Barakaldoko eta Laudioko udal langileak ere oldarraldiaren aurka

Barakaldoko udal langileek atzo egindako elkarretaratzea. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Maixa Utrera Puelles.
Laudio
2023ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Euskararen aurkako oldarraldiaren aurka protesta egitera deitu dute Barakaldoko (Bizkaia) eta Laudioko (Araba) udal langileek, eta dei egin dute bihar, Bilbon, Kontseiluaren manifestazioan parte hartzera.

Eztabaidarako atea iaz ireki zen, Arabako Alea hedabideak Laudioko Udalaren aurka onartutako sententziaren berri eman zuenean. Hirugarren hizkuntza eskakizuna zegokion postu batean soilik lehen hizkuntza eskakizuna aurkeztu zuen bitarteko funtzionario bat kaleratu zuen 2020an udalak. 2021ean, ordea, Gasteizko epaile batek kaleratutako funtzionarioa berriro har zezala agindu zion udalari. Ez hori bakarrik, epaiaren arabera, langile ohiari kalte ordain bat eman beharko zion, hura «zigortzeagatik». Arrazoia? Euskara «munduko hizkuntza zailenetan bosgarrena» izatea. Iturria? Internet.

Helegitea jarri zion Laudioko Udalak epaiari, baina Irune Barrenengoa Laudioko udal langileak adierazi duenez, oraindik ez dakite ezer hari buruz, «bakarrik helegitea egina dagoela».

Laudiokoa, baina, ez da udalen hizkuntza eskakizunen aurka kaleratutako epai bakarra. Barakaldoko Udalaren lehiaketa publiko baten kontra egin zuen martxoan EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, hain zuzen. Azpikontratatutako zerbitzuetan gutxieneko euskara maila eskatzen zuen udalak, eta 2021ean lehiaketa publiko bat aurkeztu zuen. Baldintza gisa zuen lehiaketak gutxieneko maila egiaztatzea, baina CCOO sindikatuak eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak lehiaketaren aurka egin zuten. CCOOren iritziz, hizkuntza eskakizunik ez egoteak ez du lana «egoki» egitea galarazten, langile batzuek badakitelako euskaraz. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak herritar batek egindako kexarekin erantzun zion sindikatuari: Barakaldoko Retuertoko Kultur Etxean euskaraz artatu ahal izan zuen funtzionario bakarra zegoen, eta «euskaraz totelka eta gaizki hitz egiten zuen».

Barrenengoak adierazi du euskara «erasoak etengabe» jasotzen ari dela, eta biharko protestara joateko deia egin du: «Udal langileok ikusi dugu epaileek ez dutela bermatzen legeek esaten dutena. Are gehiago, uste dugu legeen eta euskararen aurka egiten dutela. Gu, aldiz, beti egongo gara euskararen alde. Hori aldarrikatuko dugu bihar».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.