurukoa.

ERRETIRO PARTZIALA
Bi hilabete gehiago itxaron beharko dute

Lanaldi erdiko enplegua eta pentsioa uztartzeko baldintzak gogortu egingo dira 2023an. Aurrerantzean, gutxienez 62 urte eta lau hilabete izan beharko ditu hori egin nahi duenak —aurten baino bi hilabete gehiago—, eta gutxienez 35 urte eta bederatzi hilabete kotizatuta beharko ditu hori egin nahi duenak —hiru hilabete gehiago—.

ERRETIRO AURRERATUA
64 urte eta lau hilabetera arte itxaron behar

Beren borondatez erretiro aurreratua hartu nahi dutenek 64 urte eta lau hilabetera arte itxaron beharko dute. Kaleratze baten ondorioz erretiratzen direnek, berriz, gutxienez 62 urte eta lau hilabete izan beharko dituzte. Baina azken erreformak gogortu egin du aldez aurretik erretiratzen direnek jasoko duten zigorra: bi urte lehenago erretiroa hartuz gero, %21 txikituko da pentsioa. Zigor hori gutxitu egiten da pentsioa atzeratuz gero. Kontrara, pentsioa erretiro adinaren ondorenera atzeratzen dutenen pentsioak handiagoak izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.